“Poliziek edo medikuek grebara joko balute, kaosean murgilduko litzateke herrialde osoa. Aldiz, aktoreak balira greba egingo luketenak, inori ez litzaioke inporta izango”. Azalpen hori eman zuen noizbait Jerzy Grotowsky antzerki zuzendari poloniarrak, eta ez zaio arrazoirik falta azken hiru asteetako alarma egoera ikusita. Pandemiaren aurrean, osasun eta segurtasun neurriak areagotu dituzten bitartean, antzokietako ateak itxita daude behin-behinean, teloia jausita, hautsa hartzen.
“Apirileko guztia bertan behera laga dugu, eta ez daukagu segurantzarik noiz birkokatu dezakegun. Hain zuzen ere, ez dakigu noiz izango dugun berriro ere kalera ateratzeko aukera eta are gutxiago noiz hasiko diren areto itxietan jende pilaketak baimentzen. Arazo handiena hori da, azken finean”, azaldu du Zumaiako kultur teknikari Miriam Romatetek. “Gure aldetik, borondatea erabatekoa da, hitzartuta genituen hitzorduak beste data batean kokatzeko asmoa baitugu”. Maiatzeko lehen emanaldia hilaren 8an dute aurreikusita, eta Maiatza Dantzan egitasmoa ere prestatuta dute, baina ez daki gauza izango diren eskaintzeko. “Hau ez baitago gure esku”, azaldu du.
Teknikariak dio batzuekin kontratua dutela sinatuta eta beste batzuekin ahoz hitzartuta. baina ulertzen dute balio bera duela, eta konpromiso bat dagoela elkarren artean. “Denak daude zain, iristen diren mezuekin eta abarrekin. Gure aldetik babesa eskaintzen diegu, baina, momentu honetan, gure babesa da gure hitza, ezin dugu berme gehiagorik eman, guk ere ez dakigulako noiz ahal izango dugun normaltasunera itzuli”.
Itxialdi batetik bestera
Ainhoa Alberdi aktore zarauztarra Pantheon antzezlana estreinatu berritan harrapatu zuen itxialdiak; tartean, Iñigo Azpitarte aktore zarauztarra ere aritu da. “Ia hilabete bat neraman obra berriaren prozesuan erabat murgilduta. Pasai Donibaneko antzokian aritu ginen egunero sei ordu eta erdiz, astean behin atseden hartzen. Aurreestreinaldia martxoaren 6an eta 7an egin genuen, eta gero estreinaldi ofiziala DFerian, hilaren 10ean eta 11n. Hitzordu horien hurrengo egunean, ostegunean, jada esan zuten ostiraletik aurrera dena geldirik geratuko zela. Etxean geratuko ginela. Beraz, ni pasatu naiz teatroan konfinatuta egotetik nolabait etxean egotera”.
Antzezlana oso prozesu bizia izan zen, eta etxean egoteak aukera eman dio lasaitasun pixka bat berreskuratzeko, batetik, baina, bestetik, ohartzen da egindako lan guztia eten egin dela. “Nire sentipena da egindako guztia amets bat izan dela, hutsune moduko bat bailitzan. Hau benetan gertatu al da?”. Gainera, obra horren harira, burua kaskamotz utzi zuen Alberdik, Marga Altolagirre zuzendariak hala eskatuta. “Aurreko astean ispilura begiratzen nintzen, eta hori noiz gertatu zen galdetzen nion nire buruari”.
Patheon obraz gain, Mikel Antzaren testu bat lantzen ari zen Loraldirako, Erika Olaizola aktore azpeitiarrarekin batera. Pantheonekin emanaldiak bukatu eta ostegun goiz hartan (martxoak 12) entsegua zuten Modelo aretoan, eta jada bazegoen zurrumurrua. “Erikari jada ari zitzaizkien deika hitzartuta zeuzkan saioak bertan behera geratu zirela esateko. Ezin sinetsita geunden. Hurrengo egunean jakin genuen Loraldia ere bertan behera geratu zela, Modelo itxi egingo zutela, Alprojaren lokala ezingo zela erabili… Pixkanaka-pixkanaka erabateko geldialdia etorri zen”, gogora ekarri du.
Hiltzen ari den sentipena
Pantheonekin momentuz ez zuten emanaldi gehiagorik, baina DFeriatik igaro ondoren zerbait aterako zela espero zuten. «Nire sentsazioa da orain obra hiltzen ari dela», dio Alberdik: “Horrenbeste denbora eta diru inbertitu ondoren hor geratuko da. Beharbada, egoera honek bultzatuta ari naiz hori sentitzen. Baina ogibideko hainbat entzun ditut gaiari buruz hitz egiten, eta sentipena orokorra da”.
Aktore zarauztarrak hainbat lankideren esperientzia jarri du mahai gainean: “Ander Lipusek, Iñaki Ziarrustak eta horiek emanaldi pila bat zituzten orain, udaberrian, Zaldi Urdinarekin eta Kaskarotekin. Orduan, zer gertatzen da funtzio horiekin guztiekin? Eta zer gertatzen da kontratua duen jendearekin? Nola iritsi daiteke jende hori mimatzera une honetan, zu enpresa modura amildegira zoazenean? Nik enpresarik ez dut, ardurarik ez dut, baina errealitate hori hor dago, eta gaia potoloa da”.
Zumaiako kultur teknikariak badaki “beldurtuta” daudela. Bere esanetan, Euskal Herrian gehienak konpainia txikiak dira, eta «apustu bat egin eta bira bat prestatzen» dute. “Udaberrian data politak ateratzen dira, eta pentsa zenbat saio joan diren pikutara martxoan, apirilean eta, agian, baita maiatzean ere”. Alberdik esan du bere lanbideko kideen ustez udazkenera atzeratuko direla emanaldi asko. “Baina udazkenean ezingo zaio eskaera guztiari erantzun, ez da egongo datarik obra guztientzat. Zalantza handi bat dago hor airean”.
Konpainientzako antzokietako jarduna «beraien bizitza» dela nabarmendu du Romatetek. “Gu geu ezin gara kexatu, nahiz eta programazio oso bat lantzen duzun eta halako egoera batean sekulako frustrazioa sentitzen duzun”, arrazoitu du. Normalean, urte osoa edo gehiago izaten dute programatuta, eta konpainiek beharrezkoa dute hori, jakiteko obrarekin jarraitu dezaketen. “Azken finean, hitz egiten ari gara beraien inbertsio pertsonal eta ekonomikoari buruz”.
Hari batetik zintzilik bezala. Alberdik gogoeta egin du horren inguruan. “Gu ohituta gaude zalantzan eta ziurgabetasunean bizitzen, gure lanbidea den bezalakoa delako. Alde batetik, zoritxarrez, horrek erakusten duelako gure lanbidea prekarioa dela eta, bestetik, zorionez, une honetan mundu guztia dagoelako kinka horretan, eta gu ohituago gaude nolabait ere antsietate horrekin bizitzen”.