Koronabirusaren krisialdiak ekonomian gainbehera handia erakarriko duela diote adituek. Egoera horri aurre egin nahian, Zumaiako Udalak 1,5 milioiko diru poltsa sortzea erabaki du. Udalak dituen gerakinetatik bideratuko den diru horrekin, epe labur, ertain eta luzean herritarrek zein jarduera ekonomikoek behar dituzten laguntzak martxan jartzea, eta egoerarekin sortutako ezohiko gastuak estaltzea da helburua. Erabakia Zumaiako Udalean ordezkatuak dauden hiru alderdien (EH Bildu, EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin onartu da, eta lehenengo laguntzetarako deialdiak datozen asteotan egingo dira.
Diru poltsa bost arlotan erabiliko dutela iragarri du Udalak. Batetik, gizarte laguntzen aurrekontua indartuko du. Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik bideratzen dituzten laguntzen (DSBE, GLL eta Larrialdietarako laguntzak) aurrekontua indartuko dutela azaldu dute udal ordezkariek gaur goizean udaletxeko pleno aretoan egindako agerraldian. Horrekin lotuta, herriko etxe guztietan banatuko da laguntza hauen inguruko informazioa, baita horiek eskatzeko nora joan behar duten ere.
Elikadura, alokairua, hipoteka ordainketa edo oinarrizko beste gsatu batzuei aurre egiteko zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrei gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatu die udalak. Horretarako, 943-86 22 00 telefonora dei egin dezakete.
Enpresa txikiak eta autonomoak
COVID-19 gaitzaren ondorioz herriko enpresa eta jarduera txikiek izango dituzten galerak arintzea ere badu helburu laguntza lerro honek. Hamar langile arteko, eta urtean 9.000 eta milioi bat euro bitartean fakturatzen duten jarduera guztiek izango dute laguntza hau eskatzeko aukera, eta gehienez 2.000 euroko kopurua jasoko dute.
Udalaren esanetan, laguntza hau bateraezina izango da Lanbidek edo beste laguntza baliokideren batek autonomoei eta enpresaburu indibidualei emandako beste laguntzekin.
Zumaiako komertzioa eta ostalaritza laguntzeko asmoz, deskontu bonoen sistema jarriko da martxan. Herritarren ohituretan eragitea da kanpaina honen xedea, herriko dendetara joateko ohitura indartuta. Neurriak herriko dendetan zuzenean 450.000 eurorainoko inpaktu positiboa izan dezakeela uste du udalak.
Sektore honekin lotuta, komunikazio kanpaina lerro bat martxan jartzeko asmoa du Udalak, zumaiarron ohituretan eragiteko asmoz. Bertako denda txikien garrantziaz jabetzea eta zaintzea lortu nahi da kanpaina horren bidez.
Egoera berrira egokituko den kultur eskaintza berri eta indartsu bat lortzeko laguntzak ere izango dira. Online zein kalean formatu ezberdinetan egin daitezkeen kultur ekimenak indartzeko eskaintza sortu nahi du Udalak.
Udalak adierazi du, berez, Eusko Jaurlaritzari dagokiola neurri horietako batzuk hartzea. “Momentuz jaurlaritzak neurririk iragarri ez duenez, udalak Zumaian egoerari neurri horiek beregain hartzea erabaki du. Ondorioz, etorkizunean Eusko Jaurlaritzak antzeko neurriak iragarriko balitu, hartzaileak neurri horietara bideratuko lirateke, eta bikoiztu jasoko luketen laguntza udalari itzuli beharko liokete”, azaldu dute.
Beste 1,5 milioi gordeta Aldundiari bueltatzeko
COVID-19ak sortutako egoerari erantzuteko foro bat sortu dute Zumaiako Udalean. Hiru alderdietako ordezkariek, eta udal teknikariek parte hartzen dute bertan. Egindako lehen bileretan beste 1,5 milioi euro gordetzea erabaki zuten, Gipuzkoako Foru Funtsetik Zumaiako Udalaren aurrekontura iritsitako kopuruaren zati bat itzuli beharko dela aurreikusita.
Aldundiak jakitera eman duenez, ez dira beteko Foru Funtsaren kalkulua egin zenean zeuden zerga bilketako aurreikuspenak. Horren jakitun, lurraldeko udalek jasotako diruaren zati bat Funtsera itzuli beharra aurreikusten da, Zumaiaren kasuan, 1,5 milioi euro inguru. Udalak, bere egoera ekonomikoa aztertuta, eta “zuhurtziaz jokatuta”, diru kopuru hori gordetzea erabaki du.