Orduan bai

Mando baten gainean…

Imanol Azkue Ibarbia 2020ko mai. 5a, 09:18

“Errotakua” tabernaren kanpoaldean, XX. mendearen hasieran. Mercedes Urrestilla zerbitzari (argazkia: Zumaiako Udala).

Gaurkoan ibilaldi xelebre bat egingo dugu. Hasi, mahastietatik abiatuko gara; gero, taberna giroan murgilduko gara, edari kontuetan; eta bukatu, Itziar aldeko baserri batean amaituko dugu txangoa; batetik bestera, gainera, mando gainean ibiliko gara, Domingo Kanpaina bagina bezala, eta itsasontziak ere agertuko zaizkigu tartean.

Gaur egun mahasti gehienak galduta dauzkagu Zumaian, baina paper zaharretan begiratuta, sarritan aipatzen dira; garai batean, txakolin asko egiten zen, eta Ardantza auzoaren izena ere hortik omen dator. Hainbeste txakolin egingo zen, lehentasuna zeukan gainerako edarien aldean, eta Zumaiako Udalak urtero arautu egiten zuen haren prezioa; adibide gisa, aipu hau 1766koa da: “Que el vino chacolin se vendiese desde el dia onze del presente mes [noviembre] hasta el ultimo del proximo mes de Diziembre a veinte y dos quartos el azumbre[1]; y desde primero de Enero proximo venidero hasta que se hacave la cosecha del corriente año a veinte y quatro quartos el azumbre”[2]. Gainera, 1779an bi mahastizain izendatu zituzten: “para que ambos guarden todas las viñas de ella [la villa], a fin de que nadie urte uva de ellas, como ha sucedido en los años pasados”. Txakolinaz gain, ardoa eta sagardoa ere edaten zuten zumaiarrek, eta behin baino gehiagotan txakolingileek kexa azaldu zuten, marinelek Nafarroatik ardoa ekartzen zutelako, mandoen gainean; hauxe adibide bat: “los marineros de ella empiezan el abuso de traer vino Navarro por maior para beber entre ellos, en perjuicio grave de los cosecheros del lugar”[3]. Tabernariek San Andres egunera arte (azaroaren 30a) sal zezaketen Nafarroako ardoa, baina hortik aurrera ez.

Mandazainak (argazkia: Trutat funtsak, Internetetik hartua).

Orain bezala, lehen ere tabernan elkartzen ziren edateko zumaiarrak, eta XIX. mendearen erdialdean aurrerabidearen lehen zantzuak agertzen hasi ziren. 1844an, Jose Manuel Etxanizek eskuratu zuen enkantean taberna publikoaren ustiapena, eta kexa adierazi zion Udalari: “Los mareantes de este Puerto se han convenido sea como corporación ó en otra forma a no beber vino navarro, imponiendo al que contraviniere a esta disposición la expulsión de la lancha en que pesca, alegando ser el motivo para ello de que dicho artículo se trae en Barricas y no a lomo como se hacía anteriormente, que en retorno llevaban pescado; y que por lo tanto prevee el esponente que dicha disposición de los mareantes afectara sus intereses”[4]. Alegia, lehen ardoa tabernara mandazainek ekartzen zuten, mando gainean, eta arraina erosten zieten marinelei bueltako bidaian eramateko, baina tabernariak erabaki zuenetik ardoa barriketan eta gurdi bidez ekartzea, mandazainik ez zetorren, eta marinelek ezin zieten arraina saldu lehen bezala; horregatik, marinelek lobbya eratu eta presioa egin nahi izan zioten tabernariari lehenera bueltatzeko eta mandazainen bidez garraiatzeko ardoa. Aurrerago, San Telmo Marinelen Kofradiako buruak, azalpen zehatzagoa eman zuen, Udalari zuzendutako idatzi batean: likidoen gaineko arbitrio eta zergak marinelek ordaintzen zituztela batez ere, ardoaren kontsumitzaile nagusiak zirelako, eta karroetan ekartzen hasi zirenez, “resulta una muy notable diferencia en la estracción de la pesca, por la falta de concurrencia de arrieros, en daño palpable del gremio”, eta kofradiaburuak eskaera hau egin zion Udalari: “(…) que se sirva establecer por condición al tiempo que se causa el remate para el año inmediato, que la conducción del vino para el surtido de este Pueblo y de los transeúntes por el que se haya de ejecutar precisamente a lomos de caballerías y de ninguna manera y bajo pretexto alguno en carro”[5]. 1848an, Udalak men egin zuen: “Igualmente se acordó que la conducción de vino navarro se haga en lo sucesivo a lomo de caballerías y no en carros por los perjuicios que se irrogan a los mareantes de este puerto practicando en las últimas como el presente año”[6]. Aurrerabidea, ordea, sendo eta indartsu zetorren: laster bide berriak eta errepideak eraiki zituzten, eta mandazainen lehengo herri bide haiek sasiek eta sastrakek hartuko zituzten.

Urte batzuk geroago, 1885ean, ez zen geratuko mandazain askorik: “El Sr. Presidente [Nicolas Gurrutxaga] manifestó que por encargo conferido al mismo por la corporación, había adquirido un bocoy[7] de vino en San Sebastián con destino a la venta en la Alhóndiga pública y que había ordenado embarcasen en el lanchón María del Pilar que se hallaba despachado para esta [villa]”[8]: baina ez zen izango nahikoa, nonbait, lerro batzuk geroago beste hau baitago idatzita: “Acordaron también formar dos bocoyes de vino a cuenta de este municipio a Don Juan Martin Larraza de Guetaria, entendiendo que tanto esta adquisición como las anteriores son únicamente para subsanar la falta absoluta del vino en el pueblo que ha motivado muchas quejas”[9].

Marinelak eta ardoa mintzagai, ezinbestean ekarri behar hona Zumaian ere lehen esaten zen esaldi hura: “Ura balego, ardoa edango; baina urik ez dagoelako, ura edan behar”; alegia, itsasgorarekin itsasontzia moilara sartu eta lehorrera joateko aukera zeukaten, ardoa edatera, baina itsasbehera suertatuz gero, ezin moilara iritsi eta ahorako ura besterik ez…

Baso-mutillak liburuko pasartea

Mandazainak direla eta, pasadizo polit hau dakar Jose Manuel Arrizabalok Baso-mutillak liburuan[10]:

Beste gizon ospatsu bat bazan Itziar'en. Zozabarro'ko torero oien etxea baiño piska bat berago, erreka ondoan, Zubeltzu-torre izena duan baserria dago. An omen zan gizon aundi bat oso indartsua, nere aititak ezagutu zuana.

Garai artan, Naparroa'tik ardoa ekartzen omen zuten mandoetan artuta, lengo erri-bide zarretatik, karreterarik artean ez-ta.

Arrua-errekatik Itziar aldera oso bide txarra, lokatza-lekua. Mandazaia ba omen dator, bide orretatik zear, Itziar aldera, mandoak zaragiakin ardoz kargatuta; eta, Zubeltzu-torre'ko baserri orren aurrean, mando bat lokatzetan sartu ta geratu.

Zubeltzu indartsu ori an ari omen zan gurdia kargatzen etxe ondoan.

Mandazaiak deitu omen zion gizon indartsu orri: laguntzera joateko paborez, mandoa lokatzetan geratu zitzaiola-ta.

Joan omen zan da mandazaiak esan omen zion:

-Gaiñeko kargak kendu bearko lenengo!

Zubeltzu indartsu orrek:

-Ez! Dagoan bezela aterako det nik ori!

Prakak jaso omen zituan belaunetik gora, sartu omen zan lokatzetan, mandoari eldu omen zion tripa azpitik bizkarrarekin, da mandoa atera bere karga ta guzti.

Mandazaia gustora. Esan omen zion: Ontzi bat ekartzeko, ardoa egun artarako emango ziola naikoa-ta!

Baita ekarri ere lurrezko txarro aundi bat.

Mandazaiak dana bete. Orrela banatu omen ziran, biak gustora.

 

[1] Gutxi gorabehera, 2 litroko neurria.

[2] ZUA 69 (8V), 1766-11-02.

[3] ZUA 69 (188V), 1890-01-10.

[4] ZUA 71.06, 1844-02-01.

[5] ZUA 71.06, 1844-11-26.

[6] ZUA 71.08, 1848-11-12.

[7] Barrika handia.

[8] ZUA 2823 (132V), 1885-11-26

[9] ZUA 2823 (133), 1885-11-26

[10] ARRIZABALO, Jose Manuel eta ZAVALA, Antonio: BASO-MUTILLAK, Auspoa, Tolosa, 1979, 38. orrialdea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide