“Bat gehiago sentiarazi naute, hori asko eskertzen da, beldurrez zoazelako tailer batera, ea nola hartuko zaituzten, zer lan izango den…”. Irune Bernalek (Zumaia, 1999) bizi hitz egiten du bere esperientziaz, bai Lanbide Heziketako zikloak egiteari buruz, bai ondoren lantegian edukitako esperientziaz. Aurrean hiru solaskide eta kazetaria ditu, emakumea eta tailer mundua gai hartuta, mahai ingurua egiten ari direlako astearte arratsaldean Zumaian. Ikuslerik gabe ari dira, baina beren mezua lau haizeetara zabaltzeko asmo irmoarekin. Lucia Manzisidor (Zumaia, 1969) da solasaldian elkartu direnen lotura, Lanbide Heziketako irakaslea denez, ikasleen eta enpresen arteko zubilanak egiten baititu. Berak argi du emakumeek industriara sartu behar dutela. “Emakumeek lantegietan lan egitearen onurak azpimarratu nahi ditut”, azaldu du. Ikasgeletan emakumezko ikasle oso gutxi izaten ditu, eta hori eraldatu nahi luke.
Engranajes Juaristi lantegiko burua da Ana Belen Juaristi (Zarautz, 1960), eta azaldu du mahai inguruan parte hartu duela emakumeei eskaera egiteko: “Emakumeei ea non dauden galdetzera etorri naiz. Hemengo enpresek gustura kontratatuko genituzke emakumeak tailerrean lan egiteko, posible da, enpresak beste era batekoak dira gaur egun. Ea mahai inguru honen bidez, denon artean, lortzen dugun hori kontatzea eta transmititzea». Pilota emakumeen teilatuan al dagoen galdetuta, «baita ere», esan du zarauztarrak. «Badaude egiteko beste gauza batzuk ere, baina momentu honetan emakumeei posible dela esanez ari gara, hemen gaudela, hurbil, beste lan bat dela hau, eta tentatzen badu, etorri eta proba dezala”.
"Hemengo enpresek gustura kontratatuko genituzke emakumeak tailerrean lan egiteko, posible da, enpresak beste era batekoak dira gaur egun" – Ana Belen Juaristi
Manzisidorrek ere ikusten die interes hori enpresei. “Azken urteetan ikusten ari gara nahi berezi bat enpresen aldetik emakumeak erakartzeko. Baina falta zaiguna da gu geu ere animatzea; ez dugu ikusten emakume asko datorrenik ikasketa horiek egitera”. Horregatik, aurrematrikulazio garaian emakumezkoak animatzen saiatzen ari dira azken urteetan Manzisidor eta beste hainbat lagun.
Joan zen urtean, esaterako, Zumaiako Emakumeen Etxea izan zuten bidelagun. Aurten, koronabirusak eragindako egoerak eragotzi diete kanpaina normala egitea, baina espero dute mahai inguruan parte hartuta emakume batzuengana iristea eta batzuei bada ere interesa piztea.
Profil anitzeko emakumeak
Irakasleak azaldu du “nahiko bide erraza” dela Lanbide Heziketan zikloa egin, lantegian praktikak egin eta mundu horretan sartzea. Halaxe egin zuen, esaterako, Gema Marrerok (Getaria, 1978) orain urte batzuk, jada hamar urte zeramatzanean lan berean eta umeak ere bazituenean. Lana utzi, Lanbide Heziketako industria arloko ikasketak egin, eta praktikak egin zituen lantegian aritu zen lanean. Langabezian dago orain, eta lanik aurkitu ezean, irailean beste ziklo bat ikasten hasiko da. “Gehiago ikasteko gogoz gelditu nintzen bere garaian, zerbait hobea nahi nuen, eta horregatik utzi nuen lana eta mekanizazioa ikasten hasi nintzen, gustuko ditudalako muntaketa, ekoizpena… Bi seme-alaba ditut eta kostata atera nituen ikasketak, baina gustura”.
“Gehiago ikasteko gogoz gelditu nintzen bere garaian, zerbait hobea nahi nuen, eta horregatik utzi nuen lana eta mekanizazioa ikasten hasi nintzen, gustuko ditudalako muntaketa, ekoizpena…" – Gema Marrero
Bernalek, berriz, biologia eta teknologia aukeratu zituen DBHn, eta ondoren, laborategiko ikasketak egiten hasi zen, buruan fisioterapeuta edo erizain izatea baitzuen, baina argi eduki gabe, eta aurreneko bi asteetan ikusi zuen ez zitzaiola gustatzen. “Utzi egin nuen, eta amak esan zidan lehengusuek eta osabek tailerretan egiten zutela lan, emakumeak eskatzen zituztela eta lan pila bat zegoela, eta Oteitza Lizeoak antolatutako Emakumeak Enpresan hitzaldian izan nintzen. Handik Zumaiako GKN enpresa ikustera joan nintzen, gustatu zitzaidan, eta ikasketak egin nituen; ikasten eta praktiketan aritu naiz ikasturte honetan”. Koronabirusak plan guztiak hankaz gora jarri ditu, baina esku artean dauka titulua.
Lanbide Heziketako industria eta arlo teknologikoetako zikloetan emakumezko ikasle gutxi dago —ikus orri honetako datuen testua—, eta Manzisidorren ikastetxea ez da salbuespena. “Ziklo guztiak batuta, hamar ditugu. Profilari dagokionez, anitza da, baina gazte jende gutxi etortzen da, eta gehiago da Gemaren profila; emakume helduagoena”.
Harekin bat egiten du Juaristik, bere enpresara bisitan joaten direnak ikusita: “Ikusten duguna da emakumeek, jada adin batekin, beren bizimodua egituratzeko aukera gisa hartzen dutela tailerrean lan egitea. Beste gauza positibo bat da dualean ikasteko aukera dagoela”. Manzisidorrek azaldu du zertan datzan duala: “Azken urteetan bultzatu da formatu hori. Bi urteko ikasketak badira, aurreneko urtea normal egiten dute, baina bigarrenean, ikasketak praktikekin uztartzen dituzte. Batez ere, pertsona helduentzat oso erakargarria da hori, irailean eskolan hasi eta ekainean jada lanean daudelako”. Juaristik azpimarratu du ikasleek soldata jasotzen dutela. «Batzuetan soldata erdia izango da, lau ordura ari badira lanean, baina soldata erdi bat mekanikako konbenioan, ba… Horrekin badaukazu ikastea, lan egitea eta ikustea ea hori den nahi duzuna".
“Bisita batean ez da ikusten benetan nola funtzionatzen duen enpresa batek, edo nolakoa den egunerokotasuna. Nik GKNn egin dut duala, eta horrela ikusi dut nola funtzionatzen duen enpresa batek" – Irune Bernal
Hala gertatu zitzaion Bernali. “Bisita batean ez da ikusten benetan nola funtzionatzen duen enpresa batek, edo nolakoa den egunerokotasuna. Nik GKNn egin dut duala, eta horrela ikusi dut nola funtzionatzen duen enpresa batek. Esaterako, sentitu dut ahotsa neukala eta entzun egiten nindutela. Eta han konturatu naiz tailerrean nahi nuela lan egin, baina baita bulegoan ere. Ingenieritza ikastea da orain nire asmoa”. Dualak alde on pila bat dituela uste du Bernalek. Baita Marrerok ere. “Nik ikasi nuenean ez zegoen martxan duala, eta kristoren aukera iruditzen zait, ikasten ari zarena praktikan jarriz ikusten duzulako gustatzen zaizun ala ez”.
Bai Marrerok, bai Bernalek, esperientzia ona izan dute gizonezkoekin tailerrean lanean. “Ez zara ez gehiago ez gutxiago, beste bat gehiago zara. Esperientzia oso ona izan dut, mekanizazioaren eta industriaren munduan jarraitzea da nire asmoa”, esan du Marrerok.
Enpresak emakume bila
Iaz inguruko enpresetan izan zen Manzisidor, eta haren ustez, “merezi du herritarrek jakitea enpresa zehatz hauek prest daudela emakumeak hartzeko: Indaux, Okin, Siemens, GKN, Ondozabal, Korta eta Engranajes Juaristi”.
“Merezi du herritarrek jakitea enpresa zehatz hauek prest daudela emakumeak hartzeko: Indaux, Okin, Siemens, GKN, Ondozabal, Korta eta Engranajes Juaristi” – Lucia Manzisidor
Irakaslearen irudipena da iaz “diskriminazio positiboa” zegoela enpresetan, emakumeei lehentasuna emateko kontratatzerakoan. “Beharbada, kultura aldaketa dago, eta ikusten da tailerretan beharrezkoa dela emakumeen presentzia aniztasunean irabazteko, horrek on egingo diolako enpresaren jardunari. Hori sinesten dute”.
Juaristik azaldu du eskualdean era askotako enpresak daudela: “Mekanikako eta mekatronikako enpresa dezente daude, baina baita elektronikakoak eta egurrekoak ere. Produktu berri asko ere badaude, plastikoekin lotuta, esaterako. Zarautzen edo Zumaian ari dira fabrikatzen gauza batzuk hemen egiten direla pentsatu ere egingo ez genukeenak. Aktibitate dezente dago, eta aukera anitzak daude arlo teknologikoan, mekanikakoak eta bestelakoak”.
Dena den, koronabirusak ziurgabetasuna ekarri du enpresetara ere, eta horrek dualari eragin diezaiokeela uste du Juaristik. “Momentu berezia bizitzen ari gara, eta pentsatzen dut orain ikastetxeei kostatzen ariko zaiela ikasleentzat enpresak aurkitzea, denoi eragin digulako koronabirusak. Aktibitatea zeharo gelditu zenez, pixkanaka hasi gara, eta enpresentzat ez da erraza izango konpromisoak hartzea. Hori ere esan behar da”.
Etxean eta txikitatik hasita
Enpresek emakumeak nahi, baina emakumeek ez dituzte lanbide horiek nahi? Marrerok eta Bernalek onartu dute beren inguruan, lagun artean, esaterako, ez dutela oso ondo ulertzen beraiek egindako hautua. “Lagunei esan nienean non hasi behar nuen lanean, ez zuten ulertu. Ea lan normalik ez al zegoen galdetzen zidaten. Lantegietakoa lan txarra, zikina, arriskutsua… iruditzen zaiela uste dut, baina hori da ez dutelako ezagutzen benetan”, iritzi dio Marrerok.
Manzisidorrek ez daki zein den halako iritzi ezkorra edukitzearen arrazoia: “Lan baldintzak onak dira, ordutegi finkoa izan ohi da, erosoa, fisikoki esfortzu handirik egin beharrik ez dago…”. Marrerok arrazoia eman dio. “Indarrik eduki beharrik ez duzu, garabi eta tresna mordoa dagoelako”.
Laurek aipatu dute atzean rolak egon daitezkeela, txikitatik ikusitakoak eta ikasitakoak, eta hori aldatzea zaila dela deritzote. Mahai inguruko gazteenak, berriz, azpimarratu du lantegi batean lan egiteak ez duela esan nahi, adibidez, ezin duzunik itxura zaindu. “Lanera joateko jantzi egin behar dut, eta nik erabakiko dut txandalarekin edo fin jantzita joan, edo makillatuta eta azazkalak margotuta; azken horrek badu bere alde ona, olioak irrist egiten duelako azazkaletako margotik”, esan du umoretsu. Serio ere jarri da, ordea: “Norberak egin behar duen lana da hau, umeak hezi behar dituzunean. Ikeako altzari bat muntatu behar baduzu, zergatik ez duzu egingo zuk? Zergatik egin behar du aitak beti? Zeuk aldatu behar duzun gauza bat da, ez da klik batekin aldatuko inoren pentsaera”.
TELEBISTAN. Mahai ingurua gaur, ostirala, 22:00etan emango du Erlo Telebistak.
ZENBAKIAK
13.900. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 13.900 emakume ari ziren Lanbide Heziketako ikasketak egiten 2018-2019 ikasturtean.
%10. Horietatik guztietatik %10 bakarrik ari ziren arlo tekniko eta industrialei lotutako ikasketak egiten; hau da, ia 18.000 gizonezko, eta 1.776 emakumezko.
*Iturria: Teknopolis saioa (ETB)