Ohi bezala, atzera egingo dugu denboran, Zumaia sortu zen garaietara, 1347ra. Ordurako Getaria sortuta zegoen (1201ean), eta segituan hasi ziren sesioak bi herrion artean, Santiago inguruko lurren edo hondartzaren jabetza eta ibaiaren gaineko eskumena zirela eta; batzuetan kostata, baina lortu zituzten akordioak; adibidez, Santiagoko ermita Zumaiarena zela aitortu zuten, baita hondartzako landareak ere, baina inguruan zerbait eraiki nahi izanez gero, Getariaren baimena behar zen.
Itsas merkataritza indartu zenean, ordea, zumaiarrek trafikoa estuago kontrolatu nahi izan zuten, eta getariarrek esaten zuten eskubidea zeukatela ibaian gora eta behera ibiltzeko ezer ordaindu gabe; baina, azkenean, zumaiarren nahia nagusitu zen. Horren adibide, 1801ean, Oikian (Mantzizidorreko zubian) garia ontziratuta itsasoratzera zihoan getariarren itsasontzi bat geldiarazi zuten zumaiarrek, eta lizentziarik ez zeukanez, patroia eta bost marinelak preso hartu eta epaitu egin zituzten; hauxe lekuko baten deklarazioa: “su Patrón Francisco alias Pachi-chiqui, cuio apellido ignora, devia haver savido que eran indispensables las licencias y despachos asegurando la tornaguía”[1].
Itsasontzi asko ibiltzen ziren itsas merkataritzan, eta itsaso zakarrarekin Zumaiako barra txarra zenez, hondoratu ere egiten ziren. Horien hondakinak eta merkantziak, batzuetan, harraldera ere iristen ziren, eta non lehorreratzen ziren, eztabaidak izaten ziren horien gaineko eskubideak zirela eta; adibidez, 1790ean “barco venaquero vizcaíno” bat (burdin minerala zeramana) hondoratu zen barran, eta olatuek hondakinak Portutxikira (tunelaren ondora) eraman zituzten; zumaiarrak laguntzen ari zirenean, Getariako alkatea iritsi zen eta lanak eteteko agindu zuen, leku hura Getariako lurretan zegoela eta; zumaiarrek alde egin zuten, baina Getariako alkateak salbamenduan parte hartu zuten zumaiarren ondasunak bahitzeko eta kartzelan sartzeko agindu zuen; gero, epaitegietara jo zuten zumaiarrek[2].
XIX. mendearen amaiera aldera arte, bi herrion arteko muga nahiko garbi zegoen. Muga lerroa Karakas baserrien artetik (zaharra Zumaiarako, berria Getariarako) behera zetorren Zumentzura, eta hortik Laiaren (Pinturaetxearen) ondora, Zumaiegirako (Askizurako) aldaparen barrenera. Honela deskribatu zuen Juan Manuel Errazti lur neurtzaileak, 1841ean: “Primeramente declaro que el mojón divisorio de entre la Jurisdición de Azquisu y Zumaya, se halla en el extremo del arenal de Santiago al empesar la cuesta para aquella jurisdición”[3]. Gaur egun ere mugarri hautsi bat badago sastraka artean, aldaparen barrenean.
Urte askoan, Santiago ingurua gutxi aldatu zen, harik eta 1885ean Kostako errepidea egin zuten arte; orduan, lehen ia ezkutuan zegoen harraldea denen bistan geratu zen; horrela, 1897an, mugarriak ikuskatzean, getariarrek ez zuten onartu 1872an ontzat emandakoa, eta atzera elkartu egin behar izan zuten urtebete geroago, 1898an, lanak “a satisfacción de las dos partes”[4] egiteko. Urte batzuk geroago, 1910ean, Ignacio Zuloaga pintoreak orduko hondartzaren zati handiena enkantean erosi zuen, eta ingurua urbanizatu egin zuen: Santiagoetxea (edo Zuloagaetxea) eta beste etxe osagarri batzuk (Santa Luzia, San Antonio edo Jardineroetxea…) eraikitzeaz gain, zuhaitzak landatu zituen eta gaur egungo itxura eman zion. Paperetan, ez da inon ageri getariarrei baimena eskatzea edo haien oniritzirik.
Ingurua urbanizatzearekin batera, aldapa barreneko mugarria motz geratu zen, ordea, eta handik muga lerroa noizbait Maia ondoko haitz tentera luzatu zuten, eta haitz horren gainaldean dago gaur egun hormigoizko mugarri berria, Getaria aldera “G” eta Zumaia aldera “Z” handiekin. Lekuak Maia izena du barrenaldeko mahai itxurako harri zapal handiagatik, eta Erreketaitza ere deitzen zioten, hortik aritzen zelako arrantzan Erreketa, izen bereko Erribera kaleko tabernaren nagusia (gero Etxabe Kuarto). Azken mugarri horretatik aurrera, lehen ura besterik ez zegoen. Azken mugarria, ordea, ez dute beti onartu getariarrek; horren adibide, 1939an, Zumaiako eta Getariako ordezkariak elkartu zirenean mugarriak ikuskatzeko, hauxe jaso zuen topografoak: “No habiendo habido conformidad entre las Comisiones presentes, respecto a la situación de este mojón, ni en cuanto a la posesión de derecho ni a la de hecho, se deja sin describir, no habiéndose aceptado ninguna de las soluciones por el topógrafo que suscribe”[5]; bigarren mugarrian, Zumentzukoan, berriz, ados zeuden bi herriotako ordezkariak.
Zer gertatu da? XX. mendean zehar eta batez ere azken urteetan egindako lanen ondorioz (ibaiertzeko espigoia, barra handitzea eta luzatzea…), itsasoa urrutiratu eta hondartza handitu egin zaigula. Lehen, itsasgoran, olatuak batzuetan Zuloagaetxeko paretaraino ere iristen ziren, apenas geratzen zen hondarrik; orain, berriz, Erreketaitzetik Erdiko haitza bitarteko eremua (Portutxiki) hondartza da, eta itsasbeheran Arranaitzeraino iristen da hondarra. Azken mugarriaren gainetik begira jarrita, eta urik ez aurrealdean, motz geratzen da azken mugarria: norena da hondartza?
Erdiko haitzaren (tunelaren) parean bada mugarri itxurako bat, eta batzuek horixe jotzen dute mugarritzat, baina ondo begiratuz gero, hondartza aldera, ikusiko dugu ezetz, plaka bat daukalako, hauxe idatzita: “SERVICIO NACIONAL DE PESCA FLUVIAL à”; beraz, arrantzarako marka bat da, eta geziak (hondartza aldera) adierazten du norakoa.
Getariarrei urruti geratzen zaie Orroaga, eta zer esanik ez Santiagoko hondartza, eta azken urteotan, aisialdirako joera handitzearekin, hondartzaren gaineko jabetza edo eskumena norena den garbi ez badago, nork zaindu eta garbitu behar du ingurua, batez ere udan? Nork bultzatu eta onartu behar ditu konponketak eta txukunketak? Alkatea alkatearen atzetik eta asko saiatuagatik, auzia oraindik argitzeko eta erabakitzeko dago. Azken ahalegina 2017an izan zen, Santiagon azken obrak egin behar zirenean; horrela, Zumaiako eta Getariako udalek 50 urterako hitzarmena sinatu zuten; horren arabera, Getariak bere eskumenei uko egin gabe, Zumaiaren esku utzi zuen ohiko zerbitzuak eta gastuak gestionatzea: mantentzea, estolderia, sorospena, zaborra… Bi udalek, gainera, eskatu zioten Aldundiari gaia behin betiko erabakitzeko, eta horretan gaude[6].
Beraz, laburbilduz, Aldundiak erabaki bitartean, Santiagoko hondartza inguruan, ezin esan seguru non bukatzen den Zumaia eta non hasten den Getaria, mugarria bista-bistan egonagatik; igual, zorte pixka batekin, oraingoan Arranaitz parerainoko terrenoa geureganatuko dugu…
Oharra: norbaitek interesik izanez gero Zumaiaren mugak eta mugarriak egun bakarrean ezagutzeko, aurten ere ondo bidean Mugarrien Ibilbidea egingo dugu, Palankamugarrin hasi eta Santiagoko azken mugarrian amaitu.
[1] Zumaiako Udal Artxiboa, 223.09, 1801-03-26.
[2] Xehetasun gehiago, hemen: Lourdes Odriozola, ZUMAIA HISTORIA, 70-71. orrialdeak.
[3] Zumaiako Udal Artxiboa, 66. kutxa.
[4] Zumaiako Udal Artxiboa, 2828 (7), 1898-08-11.
[5] Gipuzkoako Foru Aldundia, Trabajos topográficos, 1940. Zumaiako eta Getariako arteko akta, 1939-08-21ean.
[6] Baleike.eus: “Getariako eta Zumaiako Udalek Santiago hondartzari buruzko elkarlankidetza-hitzarmena onartu dute”, 2017-08-14.