Hauteskundeetako balorazioak: Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ) eta Esti Elduaien (EH Bildu)

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 14a, 10:01

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Urola Kostan indarrak parekatuta gelditu dira EAJren eta EH Bilduren artean. 172 botoren aldea bakarrik egon da bi alderdi nagusien artean. Igandeko emaitzez balorazioa eskatu die Hitzak zumaiarrari eta azpeitiarrari.

“Datozen urte zailetan Euskadi zutik jartzeko baliatuko dugu boto bakoitza”

Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJko legebiltzarkidea)

“Hauteskundeen inguruko balorazioa egitean, hauxe da funtsezkoena: Eusko Alderdi Jeltzaleak irabazi egin duela. Erronka handia geneukan, lurralde historiko bakoitzean jarleku bat gehiago geureganatzea, eta lortu dugu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan legebiltzarkide bana eskuratu eta 28tik 31ra igaro gara.

Egia da parte hartzea inkestek ziotena baino gehiago jaitsi dela, eta horrek eragin egin digula. Baina, hala ere, lortu dugu.

Nahiko argi geratzen da ez dugula beste inolako alderdik galdutakoa geureganatu. Baten batzuk tematuta daude PPk galdutako botoek EAJra jo dutela esan eta esan, baina ez da hala izan. Are gehiago, zera esatera ausartuko nintzateke: EH Bilduren azken egunetako estrategia ‘eraginkorraren’ ondorioz izan dela, neurri batean; EAJrena den zenbait boto desaktibatzea lortu dute COVID-19aren beldurra astinduz, beraien botoa aktibatzeko ahalegin bikoitza egin duten bitartean. Horrekin batera, aurreko asteetako zenbait inkestak, agian, EAJri emaitza onegiak azalduz, beste boto batzuk lokartuarazi dituelakoan gaude, dena egintzat joz. (…) Edonola ere, ondo lortu dugu erronka gainditzea eta oso pozik gaude.

Emaitzen arabera, beste balorazio bat ere egin daiteke: Legebiltzarrean indar abertzaleek sekula izan dugun gehiengorik handiena lortu dugu, %70. (…).

Bestetik, ezin uler daiteke nolatan Euskadin bizi diren 17.000 lagunek Voxen botoa aukeratu duten. Bakarra ere gehiegi da.

Eskualdeari dagokionez, gauzak ez dira gehiegi aldatu. Argi dago Elkarrekin Podemos, orokorrean, hustu egin dela. Eta zenbait lekutan oso nabarmen geratu da, Zumaian adibidez, EH Bildu eta Podemos ontzi komunikatzaileak direla: batek galdutakoa besteak irabazi du. Gure herrietan EAJren aldeko botoa eman duen herritar bakoitzari hauxe esango nioke: datozen urte zail hauetan Euskadi zutik jartzeko baliatuko dugula boto bakoitza. Ez da erraza izango, baina, zailtasunak zailtasun, lortuko dugu”.

“Aldaketa ez da egun batetik bestera gertatuko, baina hasi da, eta ez du atzera bueltarik”

Esti Elduaien (EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea)

“Guretzat, Urola Kostako EH Bildurentzat, emaitzak oso-oso onak izan dira, bikainak, hazi den alderdi bakarra garelako, botoek erakutsi dutelako alternatiba bakarrenetarikoa gu garela. Bailarako datuak ikusita, ezkerretik eta feminismotik, eta benetan elkarlanetik, bailara eraldatzen joateko aukera gara. Alde horretatik, emaitzen balorazio oso ona egiten dugu. Eskualdeko datuek erakusten dute duela lau urte EAJk 1.935 botoren aldea ateratzen zigula, eta orain, 172rena bakarrik. Datu horiek erakusten dute gu hazten ari garela eta hazten jarraituko dugula; hau joera bat baino gehiago da eta sendotzen ari da, are gehiago, abstentzioa hain indartsua izan den momentu batean eta ezohiko egoera batean. Alde horretatik, baikorrak gara jendeak eman digun babesa dela eta.

Herrika begiratzen hasita, sendotu egin gara Azpeitian, Zumaian, Getarian, Orion, Zestoan, Errezilen, Aizarnazabalen eta Beizaman. Alegia, eskualdeko zortzi herritan lehen indarra izaten jarraitzen dugu, eta gainera, botoetan gora egin dugu. Bigarren indarra izan garen herrietan ere hazi egin gara eta gora goaz, nabarmen. Aian hemezortzi botora bakarrik gelditu gara, Azkoitiko hazkundea ere esanguratsua izan da, eta Zarautzen ere gora egin dugu. Era berean, nabarmendu nahi dut, gu gora egiten ari garen bezala, EAJ behera ari dela egiten. Babesa galtzen ari dira beraiek, eta gu indartzen ari gara.

EAEn, beste horrenbeste: herritarrek ikusi dute aldaketarako alternatiba bakarra eta erreminta eraginkorrena EH Bildu dela. Aldaketa ez da egun batetik bestera emango, baina aldaketa hasi da, eta honek ez dauka atzera bueltarik”. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide