Zulotik zulora, hor barrukoa zein da?

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2020ko uzt. 19a, 10:00

Begiak ondo irekita harraldetik txango bat eginez gero, erraz konturatuko gara zenbait harri eta arroka zuloz beteta agertzen direla. Horiek hizpide, artikulu honetan higadura biologikoaz eta bizidun batzuen jarduerak sortutako estrukturez hitz egingo dugu. Hain zuzen ere, hainbat bibalbiok, belakik, anelido poliketok eta itsas trikuk sortutako higadura formez. Gonzalo Torrek ekaineko aldizkarirako idatzitako erreportajea webgunean irakur daiteke orain.

Udaberriaren hasieran sare sozialen bitartez jarraitzaile batek kontsulta bat helarazi zigun: kostaldetik paseoan zebilela eta argazkian azaltzen den harria bezalako bat aurkitu zuela. Hura ikusirik, zalantzak izan zituen estruktura bitxi hori animalia batek edo higadurak eragindakoa ote zen. Eta, sinesgaitza bada ere, erantzuna salomonikoa da: harri horren itxura deigarriaren erantzule animalia batek egindako higaduraren ondorio da.


Harraldean aurkitutako harria.

Argazkikoa harri baten gainean erosioak izandako ondorio txikia besterik ez da, baina organismo endolitikoek –arroka barruan bizi direnek– itsasertzeko urradura plataformetan eragindako eraldatze maila oso handia da eta sarritan erregistro fosilean antzematen da. Adibidez, estruktura hark sortutako iknofosilak –bizidun batek utzitako arrastoaren fosila da iknofosila– Gastrochaenolita du izena.

Gruyere batek baino zulo gehiago
Gure jarraitzaileak topatutako gruyere gazta itxurako harria Lithophaga generoko molusku bibalbio batek lagatako arrastoa da. Bibalbioak bi kuskuren artean gorputza gordetzen duten moluskuak dira, hala nola, muskuluak, txirlak, ostrak edo berberetxoak.


Lithophaga generoko 1898. urteko ilustrazioa (South African Museum eta Biodiversity Heritage Library).

Animalia honen izen zientifikoak aditzera ematen duenez (lithos = harria eta faguētón = janaria), molusku harri irenslea da, baina ez da harriaz elikatzen; beste bibalbio guztiak bezala, organismo filtratzaileak direlako.

Bibalbio litofagoek substratu gogorretan hondeatzen dituzte gordelekuak eta bizitza osoan irauten dute bertan. Zulaketa egiteko orduan erabilitako tresnak mekanikoak edo kimikoak izan daitezke. Hala, zulaketa kimikoa kaltzio ioiak “bahitzen” dituzten agente batzuk jariatuz egiten da. Horregatik, karezko substratuetan baino ez da gertatzen, kaltzitaz zementatutako hareharriak eta dolomiak barne. Aldiz, metodo mekanikoak muskuluen mugimenduetan eta kuskuek arrokan eragiten duten marruskaduran oinarritzen dira.


Bibalbio litofagoak gordelekuan (Jiří Novák).

Askotan, bi kuskuak zuloaren barruan geratzen dira, baita animalia hil ondoren ere. Horrek harria zulatu duen molusku mota identifikatzen laguntzen du. Gainera, gordelekua hutsik geratzen denean, beste animalia batzuek betetzen dute hutsunea eta euren bizileku bihurtzen dute.

Lithophaga generoko bibalbioak arruntak dira gure kostaldean, baina ur epelagoetan egoteko joera duten espezieak dira. Mediterraneoan, adibidez, itsas datila (Lithophaga litophaga) bizi da, handiagoa da eta antzinatik oso estimatua izan da giza kontsumorako. Alabaina, animaliak arroketatik erauzteko perkusio tresnak erabili behar dira eta, itsas datilen harrapaketaren ondoren, zenbait tokitan itsasoko ekosistema harritsua erabat higatuta eta itsas bizitzarik gabe geratu da.

Arrautza ontzi itxurako putzuak Ostarrenak ugariak dira klima epeleko uharrietan eta, modu susmagarrian, harriaren barruko haien neurrira egindako zuloetan gordetzen dira. Hala, ekinodermo hauez betetako putzuek arrautza ontzi baten itxura hartzen dute. Denbora luzez, zientzialariek lubakitxo horiek ostarrenek egindakoak ote diren galdetu diote euren buruei, eta azkenaldi honetan teoria hori baieztatzeko modua izan dute.


Ezkerreko gisako zuloetan gordeta, etsaiez eta olatuez babestea errazagoa da.

Horretarako, laborategian kostaldeko harkaitzetako putzuen baldintzak simulatu dituzte eta ostarrenek zuloak egiteko hortzak erabiltzen dituztela ikusi dute. Harri motaren arabera, uharriak zulatzeko ahalmena ezberdina da. Esaterako, materiala hareharria bada, animalia urtebeteko epean 32 gramo harri kentzeko gai da eta 5 urteren buruan ale bakoitzak tamaina ertaineko zuloa egin dezake. Harri mota granitoa bada, berriz, zuloa egiteko abiadura asko murrizten da, eta tamaina bereko zuloa egin ahal izateko 100 urte behar izaten dira.

Hondar ale ertainez osatuta daude hareharrietan, ostarrenen harria hondeatzeko ahalmena ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, urteko eta hektareako ia 200 tona sedimentu sor ditzakete.


Aristotelesen linterna (Haeckelen marrazki batetik moldatuta).

Esan bezala, ostarrenek zuloak egiteko hortzak erabiltzen dituzte eta hortz horiek ekinodermo guztiek duten Aristotelesen linterna izeneko estrukturaren atalak dira. Aparatu hori muskuluz, tendoiez eta pieza artikulatuez osatuta dago, eta, besteak beste, ekinodermoek janaria mastekatzeko erabiltzen dute. Jateari uzten diotenean, ostarrenek bizilekua zulatzeko erabiltzen dituzte kaltzitaz osatutako hortz gogor horiek. Kaltzita apenas higatzen omen da karraskatze lan horretan eta ingeniariek begiak josita dituzte erreminta eta pieza mekaniko zorrotzak diseinatu ahal izateko.

Itsaslabarretan ere, zuloak
Puntu honetara helduta, baten batek itsaslabarretan agertzen diren beste zulo batzuk izango ditu buruan. Izan ere, San Telmo ermitatik hasten den bidetik aurrera, flyscharen geruza asko eta asko zuloz beteta agertzen dira. Zuloak zilindro itxurako laginak ateratzearen ondorioak dira eta arrokek barnean gordetako informazioa lortzeko eginikoak dira. Baina, zein dira harkaitz pusketa batetik atera daitezkeen datuak?


Laginak ateratzeko zuloak.

Bada, besteak beste, zilindro horiek arroken inguruko ikerketa kimikoak egiteko eta sedimentuekin batera gordeta dauden mikrofosilak aztertzeko erabiltzen dira. Baina, batez ere, laginak arroka horiek eratzeko momentuan Lurraren eremu magnetikoaren orientazioa ikertzeko erabiltzen dira, Lurraren poloak ez baitira beti toki berean egon. Hortaz, mineral magnetikoen orientazioa aldatu egiten da eta erregistro fosilean gordeta geratzen da.

Orduan, noizbehinka polo magnetikoak tokiz aldatu dira? Bai, baina horrek gure gaurko helburua gainditzen du eta azalpenak beste baterako utziko ditugu. Hala ere, interesa baduzu, Geoparkearen webgunean zalantzak argitzeko informazio osagarria aurkituko duzu (geoparkea.eus).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide