Noiz eta nolatan hasi zinen arraunean?
13 urte nituela hasi nintzen arraunean, infantilen bigarren urtean. Ikastolako eskolartekoak amaitu eta zerbait berria probatzeko gogoa sartu zitzaidan. Horrela, lagun batekin aurkezpen bilerara joatea otu zitzaidan, eta orain arte.
Zergatik Zumaian?
Erosotasuna eta erraztasuna izan ziren Zumaian hasteko arrazoi nagusiak. Izan ere, Zumaia da arrauna egiteko gertuen gelditzen zaidan herria. Eta gertutasunarekin batera, garraioak ere garrantzi handia du niretzat. Izan ere, oraindik ez dut kotxerik eta Zumaiara arazorik gabe irits naiteke autobusez.
Zenbat urte daramatzazu Zumaian?
Aurten laugarren denboraldia egingo dut Telmo Deun arraun elkartean, baina lehen taldearekin lehiatzen dudan lehen urtea da. Infantil eta kadete mailan jokatu izan dut azken urteotan, batel estropadetan.
Une gogoangarririk bizi izan al duzu orain arte?
Momentu honetan zerbait azpimarratu beharko banu 2018an Legution (Araba) jokaturiko Euskadiko Txapelketa esango nuke. Ez taldekideok, ez inork, ez genuen espero txapelketa hura irabaztea. Ezusteko handia izan zen, eta gogoan edukitzeko modukoa da lorpena.
Gustura al zaude lehen taldera jauzia egin duzulako?
Egia esan, asko kostatu zitzaidan arraunean jarraitu ala ez erabakitzea. Baina behin erabakia hartuta, garbi nuen indartsu hasiko nintzela. Izan ere, traineruan egoteak asko eskatzen du, sakrifikatu samarra da. Dena den, nahiz eta asko kentzen duen, asko ematen du. Hori horrela, hartutako erabakiaz ez naiz damutzen, eta oso gustura nago momentu honetan.
Azpeitiar bat baino gehiago hasi zineten Zumaiako taldean. Gaur egun zuk bakarrik segitzen al duzu?
Bai, hala da. Nirekin batera beste bi azpeitiar ere hasi ziren, baina momentu honetan nesken traineruko azpeitiar bakarra naiz. Hala eta guztiz, badira Zumaiako Arraun Elkartean dabiltzan azpeitiar gaztetxoagoak.
Taldeko kide gazteenetarikoa zara, ezta?
Bai, horrela da. Jubeniletako lehenengo urtean trainerura pasatu behar izaten dugu neskok, eta nik halaxe egin dut, beste taldekide batekin batera. 16 urtetik 40 urte ingurura bitarteko kideak gaude taldean. Ederra da adin eta herri desberdinetako jendea taldean izatea.
Berria zara talde horretan. Nabaritzen al da hori?
Noski nabaritzen dela. Aurten hasi naiz traineruan, lau urte besterik ez daramatzat arraunean eta oraindik asko dut ikasteko. Taldean badira urte asko daramatzan eta arraunaz asko dakien jendea. Horiengandik ikastean saiatzen naiz, nik ere gauzak ahalik eta ondoen egin ahal izateko.
Oraintsu hasi duzue denboraldia. Zer moduz?
Uztailaren 11n jokatu genuen ETE Ligako lehen estropada, eta bertan bigarren postua eskuratu genuen. Oso pozik gelditu ginen eginikoarekin, baina sekulako amorrua ere izan genuen. Izan ere, bandera ia eskuetan izan genuen. Lehenengoarengandik lau millarenetara soilik gelditu ginen.
Denboraldia prestatzeko nola moldatu zarete? Izan ere, koronabirusaren kontuarekin…
Oso-oso gogorra izan da konfinamentua arraunlariontzat. Etxean, ergometroarekin, entrenatu behar izan dugu asteko sei egunetan. Taldean uretan entrenatzetik bakarrik gela baten barruan entrenatzera pasatu ginen. Hala ere, gogorrena ezjakintasuna zen; indartsu jarraitzen genuen entrenatzen denboraldia egingo al zen jakin gabe. Hori psikologikoki oso gogorra eta nekagarria egin zitzaidan.
Zer aurreikuspen dituzu aurtengo denboraldirako?
Denboraldi honetan, ohorezko txandan egotea eta onenen arteko lehia horretan aritzea dira helburu nagusiak, ahalik eta bandera gehien etxera ekarriz.
Zer lorpen duzu jomugan?
Aipatutako moduan, deboraldian postu onenak lortzen saiatuko gara, igoera fasera sailkatzea lortzeko eta hurrengo denboraldian Euskotren Ligan lehiatzeko helburua ardatz harturik.
Erakartzen zaituen zer du arraunak?
Bi faktore garrantzitsuenak kirola bera eta talde kontzeptua direla esango nuke. Izan ere, uretara edo itsasora irtetzea gauza ederra da, disfrutatu egiten da. Bestalde, taldeak duen garrantzia aipatuko nuke, arrauna zerbait bada, taldeko kirola delako. Taldean lehiatzeak eta gure artean halako giro ona izateak indar izugarria ematen du.