Merkataritza eta dendak beharrezkoak dira herriek bizirik iraungo badute, baina iraganean murgilduta, apenas daukagun berririk horien gainean. Ez da harritzekoa: dendak ohiko bizimoduaren parte ziren, egunerokoak, eta zerbait berezia (lapurreta, istripua, iskanbila…) gertatu ezean, dendak ez ziren inon aipatzen, kontu jakinak edo ezagunak zirelako. Horren adibide bat da 1816ko hau: Josefa Antonia Olaizola Patxikaandienekoak denda zeukan Goiko plazan, udaletxearen ondoan, eta hori dakigu dendan lapurreta egin ziotelako eta ustezko lapurrak Ordizian atxilotu zituztelako; epaiketa[1] egin zuten, eta horri esker dakigu dendan zer saltzen zuten (telak, zapatak eta abar), jeneroa erosteaz Maria Barbara alaba gaztea arduratu ohi zela eta salgaiak Bilbotik edo Baionatik ekartzen zituela, Zumaiatik itsasontziz joanda, gaztelaniaz edo frantsesez jakin gabe, erosi ere.
Denda mota asko daude, baina funtsean bi multzotan sailka daitezke: finkoak edo egonkorrak, beti leku berean egoten direnak, jeneralean udal azokan edo etxabeetan; eta ibiltariak edo jarri eta kendu egiten zirenak, tokiz alda zitezkeenak. Bi negozio eredu, biak elkarren osagarriak, baina batzuetan ez zen erraza biak bateratzea, are zailagoa batzuen irabazia besteen galera zenean. Bi denda moten arteko lehia etengabea izan da beti, gehienetan herriko udal azokaren barruan edo inguruan, etxeetan hozkailuak sartu arte azoka izan zelako herriaren bihotza eta sozializatzeko gune nagusietako bat. Duela 50 urte arte azoka borborka egoten zen goizetan, herritarrek (gehienetan emakumeek) egunero egiten zituztelako erosketak: esnea, barazkiak, arraina, haragia…
Udal agirietan begiratuta, maiz aitatzen da “regatonería” hitza, hau da, handizka erositakoa txikizka saltzea, eta “revendedora” deitzen diete horretan aritzen zirenei, hau da, emakumezkoak aritzen ziren, batez ere: 1881ean, “Se trató sobre la conveniencia de prohibir a las vendedoras de frutos y demás artículos del mercado la venta al por mayor a las revendedoras por perjudicar con esto al público y se acordó que se prohibiera la venta a las revendedoras hasta las siete de la mañana el verano y ocho de la mañana en invierno”[2]. Kanpotarrak etortzen ziren saltzera, adibidez, 1876an: “quejándose amargamente de los marchantes que vienen a esta villa con tanta frecuencia, estableciendo sus tiendas en los sitios públicos de esta villa, los cuales perjudican notablemente a los de su clase de esta población”[3]. 1911n, Juan Olaizolak eta beste tela saltzaile batzuek idatzia sartu zuten udaletxean: “les irroga graves perjuicios el que los agentes o dependientes de comercio vendan géneros al detalle al visitar los domicilios y talleres de esta localidad”[4]. Garai batean, normala zen kalean lan egitea, etxeko atarian, eta 1907an Udalak arautu egin nahi izan zuen; horrela, kalean lan egin nahi zutenek “deberán solicitar del Ayuntamiento la cuantía de metros de terreno que deseen ocupar”[5], kanona ordainarazteko. Paperetan, behin eta berriz azaltzen dira antzeko eskaerak, eta Udalak nola ezartzen zituen arauak, debekuak, baldintzak, zergak eta abar, betiere bi alderdiren arteko oreka aurkitu nahian: bertakoa babestu, zaindu, iraunarazi, baina, aldi berean, kanpotik zetorrenari uko ez egin, onerako bazen.
XX. mendearen hasieran, Zumaia handitzearekin batera, azoka txiki geratzen ari zitzaien herriko saltzaileei. 1910ean, Udalak arautu egin zituen azokako postuen neurriak, eta han zer saltzen zen ere azaltzen da: berdura, janariak, kinkila eta abar. 1919an, herriko hogei merkatarik idatzia sartu zuten udaletxean, azokaren egoera zela eta: “no llena ni los fines ni las necesidades de la actual población de Zumaya, que además de resultar de pequeñas dimensiones para el objeto, no tienen sitio cubierto donde guarecerse en los días lluviosos la gente que viene al mercado”[6]. Zenbait saiakeraren ondoren, 1932an Udalak aintzat hartu zuen eskaera hura eta azoka estalia egin zuen, baina kexu zen merkatarien erantzun hotzarekin: “no ha respondido ni remotamente a lo que se podía esperar de tanta persona que se decía tan interesada en estas obras, puesto que tan solo han sido suscritas obligaciones por dos comerciantes, en cantidad mínima de una y dos obligaciones respectivamente”[7].
Azokan, besteak beste, arrain saltzaileak ere bazeuden; 1915ean, Udalak debekatu egin zien azokan jartzea, eta batzuek eskatu zuten “se sirva autorizar la venta de pescado llamado frito que no tenga necesidad de desollar ni quitar las tripas en la referida plaza del mercado”[8], eta lortu ere egin zuten. 1922ko beste dokumentu batean azokaren ordutegi goiztiarra azalduko digute; idatzi bat sartu zuten herriko fresquerek (orain ere emakumezkoek) edo arrain freskoa saltzen zutenek: “solicitando que el mercado de la mañana, no dé comienzo hasta la hora de las siete o siete y cuarto, por cuanto se le irrogan grandes perjuicios tal y como se celebra en la actualidad dicho mercado, por llegar el pescado después de las siete y media y para esta hora se ha terminado el susodicho mercado”[9]. Udala behartuta zegoen dendetako salgaien kalitatea bermatzera eta salgaiak ikuskatu egiten zituen; horrela, 1876an, olio aizundu edo adulteratua saltzen zela eta, Udalak aerometro bat erosi zuen, likidoen dentsitatea neurtzeko; Gerraren ondoren ere, baserritar batzuk salatu zituen, esneak ez zeukalako behar adinako kalitatea (edo esneari zerbait botatzeagatik, ugaltzeko).
Normalean, dendari bakoitzak bere negozioa eta merkatua zorrotz zaintzen zuen, eta okerrik edo mehatxurik ikusiz gero, salatu. 1934an, bi fruta saltzailek (emakumek) eskaera bat egin zuten: “Desde hace algún tiempo a esta parte, venimos observando una gran merma en nuestros ingresos del comercio de frutería que ambas tenemos en esta villa, ello es debido a que suelen pasar por la villa vendedores ambulantes de naranjas que vendiendo al por menor nos perjudican en nuestra venta”[10], eta eskatzen zuten salmenta ibiltaria debekatzeko, Zarautzen halaxe egin zutela eta. 1884an, Manuel Zubia harakina kexu zen, Ameriketatik ekarritako haragia (“tasajo” edo zezina, haragi lehortua eta gatzatua) zeukatelako salgai beste bi harakinek (Telesforo Urruzunok eta Francisco Odriozolak). Harakinak aitatu ditugunez, ekar dezagun 1935eko kontu bat: herriko harakinek baimena eskatu zuten matantza jaiegunetan ere egiteko, haragiak galdu egiten zuelako kalitatea egun batetik bestera, eta haragia “artículo de primera necesidad” zenez, igandeetan harategiak zabaldu nahi zituzten. Etorri zen Gerra, ordea, “behar-beharrezko lehengaiak” beste batzuek ziruditen, gabezia eta eskasia nagusi zenean: 1939an, herriko bizarginek idatzia sartu zuten udaletxean, “solicitando se les provea del alcohol necesario para la desinfección de los útiles de barbería”; eta 1944an, herriko pelukeroek (maskulinoan) baimena eskatu zuten igandeetan zabaldu ahal izateko, baita Udalak eman ere.
Publizitatea edo iragarkiak egitea nahikoa kontu berria da, baina badaude bitxikeria politak lehengo paperen artean. 1904an, Florentino Elosuk baimena eskatu zuen “Mutual Life” aseguruen publizitatea egiteko: “ha solicitado autorización verbal para colocar un cartel de anuncio en los pórticos de la plaza”; Udalak baietz erantzun zion, eta horrelako iragarkiak onartzea erabaki zuten, “siempre que sean aceptables, pero con la condición de que satisfagan 5 pesetas anuales”[11]. 1935ean, berriz, herriko merkatariek idatzia sartu zuten udaletxean, azaltzeko kanpotarrak zer onuragarriak ziren herrirako, eta komeni zela gure herriaren berri ematea irratiaren bidez, beste herri batzuek (Hondarribiak, Zarautzek…) egiten zuten bezala; Unión Radio San Sebastiánen egin behar zen iragarkia, 500 hitz hileko, eta 1.100 pezeta inguru balio zuen; Udalak erabaki zuen 700 pezeta ematea.
Azkenik, hona hemen kalean saltzen aritzen zirenen beste pare bat adibide: 1911n, Víctor Ariasek idatzia sartu zuen udaletxean, gaztaina erreen postua jarri kalean eta salatu egin zuelako txaperoen buruak, “y como quiera que en las grandes capitales como San Sebastián y otros se tolera y se establecen esta clase de puestos, desea saber si es justa la denuncia hecha”[12]; 1917an, berriz, Antonio Cárdenasek baimena eskatu zuen igandeetan, jaiegunetan eta egun berezietan, “establecerse con su hornillo y confeccionar churros”[13] Amaiako plaza eta Arbustain artean.
Goiko kalea eta plaza ez dira lehengoak, bistan da, ezta gure erosteko ohiturak eta bizimodua ere, baina gauza ederra etxetik kalera jaitsi eta asko urrutiratu gabe erosketak egin ahal izatea.
[1] Zumaiako Udal Artxiboa, 224.02: “Autos de oficio formado por la justicia ordinaria de la misma por el robo de una tienda”.
[2] ZUA 73.02 (120), 1881-07-21.
[3] ZUA 73.02 (45), 1876-12-19.
[4] ZUA 2835 (11), 1911-01-25.
[5] ZUA 2832 (423), 1907-05-02.
[6] ZUA 2843 (47), 1919-11-15.
[7] ZUA 2850 (59V), 1932-10-07.
[8] ZUA 2839 (423), 1915-06-24.
[9] ZUA 2844 (75V), 1922-07-13.
[10] ZUA 2851 (116V), 1934-06-15.
[11] ZUA 2831 (58V), 1904-03-24.
[12] ZUA 2835, 1911-02-03.
[13] ZUA 2841 (101V), 1917-07-12.