Osasun krisiak sei hilabete

Antxon Etxeberria: "Itxialdiak oso garbi utzi du eskolak presentziala izan behar duela"

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 27a, 09:30

Sei hilabete bete dira koronabirusaren izurriteak mundua kolpetik irauli zuenetik. BALEIKE elkarrizketa sorta bat ari da egiten, hainbat esparrutako herritarrek izandako bizipenak biltzeko. Antxon Etxeberria Zumaiako Herri Eskolako Haur eta Lehen Hezkuntzako zuzendaria konfinamenduan bizitakoaz eta aurrera begirako erronkez aritu da.

Ikasturtearen erdian iritsi zen koronabirusa Euskal Herrira. Nola eragin zuen ikastetxeko egunerokoan? Ezustean harrapatu gintuen. Egun batetik bestera, eskola presentziala alde batera utzi, eta eskola etxetik eskaintzera pasa ginen. Baliabide digitalak erabiltzen genituen, baina ez modu horretan. Konfinamendua ezarri eta hurrengo egunean zikloka bildu ginen eta gutxieneko batzuk adostu genituen. Horrela abiatu ginen, eta bidean egokitzapenak eta zuzenketak egin behar izan genituen. Guretzat ere irakaspena izan zen. 

Nola egokitu behar izan zineten egoerara eta zuen egitekora?
Googlek eskaintzen dituen hezkuntza aplikazioak erabiltzen genituen eskolan, batez ere goi-zikloan, eta poliki-poliki beste zikloetan ere txertatzen joan ginen. Ikasleak trebatu behar izan genituen, baita irakasle batzuk ere. Egunerokoan, baliabide digitalak erabiltzen hain ohituta ez zeuden irakasleak bazeuden eta gutxieneko batzuk zerrendatu genituen. Ikasleen adinaren arabera ere, lanketa ezberdina izan zen. Lehen Hezkuntzako goi zikloko ikasleekin etengabeko kontaktua izan genuen, eta beste zikloetan kontaktua ez zen hain zuzenekoa izan, baina saiatu ginen lotura mantentzen.

Haur Hezkuntzako haurrekin eguneroko kontaktua beste era batera antolatu genuen. Irakasleek grabatutako bideoekin aritu ginen eta tarteka etxeetara deitzen genuen, ea zer moduz zeuden jakiteko. Familiekin ere kontaktuan izan ginen, eta bidali genien galdetegi baten bitartez jaso genituen erantzunak aztertu eta gero, moldaketak egin genituen. Bukatzeko, aipatu beharra dago, etxe guztietan egoera ez zela berdina. Baliabide digitelekin etxe batzuetan zailtasunak izan zituzten eta eskolan genituen ordenagailuak mailegatu genituen, Zumaiako Udalak ere interneteko konexioak jarri zituen etxe batzuetan,... 


Ikasleek ere egokitu beharra izan zuten. Zer nolako eragina izan dezake krisialdi honek ikaste prozesuan? Eta egoera psikologiko eta emozionalean?
Itxialdiak oso garbi utzi zigun eskolak presentziala izan behar duela, bai edo bai. Gure adin tartean behintzat eskolarekin dagoen kontaktu zuzen hori ezinbestekoa da, eta ez bakarrik akademikoki aurrera egin behar dutelako, baizik eta emozionalki ere haurrek lagunekin eta eskolak eskaintzen dizkien bizipenekin lotura izan behar dutelako. 

Itxialdia, helduentzat zein haurrentzat gogorra izan zen. Hasieran aukera bat bezala ikusi genuen. Familiak, elkarrekin, ekintza ezberdinak partekatzen hasi ginen, eta ederra izan zen, baina egoera luzatzen joan zen heinean zailtasunak agerian gelditu ziren. Beti jarri dugu indarra ikasleen egoera emozionalaren lanketan, baina aurten alderdi hori indartu behar dugu. Hala ere, hasieran esan dudan bezala, ikasleak pozik eta alai ikusten ditugu, eta horrek aurrera egiteko indarra ematen digu. 

Ikasturte berriari ekin diozue. Nolakoa ari da izaten?
Ekin diogu eta gogoz ekin diogu. Irakasleok irrikitan geunden haurrak eskolan ikusteko eta ikasleak ere, hala dirudi, oso pozik etorri dira. Hala ere, zalantza asko ditugu. Lehendabiziko gorabeherak izan ditugu, eta egunetik egunera, guretzat berriak diren intzidentziak kudeatzen nahiko lan badugu. Ahalegin handia izaten ari da, eskola handi batean nukleoak bereiztea eta besteekin kontaktua kontrolatzea. Kasu positiboak izan ditugu, baina talde nukleotik haratago ez dira iritsi, eta badirudi estrategiak arrakasta izan duela. Bestalde, kontingentzia-plana prestatu behar izan genuen eta eskolako espazioak egokitu behar izan ditugu. Jolastokiak, jangela,... Alderdi pedagogikoan ere aldaketak egin behar izan ditugu eta honek ere kezkatzen gaitu. Haur Hezkuntzan, azken urtetan, hain baliogarria izan zaigun Mugimendu Autonomoaren pedagogia egokitu behar izan dugu, eta goiko mailetan ere martxan genituen bestelako egitasmo batzuk ere etenaldia izan dute. 

Nolakoak izango dira datozen hilabeteak?
Orokorrean, egoera nola dagoen ikusita, orain arte bezala ibiliko garela uste dut. Gabonak bitartean behintzat antzeko ibiliko gara. Hilabete pasa da eta dagoeneko gauza asko ikasi ditugu. Hobetzeko gauza asko daude eta etengabeko moldaketak egiten ari gara. Denon, eskolaren, familien eta Udalaren, elkarlana izango da egoera hobetzera eramango gaituena, baina aipatu beharra dago baliabideak behar ditugula. Adibidez, jangelan langile gehiago behar ditugu eta segurtasun eta babes neurriak bermatzeko baliabide tekniko gehiago behar ditugu, halanola, gelak, maskarillak, desinfekziorako produktuak, manparak,... 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide