Krisia eta pandemia: balorazio bat
Gure bizimodua zalantzan jartzera eta desafiatzera etorri da. Bizitzeko eta habitat berri batera moldatzeko dugun gaitasun proba bat izan da, erlazionatzeko ditugun mekanismoen muina aldatzekoa. Gizarteko hainbat eta hainbat arlori eragin dio, eta behartu gaitu mekanismo berriak aurkitzera hezkuntza eta lan prozesuetan, esaterako.
Etorkizunari begira, ardura eta elkartasuna izango dira gure gizartearen oinarri, baita gure demokrazia kolektibo eta banakakoarenak ere. Uste dut, herri bezala, ari garela gizatasun, pazientzia eta ardura lezioa ematen.
Hausnarketa
Hain miretsia den Tony Judt-ek jakintsuki esan zuen bezala, denok behar ditugu, berekoietan berekoienak ere bai, kostuak beste herritarrokin partekatu behar diren zerbitzuak. Merkatuetan inoiz ez da automatikoki sortzen konfiantzarik, kooperaziorik edo elkarrekintzarik denon onurarako.
Bere Estatuaren ehun edo egitura suntsitzen duen gizarte oro–denon zergekin eta zerbitzu publikoekin eusten dena–berehala desegiten da banakakotasunean. Eta orain bizitzen ari garen guztiak gizarte pedagogia berri bat erakutsiko digu: benetako balioen zentzua sustatu behar da, orain arte bazirudielako benetan garrantzitsua zen bakarra kontsumoa zela; kontsumo itsu eta emozionala, banakakotasun hedonista batean zimenduetan oinarritua.
Herritar gisa ardura kolektiboa erakutsi dezagun eskatzen digute agintariek COVID-19ari aurre egiteko. Ardura kolektibo horren indarra soilik santzioen beldurrean sustatu al daiteke? Funtzionatuko al luke gomendio sistema batek, aginduzko obligazio sistemaren ordez (zeina ez betetzeak multak dakartzan)? Hain barneratuta al daukagu funtzionamendu hori? Posible al da ardura kolektiboa indartzea, horretarako autoritarismoa eta beldurra erabili gabe? Gizarte bezala prest al gaude horretarako?
Hezkuntza eta unibertsitatea
Aurreko krisiek utzi zituzten hainbat ondorio kaltegarri. Horietako bat izan zen sistemari berehala etekinen bat ematen ez zion orok zirudiela kondenatuta sakrifikatu eta aurrekontu murrizketen ondorioak jasatera. Denon artean, arrisku horretatik babestu behar ditugu hezkuntza, zientzia eta ikerkuntza.
Gure gizartearen erritmoa orainaren eta iragankortasunaren kultura tiranikoak markatzen zuen, eta beharrezkoa da horren ordez gailentzea zientziaren komunikazioaren eta dibulgazioaren garrantzia aintzat hartzen dituen sistema bat. Hau da, kontzientzia hartu behar dugu zeinen garrantzitsua den zientzia gure egunerokoan, ekonomiaren garapenean eta gizarte ongizatean. Zientziak daukan dimentsio sozialaz kultura eta ikuskera berri bat sortu behar da.
BPG-k (Barne Produktu Gordina) kezkatzen gaitu, noski: enpresetatik gizarte aberastasuna sortu behar da, dudarik gabe; baina, horrekin batera, gure gizarte kohesioa neurtzeko beste irizpide batzuk ere nabarmendu behar dira, besteak beste ondorengo faktoreak kontuan hartuta: aukera berdintasuna, birbanaketa, pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako borroka, eta eskubideen babesa eta egonkortasuna.
Eta politika? Politikak ezin du bizitza publikoaren gobernantza atrakzio-parke bihurtu garai honetan gizartean kezkak, zalantzak, arrisku globalak, eta ezagutzen ez ziren erronken aurrean erantzun faltak daudenean. Herritarren gehiengoak kudeatzaile politikariei eskatzen diena da saia daitezela kolektiboki zibilizatzen etorkizun zalantzati hori beren erabakiei eman diezaietela segurtasun eta zehaztasun pixka bat, finka ditzatela bizikidetzarako beharrezkoak diren oinarrizko adostasun batzuk, atxiki daitezela errealitatera, beren sen politikoak lor dezan hobetzea gizarte ongizate eta lasaitasun maila.
Etorkizuna
Nolakoa izango da biharko mundua? Nola zehaztu hausnarketa estrategikorako linea batzuk, irudikatzeko, gizarte iparrorratz modura, zer bide jarraitu? Gizartea bizitzen ari den shock egoera honen aurrean, soilik etorkizun hurbilekoan konfiantza edukitzeak balioko du gizartearen motorra gripatu ez dadin. Ez dugu ezagutzen etorkizuna, dakigun bakarra da ez duela orainaren antzik edukiko. Herritar bezala denok buruan darabilgun galdera nagusia da ea nola kudeatu behar dugun ezjakintasun hori.
Halako esperientzia politiko eta sozial bat, hain muturrekoa eta gainera ezustekoa, ez da ahazten belaunaldi batean.
Krisi hirukoitz honek (osasunekoa, ekonomikoa eta soziala) lagundu behar digu horretaz hausnartzen: konplikatuena da egin eta hausnartu, biak ia aldi berean egin beharko ditugula, pandemia osteko testuingurua oso gogorra izaten ari delako eta izango delako, katartikoa gizarteari eta ekonomiari dagokionez, eta erronka honek eskatzen ditu akordio handiak, gizarte eta politika adostasun handiak. Horretarako prest al gaude?
Ongizate Estatua indartu behar da, eta bere helburuen hierarkia egokitu errealitate berrira funtsezko hainbat gaitan: publiko-pribatu elkarlanean, komunitate estrategietan gizarte zibilak eduki behar duen paperean, nahiz enfasia jarriz birbanaketan, jasangarritasuna bermatzeko bide gisa. Ea maila emateko moduan gauden belaunaldien arteko erronka handi honen aurrean.