Orduan bai

Hau da edari zoragarria…

Imanol Azkue Ibarbia 2020ko urr. 18a, 10:00

Etxabe Kuarto tabernan, lagun kuadrilla (argazkia: Javier Carballok utzia).

Batzuek gogoan izango dituzue Xarrenekoa, Cantábrico, Astonekoa, Kaiola, Anduja… Denboran atzerago joanda, ordea, beste zer taberna zeuden Zumaian? Gaur tabernatik tabernara joango gara, ia-ia txikiteoan, eta zenbait pasadizo kontatu bitartean, Maria Jesus, bihotzekoa, bete hamaseigarrena.

Tabernak edariak eta janariak kontsumitzeko lekuak dira, baina gurean batez ere elkartzeko guneak dira, sozializatzekoak. Betidanik egon dira, eta horien arrastoak aspalditik aurki daitezke dokumentuetan. Horrela, badakigu 1800ean bi ostatu eta bost taberna zeudela Zumaian, eta 1869an hiru kafe (sei mahairekin eta 62 jarlekurekin) eta lau taberna (lau mahairekin eta 70 jarlekurekin). Baina paperotan ez dago jasota zer taberna edo kafe ziren, nola izena zuten, eta gehienetan azaltzen dira gertakari bereziren bat zela medio, askotan borrokak edo istiluak, eta horien ondoriozko epaiketei esker dakigu hor zeudela.

Horrela, 1801eko santelmoetan, Ascensio Gurrutxaga oikiarra eta lagun batzuk Zumaiara etorri ziren, txanalean ibaian behera, arratsaldea pasatzera, eta Maria Josefa Mendizabal eta Francisca Uranga ama-alabek zeramaten herriko tabernan sartu ziren; tabernaren goiko solairura igota, edaten hasi orduko abisatu zien etxekoandreak zumaiar batzuk “okasioa” edo liskarra prestatzen ari zirela, lehendik konpondu gabe zeuzkaten kontu batzuengatik (Zarautzen harrapatutako azken balea zela eta), eta aholkatu zien lehenbailehen alde egiteko; alferrik, ordea, egurtu egin zuten-eta Ascensio[1]. Kale Nagusian, bada etxe bat “Tabernakoa” izenekoa, 10. zenbakia daukana, eta litekeena da han gertatzea.

“Tabernakoa” etxea, Kale Nagusian.

Urte batzuk geroago, 1863an, Andres Balentziagaren tabernan, Joaquin Olaizola zurrutean eta gaizki esaka ari omen zen herriko bake epaileaz, eta hara non sartu zen tabernan bake epailea bera, Pedro Txapartegi; baten batek esan omen zion Joaquini ez zela ausartuko lehen esandako guztiak epailearen aurrean esaten; Joaquin ausartu, eta kristorenak esan omen zizkion, baita epaileak salatu ere[2].

1879an, istilu handia izan zen Sebastian Aristondoren tabernan. Epaiketan azaltzen denez, Benito Eizagirrek atea ixteko trangarekin jo zuen Pedro Txapartegi, soldaduskako kupoa ez ordaintzeagatik. Bada, gainera, bitxikeria bat: tabernaren nagusiak, Aristondok, ez zekien gaztelaniaz, eta ez zituen ulertu Eizagirrek eta Txapartegik elkarri esandako batzuk, erdaraz egin zutelako”[3].

Narkis Balentziaga arroarraren “Sagardotegia” koadroak Anade elkartea akordaraziko digu (Ismael Manterolak utzia).

1887an, mikeleteen sarjentuaren emaztea sagardo bila jaitsi zen gauean Erribera kaleko sagardotegira (seguru asko, gaur egun Anade elkartea dagoen lekura); han zeudenetako batzuek komeni ez zen zerbait esan eta emakumeak bati belarrondokoa eman zion; orduan istiluak izan ziren, are handiagoak senarra (sarjentua) sagardotegira sartu zenean, emaztea iraindu zutenak atxilotzera[4].

Epaiketak alde batera utzita, esan daiteke tabernak ugaritzen hasi zirela gurean batez ere XIX. mendearen amaieran; Udala haiek estuago hartzen hasi zen, baimenak eskatzen eta baldintzak zorrozten eta gogortzen; hainbeste zeuden (1885ean 16 laguni eman zieten baimena), 1892an Udalak erabaki zuen aldi batean irekiera-baimen gehiago ez ematea. Gainera, tabernak espazio publikoa hartzen ere hasi ziren: 1899an, Josefa Teresa Etxabek baimena eskatu zuen Moilako espaloietan mahaiak eta aulkiak jartzeko, eta hura kontu berria zenez, Udalak erabaki zuen galdetzea Donostian nola jokatzen zuten. Udala behin eta berriz ahalegindu zen tabernen jarduera arautzen, haiek betetzen ez ziren seinale: kanpoaldean nolako errotuluak, edariak zenbatean saldu, espazio publikoaren okupazioa, ixteko ordutegia… Azken horri dagokionez, hauxe 1878ko erabakia: neguan, 21:00etan, eta udaran, 22:00etan; eskerrak gero zabaldu egin zuten, ezta? Bitxikeria gisa, urte askotan Udalak tabernak itxiarazi egiten zituen jaiegunetan elizkizunak zeuden bitartean, eta pilotan jokatzea ere debekatu egiten zuen meza amaitu arte.

Tabernen ondoan edo barruan, tabernariek bestelakoak jartzen zituzten bezeroen entretenigarri eta gozagarri; horrela, 1907an, Miguel Aginagaldek baimena eskatu zuen “juego de la rana” eta toka jartzeko tabernaren kanpoaldean, Erribera 11n, baina Udalak ukatu egin zion: “por considerar no ser culto ni conveniente el autorizar esta clase de espectáculos en las vías públicas y terrenos del común”[5]; bola jokoak jarri zituzten beste tabernari batzuek Beheko plazan eta San Telmo kalean; gainera, zenbaitek musika edo organilloa jarri zuten eta prest zeuden zegokiena ordaintzeko; adibidez, Hotel Centraleko arrutitarrek 500 pezeta ordaintzen zituzten urteko, 1921ean. Baina, gehienetan, erraztasunak baino gehiago trabak izaten ziren horrelakoak jartzeko, batik bat agintarien moral estuarengatik, eta garai batean, tradizionalistak ez ezik, nazionalistak ere musika berritzaile haren aurka zeuden; adibidez, 1917an, Trueba zinegotzi nazionalistak salaketa egin zuen udaletxean, Miguel Ibarraren tabernan organilloa zegoelako eta dantza egiten zutelako; 1945ean, berriz, parrokoak, urtero bezala hondartzetako “dezentzia” eta moralitatea tentuz zaintzeko eskatzearekin batera, Udalari eskatu zion “se vigile las actuaciones de los Artistas que actúan en público o en los locales de los Bares y Tabernas para corregir las extralimitaciones que pudieran producirse”[6]. 1942an, Jose Uribek eta Luis Unanuek baimena eskatu zioten Udalari Etxabe Kuarto tabernan kinielak egiteko, eta Udalak erantzun zien hori ez zela bere eskumenekoa. Azken adibide bat: 1947an, Astoneko tabernaren nagusiari baimena eman zion Udalak gramola bozgorailudun bat jartzeko.

“Gau Txori” sagardotegia, Jadarren. Auzoaren izena aldatu ere egin zuen garai batean (argazkia: Gontxal Torrek utzia).

Auzoetan ere baziren tabernak (Oikian, adibidez, Txortengoa, Beheko Errementarikoa Txabola…), eta oso garrantzitsuak ziren auzotarrak elkartzeko. Hain zuzen ere, 1909an Diputazioak itxi egin zuen Artadiko taberna, eta han bizi zirenak kexu ziren erabakiarekin, ez zeukatelako non ospatu bataio, ezkontza, hileta eta abar, eta gazteek Zumaiara jaitsi behar zutelako eta berandu iristen zirelako etxera bide arriskutsuetan barrena.

Taberna eta tabernari batzuen berri izateko, oso arrasto lagungarria da hamaiketakoen edo otorduen fakturak aztertzea; adibidez, honelakoak: “Fueron leídas y aprobadas las facturas siguientes: de casa Erreketa de Pts 29,85 y Pts 81,90 por suministro de amaiketakos y comidas a los componentes de la Junta del censo electoral”[7]; nolako agintariak eta gastuak, faktura gehiago edo gutxiago daude, eta bereziki aipagarria Victoriano Arrate alkateak 1931n hartutako erabakia: “propone que se supriman en absoluto, desde este momento, las refacciones o ‘amaiketakos’ que han venido haciendo las corporaciones anteriores”[8].

Hondartzetako kantinak ere ez dira gaur goizekoak. 1923an, Luis Martinez Kleiserrek (Hotel Amaya eraikiarazi zuenak) eskaera egin zuen Itzurunen kantina jartzeko, mahaiekin eta aulkiekin, baita Udalak onartu ere: hartzen zuen metro koadro bakoitzeko 20 zentimo eskatu zizkion; gero, Antonio Goikoetxeak eskuratu zuen kantina, eta hark utzitakoan, 1936an, Rafaela Aizpuruak.

Tabernariak eta dendariak elkarren osagarriak dira, baina baita lehiakide ere, eta horren adibide batzuk badauzkagu. 1944an, tabernari batzuek idatzi bat sartu zuten udaletxean: “que viniendo sufriendo constantemente una competencia con varios industriales [dendariak] vecinos de esta villa los cuales se dedican a la venta de vino a cualquier hora del día haciendo la venta como si se tratase de un Bar, colocándose por tal motivo en situación más ventajosa y perjudicando enormemente a los firmantes”[9]. Kontrakoa ere gertatu zen, ordea: Juana Aiastui Gastesik baimena eskatu zuen 1945ean, “para vender vino al ‘chiquiteo’, durante ocho días a partir del día ocho del corriente mes [santelmoetan] en su establecimiento de ultramarinos sito en esta villa y su calle del Puerto nº 8 bajo”[10]. Horren ondoan (Puerto kaleko 6 zenbakian) eskatu zuen taberna zabaltzeko baimena Alberto Esnal Toledok, 1945ean, eta handik gertu “Bar-ambigú” bat jartzeko baimena luistarrek, 1946an, Zentro Parrokialean.

Zumaiako liberalak Faustoren tabernaren aurrealdean (argazkia: Zumaiako Udala).

Azkenik, bereziki azpimarratzekoak ziren elkargune politiko eta sindikalak, taberna bezala ere funtzionatzen zutenak. Horietatik nabarmenena Fausto Zarautzen (eta gero Eloy semearen) taberna, gaur egun Pulpo elkartea dagoen horretan, hurrenez hurren hor elkartu zirelako liberalak, errepublikazaleak, sozialistak… Nazionalisten lehen batzokia, berriz, gaur egun Inpernupe dagoen lekuan inauguratu zuten, 1909an; hauxe baimen eskaera: “en súplica de autorización para expender vinos y aguardientes por copas en la casa Nº 6 de la calle del Puerto y 2 de Mari o sea en el Batzoqui ‘Zumaitarra’”[11]. Honaino iritsirik, baxoerdi hartzearekin batera, nola ahaztu Txikito Artadiren xarma hura, beste garai bateko dekorazioa, argitasuna, anbientea…; han ezagutu nuen periodiko papera komunean. Orduan bai…

 

Kantuan

Kantuan hasi dugu artikulua, eta kantuan amaituko dugu. Hona hemen Zumaiako tabernak mintzagai dituzten bertso bat eta abesti bat:

Patxito eta bere lagunak

beste kuadrilla bikaña!

Txotxak apaintzen ta eonian

iaiuak bai, alajaña!

Atoajian izaten zuten

noizean beingo ordaña,

Fausto ta Justo’nean lagia

ardotan, baña ez nai aña.

“ZUMAIA’KO KONTU ZARRAK”. Manuel Olaizola Sarria

 

Las tabernas de Zumaia

ya sabemos cuáles son:

Alejo, Uxarrua y Txapas,

Fausto, Juana y Simón.

En algunas de ellas

he solido ver

a unos cuantos parroquianos

que se baten el parné.


Errotakua y Xarra en el muelle,

en San Telmo la Valentina,                 

en la Ribera en el diez               

tenemos la Serafina.                 

Txino en la Carnicería               

dentro de la población              

y la viuda de Patricio                

en la Plaza Mayor.

Zumaiari buruzko habanera, 1920 baino lehenagokoa. Egile ezezaguna.

 

[1] ZUA, 223.08, 1801-04-14.

[2] ZUA, 225.10, 1863-10-30.

[3] ZUA, 225.11, 1879-12-11.

[4] ZUA, 226.07, 1887-05-03.

[5] ZUA, 2832 (421), 1907-05-02.

[6] ZUA 2855 (105V), 1945-07-20.

[7] ZUA 2849 (41V), 1931-06-26.

[8] ZUA 2849 (10V), 1931-04-23.

[9] ZUA 2854 (7V), 1944-05-17.

[10] ZUA 2855 (72), 1945-04-06.

[11] ZUA, 2833 (190), 1909-02-25.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide