Tokikom Sariak 2020

Marea errotaren inguruko erreportajea, Tokikom Sarietako finalista

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 28a, 11:38

Zumaian izan zen marea errotaren inguruan Baleikek eta Erlo telebistak egindako erreportakea Tokikom Sarietako finalista da, ikus-entzunezkoen atalean. Aurten, berrikuntza modura, ‘Komunitatearen saria’ ere emango diote publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanari.

Bosgarren urtez jarraian, Tokikom Sariak emango diru aurten ere Tokikomek, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. Sariok Tokikomek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.

Osasun egoera asko baldintzatzen ari da komunikabideen jarduna, baita sari hauen antolaketa ere. Tokikomek egokitzapen txiki batzuk egin dizkio sariketaren mekanikari, egoera berrira moldatu eta haren helburuari ahalik eta ondoen eutsi ahal izateko.

Urtero  bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatzen dute. Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 52 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.

BALEIKE eta ERLO TELEBISTA finalisten artean

BALEIKE eta ERLO TELEBISTA finalisten artean izango da, Zumaian egon zen marea errotaren inguruko erreportajearekin, eta ‘Eduki onena’ saileko lan onenen artean aukeratu dute.

Antolakuntzak adierazi duenez, "erreportaje bikain honek primeran jasotzen du herriko ondare historikoa. Lan handia sumatzen da pieza osatzeko orduan: dokumentazioa, artxibo lana, adituen parte hartzea… Osagai bikainekin borobildu dute ikus-entzunezkoa: droneko irudiak, elkarrizketak, ordenagailuz sortutako irudiak… lan-talde ederra zalantzarik gabe, emaitza azpimarragarria eman duena".

Urolako Komunikazio Taldeko —UKT— hedabide gehiago finalisten artean

BALEIKEz eta ERLO TELEBISTAz gain, Urolako Komunikazio Taldeko beste bi hedabide ere finalisten artean dira. Maxixatzen ‘Azalik onena’ saria irabazteko hautagaietako bat da, maiatzeko aldizkarian argitara emandako azalarekin. “Argazkiak oso momentu zehatza harrapatzen du eta indar handiz jartzen du ikuslearen begien aurrean. Kontraesanez beteriko irudi bizia osatzen du: anabasa koloretsua, jendea etxean sartuta baina jai giroan… Argazkiaren konposizioak ere efektu hori areagotzen du, perspektibarekin egiten duen jolas bitxiarekin”, nabarmendu dute.

Bestalde, Karkaran argitaratutako Najat Kaanacheri egindako elkarrizketa ‘Eduki onena’ saileko lan onenen artean aukeratu dute: “Karkarak elkarrizketa borobila egin dio gure artean oso ezaguna ez bada ere, mundu mailan lehen lerroan diharduen sukaldari honi. Elkarrizketa bikaina da, pasadizo gogor samarrak kontatzen baditu ere, tono altu eta itxaropentsuan hasi eta bukatuz. Epaimahaiak goraipatu du elkarrizketatzailearen lana, hala pertsonajea aukeratzeko orduan, nola elkarrizketa osoan txinparta ateratzeko".

Komunitatearen saria

Berrikuntza gisa, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz.

Bederatzi lan finalistak zeintzuk diren, Tokikomen zein bere sareko komunikabideen webguneetan ikus daiteke. Bozketa egiteko aukera ere webgune horietan izango da zabalik azaroaren 8ra arte.

Tokikometik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. Tokikomeko Komunikazio Arduradunak, Joxe Rojasek, azaldu duenez, “alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko, eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela aukeratutako lanen kalitatearekin”.

Ezohiko sari banaketa

Tokikom Sarien banaketa azaroaren bukaera aldera izango da. Normalean, aurreko edizioaren irabazlearen herrian izaten da sariketa, jardunaldi presentzial batean, baina aurten ere berrikuntzak egongo dira zentzu horretan, osasun eta segurtasun egoera aldakorrek hala behartuta. Sari banaketaren inguruko xehetasunak egun gutxi barru jakinaraziko dira.

Finalistak, hemen.

Bozkatzeko orria, hemen.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide