Joanes Gallastegi 22 urteko ikaslea da. Kontaktu zuzena izan zuen positibo batekin, baina aztarnariak lanez gainezka daudela eta, lehen proba egitera gerturatu zen astelehenean Aitzurira. Egoera “zaila” dela uste du, eta horretan “Zumaia ez da salbuespena”. Hala ere, baheketarekin itxaropentsu agertu da Gallastegi: “Ea honek asintomatiko horiek detektatzeko balio duen”. Beldurrik ez dio gaitzari; bai ordea errespetua: “Honek gero gizartean ekar ditzaken ondorio sozioekonomikoek ematen didate beldurra”.
Asteartean egin zuen proba Luis Vegak. Haren hitzetan, amak adineko pertsonekin egiten du lan, eta aitak Astilleros Balenciagan. Asintomatikoa izatea baztertzeko hurreratu zen Aitzurira. Zumaia arduragabe somatu du azkenaldian Vegak, baina ostiralaz geroztik –neurri murriztaileak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak 100.000 biztanleko 500 positibo metatuaren tasa gainditzen zuten herrietan– lasaiago dago. Junior Vega anaiak 20 urte ditu, eta Elektromekanikako ikaslea da Pasaian. PCR proba “desatsegina” asteartean egin zuen lehenbizikoz. “Alde batetik, ulertzen dut zabalpena gazteei egoztea, baina gazte arduratsuak ere badaude, eta ez genuke orokortu behar; gutxi horien ardura ezagatik denak ez direlako errudun”, dio. Duela lau urte heldu ziren Luis eta Junior Vega anaiak Boliviatik Zumaiara, eta familia erdia –aita eta aiton-amonak, besteak beste– eta lagunak dituzte han. “Egoera gogorra dela diote, baina ez dira gaitzaren larritasunaren jabe”, iritzi dio Junior Vegak.
Ardurak bultzatuta egin zuen PCR proba, berriz, Miren Fernandez 23 urteko gazteak. Gertutik ezagutu ditu kasuak, lagun batek eta lehengusu batek pasa dutelako gaitza. Zumaian “oso gaizki” ikusten du egoera, baina Gallastegi bezala, baheketak zerbaitetako balioko duela espero du.
Kevin Johnny Torrico Soto 21 urteko gaztea Astigarragan bizi da, eta Astilleros Balenciagan egiten du lan. “Lanean geudela jakin genuen gure lankide batek positibo eman zuela. Jangela bat dugu, eta bertan egin zizkiguten lehen probak. Hamaika positibo inguru atera ziren, eta gero, gehiago. Positibo eman zutenak etxean daude, eta lanean jarraitzen dugu gainerakook, babes neurri zorrotzagoekin”, azaldu du. Baheketan egin zuen bigarren proba, asteartean. Haren hitzetan, bere kabuz erabaki du PCR proba egitea, gaitza duela baztertu eta bere lankideak ez kutsatzeko.
Martin Egañak uste du koronabirusaren zabalpena saihesteaz gain “herriaren egoera erreala” zein den jakiteko balio duela baheketak. Gainera, etxekoak babesteko modu bat delako egin zuen proba baheketaren lehen egunean. Ez du inguruan positiborik izan, baina etxean izan ditu positibo batekin kontaktu zuzena izateagatik konfinatu behar izan diren bi pertsona. Egaña ere ezkor agertu da egoerarekin, eta “kezkatzeko moduko” datuak dira, haren ustez, azken asteetakoak.
Zumaiako kasuen gorakada dela eta egin zuen proba asteartean Argi Olaizolak. Egoera “eskuetatik joan” zaie Zumaian, haren hitzetan: “Egunetik egunera, gero eta positibo gehiago agertu dira. Larrituta nago”. Gizarteak ardura baduela uste du Olaizolak, baina baita erakundeek ere. Zentzu horretan, “erakundeen gabeziak” agerian geratu dira, Olaizolaren esanetan. Uste du “errazena” dela zabalpenaren errua gazteei egoztea: “Mila modu daude koronabirusaz gaixotzeko, airetik zabaltzen delako”. Era berean, neurri gehiago ezarri beharko lituzkete, haren arabera: telelana bultzatzea eta garraio publikoa ugaritzea, besteak beste. “Horrelakoak beharrezkoak dira eta ez dituzte hartu”, azaldu du.
Julen Aizpurua “denon osasuna jokoan dagoelako” gerturatu zen proba egitera asteartean. Ez du ulertzen nola joan den okerrera egoera: “Nik uste nuen gauzak ondo egiten ari ginela. Hala ere, aspaldian ez naiz asko kalean ibili”. Azken neurriekin egoerak zertxobait hobera egingo duela uste du, baina ez daki hori izango den “soluzio bakarra”. Ez daki datozen hilabeteetan gaixo kopuruak behera egingo duen, baina “tristeak” izango dira, Aizpuruaren arabera.
Baheketaren zenbakien eta emaitzen esperoan, herritarren bizipenak dira lerrootan bildutakoak. Zumaian 3.000 lagun zeuden proba egitera deituta, baina Osakidetzak oraindik ez du jakinarazi horietatik zenbat bertaratu diren Aitzuri frontoira probak egitera. Emaitzak laster ematea espero da.