Kezkatuta daude ostalariak pandemia geratzeko azken neurriek eragin ditzaketen ondorioengatik

Mireia Galarza | Juan Luis Romatet 2020ko aza. 2a, 11:19

Zumaiako ostalaritzan negozioak dituztenekin hitz egiteko aukera izan du BALEIKEk. Eusko Jaurlaritzak azken egunotan hartutako erabakiek zuzen zuzeneak eragin diete herriko taberna eta ostatuei, eta egoera ikusita, “ondorio nabarmenak” nabaritzen ari direla diote dagoeneko herriko zenbait ostatu eta taberna.

Horietako bat da Endañetaberri nekazal etxea. Bertako arduraduna da Arantxa Eizagirre, eta aitortu duenez, “beldurgarri” ari dira pandemia honen eraginak nabaritzen. Eizagirrek dioenez, pandemia hasieran ere, martxoan, erreserba guztiak galdu zituzten, eta egoera “berean” daude orain ere. Urteko balantzeari begiratuta ere “beltza” ikusten du egoera Endañetaberriko arduradunak. Izan ere, bere hitzetan, “neurriak neurri, hamabi hilabetetatik bitan bakarrik egin dute lana “ondo”, eta, egunetik egunera begiratuta, ez du uste urtea amaitzerako egoera hobetuko denik. Horregatik, dio Eizagirrek, erakundeetatik laguntzak jasotzen ez badituzte, oso etorkizun “beltza” ikusten dutela. Beltza, eta amaigabea, gainera. “Jakingo bagenu hau guztia noiz amaitzen den halamoduz egingo genuke aurrera, baina ez dakigu, eta ezingo dugu jakin”, dio Eizagirrek. 

Etorkizuna ere modu berean ikusten du Aita Mari jatetxeko Eñaut Segurola arduradunak ere. Berak dioenez, gauden egoeran, “astez aste” begiratzen dio gerta daitekeenari, eta ez da ausartzen aurreikuspenak egitera. Gainera, bere hitzetan, ostalaritza ari da pandemiaren ondorio “nabarmenenak” bizitzen, eta “koherentzia falta” iruditzen zaio hori. Segurolak gaineratu duenez, “errudun bakarrak” beraiek direla sinestarazten ari dira erakundeak, eta garbi utzi nahi izan du protokolo guztiak “txukun eta zorrotz” mantentzen dituztela. Orokorrean mugak sentitzen badituzte ere, 23:00ak arte irekita eduki ahal izateak “arnas pixka bat” eman diela aitortu du Segurolak. Dena den, “jendea beldurtuta” ikusten du Aita Mari jatetxeko arduradunak, eta ondorioz, “tabernetan askoz ere herritar gutxiago dabiltzala” aitortu du. 

Hartutako neurriek ostalaritzan “eragina” izan dutela diot Jesuskoa landa etxeko arduradun Ramon Olidenek. “Momentuz, astebukaerako bezeroek ezin dute etorri, eta astean zehar lan arrazoiengatik etortzen diren langileekin gabiltza”, azaldu du. Epe motzera begiratuta ez du uste turistarik inguratuko direnik bere ostatura. “Etortzen diren langile horiei afari eta bazkariak ere ematen dizkiegunez, horrekin egiten dugu aurrera nola edo hala. Eta horiek etortzeko ere lanak. Izan ere, beraiekin gehiago hitz egin behar izaten dugu, gure ostatura etortzea segurua dela ziurtatzeko, argazkiak bidali…”. Nominan zituzten langileei aldi baterako erregulazioa aplikatu diete, eta landa etxeko arduradun beraiek ari dira bezeroei erantzuten. “Orokorrean gastu finkoak murrizten saiatu gara, eta arduraz, egunero albisteei begira. Izan ere, inguruan badaude ixtea erabaki duten negozioak ere, eta horrek kezka ematen du”, dio Olidenek. Murrizketak sektore honetan aplikatzen dituztela eta kexu agertu da. “Kontuan hartu behar da gainera, ostalaritzan bertan ere, ez dela gauza bera herriko taberna bat edo, gure kasuan bezala, baserri baten ostatu ematea, eta guztiak zaku berean sartzen dituzte. Egia esan, irailera arte ondo egin dugu lan, baina hemendik aurrera zaila izango da egoerak berdin jarraitzen badu”.  

El Txoko de Mikel Bermejo jatetxeko arduradunetako bat da Arri Azkue. Udaberriko itxialdiak kalte handia egin ziela azaldu du. “Urteko denboraldi onena galdu genuen: Aitaren Eguna, Aste Santua, komunioak, herriko festak, lehen ezkontzak ere hastear ziren... Dena galdu zen”. Uda garaia ondo joan zela onartu du. “Jendea ateratzeko gogoz zegoen, eta udan lana ondo egin genuen; ez taldeekin eta ezkontzekin, baina bai familiekin eta herriko jendearekin”. Arau aldaketekin zertxobait “aztoratuta” egon direla gaineratu du, “dardarka hasi ginen”, baina gaueko 11k arte zabaltzeko aukera eman zietenean “berriro arnasa hartu” zutela azaldu du. “Afariak aurreratu genituen, eta esfortzu hori egin genuen”, dio. Azken egun hauetan kanpoko bezeroak ez zaizkie hurreratu; bai, ordea, herrikoak bertakoak, eta “oso eskertuta” daude. Moldatu beharra izan dutela ere azaldu du Azkuek. “Etxera eramateko janariak prestatzen hasi gara. Bezeroak ez badira gure etxera etortzen, gu joango gara beraien etxeetara. Dena jorratzen ari gara; igerian ari gara ez itotzeko”. “Esan dezakegu zortea ere izan dugula, lan egin dugu, baina neguak beldur handia ematen digu. Konfinatzeaz ari dira hitz egiten, eta hori oso gogorra izango litzateke. Neurri guztiak hartzen ditugu, eta bezeroak lasai etortzen dira guregana. Espero dugu udaberrirako ustezko bakuna izango dugula eta amesgaizto honetatik aterako garela”, amaitu du Azkuek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide