Itsasoaren maila igotzen ari da klima aldaketaren eraginez, eta halaxe jarraituko du datozen hamarkadetan. Hori ondo frogatutzat eman dute zientzialariek eta erakunde publikoak ere ari dira pixkanaka datorkigunerako prestatzen. Orain gutxi arte mundu mailako datu orokorrak izan ditugu esku artean, baina azkenaldian ari dira ikerketa zehatzagoak argitaratzen, tokian tokiko datuekin. Hasi gaitezke irudikatzen klima aldaketak gure herrian eragin ditzakeen kalteak. Hain zuzen ere, ariketa hori egin dute Jaurlaritzak argitaratu berri duen txosten batean, eta kezkagarria da Zumaiarentzat iragarritako etorkizuna.
Badakigu klima aldaketaren ondorioak zehaztasunez iragartzea ezinezkoa dela, besteak beste, gure esku dagoelako ondorioak leuntzeko neurriak hartzea. Dena den, zientzialariek zenbait agertoki posible jarri dituzte mahai gainean, datu neurgarriekin. Horrela, 2050erako, itsasoaren maila 18 eta 22 zentimetro artean igoko dela aurreikusi dute,; mende amaierarako, 53 eta 80 zentimetro artean (mundu mailan gaiaz arduratzen den IPCC zientzialarien batzordeak emandako datuak dira).
Datu horiek euskal kostaldera ekarrita eta beste hainbat aldagai aintzat hartuta, eskualdez eskualdeko diagnosia egin dute Eusko Jaurlaritzak eskatutako txostenean. Eta ondorioak larriak dira oso: Urola Kosta izango da eskualde zigortuena, eta bereziki aipatzen dute, behin eta berriro, Zumaiako kasua.
Herriguneko hainbat eremu, urak hartuta
Gaur egun badaude herriko zenbait eremu uraren mailatik behera daudenak, baina oraingoz nahikoa da errio bazterreko babes hormekin eta ura drainatzeko sistemekin. 2045erako ere nahikoa izan daiteke gaur egun daukagunarekin, baina 2100rako panorama asko okertuko da*. Errioak gainezka egingo du eta herriko hainbat gune hartuko ditu, Julio Beobidetik hasita, Basadiraino [Ikus irudiak; alderatu erdiko barra mugituz]. Txostenak aipatzen ditu Amaiako plaza, Zuloaga plaza, kiroldegi ingurua, kirol portua, Balenciaga ontziola, Basustako industrigunea, GKN enpresa eta inguruak... Beldurtzeko modukoa.
Kalteak ez dira hor gelditzen. Itsas mailaren igoeraren ondorioz, ia erabat desagertuko dira Santiagoko eta Beduako padurak mende amaierarako; Itzurunen hondartzak metro dezente galduko ditu; eta kostaldeko errepidearen bideragarritasuna zalantzan egon daiteke.
Drainatze sistema kolokan
Itsasoaren igoerak, gainera, arazoak eragingo ditu euri urak drainatzeko sisteman. Euri urak biltzeko sistema bat dauka herriak, eta ur horiek erriora hustutzen dira marea jaisten denean; marea gora datorrenean, bidea ixten zaio errioko urari drainatze sisteman sar ez dadin. Bada, marearen maila igotzen bada, ura askatzeko denbora tarte txikiagoa izango da, eta eurite handietan pilatzen den ura libratzeko astirik ez izateko arrisku handia dago. Horrelakoetan, euri urak egingo du gainezka. Beraz, drainatze sistemak aztertu eta berritu beharko dira, ziurrenik.
Txostenean aipatzen da, zenbait kasutan, ingenieritza lan handiak egin beste aukerarik ez dela izango. Adibidez, errioak gainezka egin ez dezan, babes-horma altuagoak eraiki beharko dira. Baina esaten du, baita ere, urari leku gehiago eman beharko litzaiokeela. Adibidez, hondartzetan (Zarauzko kasua), olatuei espazioa eman beharko litzaieke energia pixkanaka gal dezaten, horma baten kontra sekulako indarrarekin tupust egin gabe. Edo berdin ibai-ertzetan, uholdeetako kalteak leuntzeko.
Orohar, gure lurraldea eta herriak antolatzeko garaian klima aldaketaren ondorioak kontuan hartzea ezinbestekotzat jotzen du txostenak.
*Txostenean egiten diren iragarpenak kalkulatzeko marea bizienak hartu dituzte kontuan –soilik marea astronomikoa, aintzat hartu gabe ekaitzek, olatuek edota presio atmosferikoak unean uneko marean izan dezaketen eragina–.
Txostena (gaztelaniaz dago): Klima aldaketaren erronkari egokitzeko EAEko itsasertza babestu eta antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren berrikuspen eta egokitzapenerako aurretiazko azterketak eta diagnostikoa