Euskaraldia 2020

Asteartera atzeratu dute Euskaraldian izena emateko epea

Baleike 2020ko aza. 19a, 12:39

Bihar hasita, abenduaren 4ra arte iraungo du Euskaraldiaren bigarren ediziokoak. Ariketari lotutako ekitaldiak antolatu dituzte eskualdean.

Bihar bertan hasiko da euskaldunen hizkuntza ohiturak eraldatzea helburu duen Euskaraldiaren bigarren edizioa. Oraindik ahobizi edo belarriprest ez direnek gaur zuten ariketa erraldoian izena emateko aukera izatez, baina antolakuntzak epea luzatzea erabaki du. Hala, ariketa honetarako izena emateko azken eguna azaroaren 24a, asteartea, izango da. Horretarako hainbat aukera daude: online eman daiteke izena izenematea.euskaraldia.eus atari digitalean eskuragarri dagoen inprimakia beteta, edo aurrez aurre egin daiteke, herriz herri egokitu dituzten guneetan.

Honako hauek dira izena emateko guneak eskualdeko zenbait herritan: Aian, Kultur Etxea; Azkoitian, Elkargunea eta udaletxea; Azpeitian, Euskara Patronatua; Getarian, gaur eta bihar 18:00etatik 20:00etara udaletxe aurrean jarriko duten mahaia; Zarautzen, Zigordia kaleko 34. zenbakian dagoen Euskaraldiko
bulegoa eta Zumaian Euskaraldiaren informazio puntua Amaiako plazan eta turismo bulegoa.

Txapak nola eskuratu

Ariketa egingo duten herritarrek txapa bereizgarri bat eramango dute bihartik aurrera soinean, hizketalagunak jakin dezan aurrean duen pertsona ahobizi edo belarriprest den. Ariketak iraun artean eraman behar da txapa, 15 egunez. Duela bi urteko Euskaraldian ere metodo bera erabili zen, eta litekeena da batek baino gehiagok orduko txapa eskura izatea oraindik. Berria behar dutenek ere izango dute aukera eskuratzeko. Hain zuzen, aurrez aipatutako guneetan dago aukera txapa berriak eskuratzeko, herriz herri.

Ariketa girotzeko, euskarari eta kulturari lotutako ekitaldi eta emanaldiak antolatu dituztetxoko askotan, baita Urola Kostako herrietan ere. Zenbaitetan zehazteke daude ordutegiak oraindik, baina antolatzaileek azaldu dute aurrerago jakinaraziko dituztela.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide