Zumaiako lehen eskola 1652an sortu zen, Juan Olazabali esker, 56.100 marabediko irakasle postua ezarri zuenean. Kopuru hori, ordea, ez zen nahikoa, eta beste bizilagun batzuen dirua ere behar izaten zuten. Horrela, 1777an, Joseph Eizmendi herriko bikarioak hauxe zioen, eskolarako diru gehiago eskatzeko: “si no se toma las serias providencias sobre este importantísimo asunto llegará bien presto la infeliz época de no tener casi vezinos firmantes entre los que asisten a sus asambleas. De esta falta de primera educación se siguen otros perjuicios al estado, a quien no pueden ser útiles los hijos de V.S, ni por letras, ni por Armas, ni por el comercio, ni por las manufacturas, quando de los lugares vecinos está lleno el Reyno y las Indias, y la Mar de Capitanes, Pilotos, Pilotines, maestres y contramaestres”[1]. Garai hartan, gainera, ez zen erraza irakaslea aurkitzea; 1779an, Joseph Ignacio Mugerzak eskatu zuen plaza, eta eginkizun nagusiak, hauek zituen: haurrei kristau dotrina, irakurtzen, idazten eta zenbatzen irakastea. Maisua laster kexu zen, ordea, berez beregana joan beharko zuten haurretako batzuk Ignacio Beristainen eskola partikularrera joaten zirelako; 1793an, bi edo hiru ume bakarrik joaten zirela-eta, kargutik kendu egin zuten. “Ume” erabili dugu, baina garbi esan dezagun: mutilak baino ez ziren joaten eskola hartara.
Nesken eskolari dagokionez, 1862an ezarri zuten, udaletxean, ez zeukatelako lokal hoberik; gero, beste leku batzuetara ere eraman zuten: Harategi kalera, Goiko plazara, San Jose kalera..., gehienetan etxe partikularretara. Hamar urte geroago (1872an), Patxita Etxezarretak Maria eta Jose ikastetxe pribatua sortu zuen Goiko plazaren eta Erribera kalearen artean, eta mojak ekarri zituen irakasteko.
XIX. mendean, ohikoa zen udal ordezkariek urtean behin ikasleak (neskak zein mutilak) aztertzea, haurrek zer edo nola aurreratu zuten jakiteko, eta gehienetan Udalaren balorazioa txarra izaten zen. Arrazoien artean, sarritan aitatzen da irakasleen gaitasunik eza; adibidez, 1882an: “[Los niños] denotaban un deplorable atraso difícil de explicar si no se admite incapacidad en el maestro para la enseñanza o un mal método seguido para la misma”[2]. Beste arrazoi batzuk ere bazeuden, ordea; adibidez, asistentzia ez zen nahitaezkoa eta gurasoek beste lehentasun batzuk zeuzkaten: “se procedió al examen de los niños que han concurrido a esta sala, y se ha advertido que estos han adelantado algo desde el último examen aunque no tanto como desea esta comisión, por razón de que la mayor parte de ellos son hijos de marineros pescadores y se ven premiados estos a sacar a aquellos de la escuela demasiado pronto”[3]. Baina umeek behar bezala ez aurreratzeko, bada beste arrazoi garrantzitsuago bat, propio oso gutxitan aipatzen dena: gaztelaniaz irakasten zen eskolan, eta ume gehien-gehienek euskaraz baino ez zekiten. Hauxe zioen hezkuntzako inspektore batek (Juan Maria Egurenek), 1867an: “Resulta, pues, que cuando empiezan a asistir a la escuela no entienden bien el castellano, y como en este idioma aprenden a leer, escribir y todos los demás ramos de la enseñanza, excepto la doctrina cristiana, no comprenden lo que leen y estudian, y el desarrollo intelectual, en el cual consiste la verdadera instrucción, es sumamente lento”[4].
Eskoletako maisuei dagokienez, batzuetan, klaseak emateaz gain, beste eginkizun batzuk ere bazeuzkaten: organoa jotzea elizan, idazkari udaletxean…; zenbaitetan, laguntzailea ere jartzen zioten; beste batzuetan, berriz, maisuaren izendapena atzeratu egiten zenean, hura etorri bitartean Udalak beste norbait jartzen zuen (adibidez, 1910ean, musika bandaren zuzendaria).
XX. mendearen hasieran, Udalak komunitate erlijiosoren baten ikastetxea jarri nahi zuen herrian, bestela 14 urterekin “abandonatuta” geratzen zirelako ikasleak, noiz eta beharrik handiena zeukatenean umeek. Azkenean, Maristekin sinatu zuten kontratua, eta Ubillosen obrak eginda, 1928tik aurrera egon ziren, 1944ra arte, San Pedro Apostol ikastetxean. Maristak ez ziren ondo konpontzen orduko udal agintariekin, eta martxa egin zutenean, pare bat urtean ez zen izan eskolarik, harik eta Udalak Toroko (Zamora) Hermanos Mercedarios Descalzosekin hitzarmena itxi zuen arte, 1946an. Haiek arduratu ziren eskolaz 1976ra arte, eta gero ere eskolak martxan jarraitu zuen (1992an itxi zuten).
Halaber, XX. mendearen hasieran, eskola graduatuaren beharra nabarmena zela-eta, Udalak erabaki zuen Arrangoletan eraikitzea ikastetxe berria (1929an). Eskola hark martxan jarraitu zuen XX. mendean, eskola nazional bihurtuta[5], eta gero Zumea Ikastola ere eraikin hartan ezarri zen urte batzuetan, Herri Eskolan bat egin zuten arte biek.
Gurean ere, 1936ko Gerrak eta haren ondoriozko Frankismoak errotik astindu zuen hezkuntza. Izan ere, eskola izan zen adoktrinamendurako tresna nagusietako bat, guraso menderakaitz haien seme-alabak txiki-txikitatik hezteko eta bideratzeko, erregimen berriaren ideologiarekin eta liturgiarekin. Hura gaindituta, ordea, 1966an, Zumea Ikastolak lehen urratsak egin zituen, eta zailtasunak zailtasun, indartzen joan zen, are gehiago aldaketa politikoekin (Frankismoaren amaiera, udal hauteskunde libreak…) eta etorkizuneko euskara hutsezko bidea markatu zuen. Ikastolak eta hura bultzatu zutenek merezi dute aparteko lan bat, eta noizbait amaituko ahal dut aspaldi hasitakoa…
Lehen adierazi dugunez, eskola partikularrak ere bazeuden ume txikiagoentzat. Horrela, 1859an, Joaquina Etxeberria maistra partikularrak lokala eskatu zuen klaseak emateko umeei. 1864an, Angela Andia maistrak, Probintziako Juntara idatzia bidali zuen: “quejándose de la poca concurrencia de las niñas, a su escuela, a consecuencia de que Doña Joaquina Echeverria admite en su escuela particular niñas mayores de seis años, y de que se ordene a que cierre su escuela, por encontrarse esta sin título suficiente para ello”[6]; 1866an, Pedro Galdeano irakasleak diru gehiago eskatzen zuen, behar adina ume ez zitzaizkiolako joaten: sei urte beteta zeuzkaten ume asko “acuden a las varias escuelas de párvulos que hay en la misma por no satisfacer sus padres las retribuciones mensuales que les están asignadas”[7]. Miguel Eizagirrek ere eskola partikularra zeukan San Pedro kaleko etxe batean, eta 1895ean, idatzi baten bidez, azaltzen zion Udalari 70 ume zeuzkala, eta umeen erdiek ez ziotela ordaintzen kuota; gero, eskola Kale Nagusira aldatu zuen, eta hiltegi berria eraiki zutenean Arrangoletan, hiltegi zaharrera (gaur egun udaletxea dagoen lekura). 1920an Asuncion San Martinek laguntza eskatu zion Udalari: “recoge en su escuela niños desde los 16 meses hasta los seis años inclusive, por espacio de seis horas diarias”[8], eta Jexux Etxabek gogoan zeukan Tuntuxa hura “Ni sei-zazpi urte arte Tuntuxenean ibili nittuan. Maistra Axuntxion Tuntuxa huan, beno, sasi-maistra hoixetakoa, baina zorrotza huan. Erakusten ona. Orazixo danak, leitzen, eskribitzen eta multiplikar hantxe ikasi nizkian. Hitz egin, berriz, euskeraz egiten ginien, beno, erderaz ere pixkat egiten zian hark, baina jeneralian euskeraz”[9].
1861ean Antonio Castro maisuak helduentzako eskola jartzeko nahia azaldu zuen. Udalak txalotu egin zuen ekimena, eta Arrantzaleen Kofradiari jakinarazi, diruz lagundu nahi bazuen ere, ikaslegaietako asko arrantzaleak zirelako. Gauez izaten ziren eskolak, doan, gehienetan 18:00etatik 20:00etara. Asistentzian gorabeherak izaten ziren, eta Udalak gutxieneko bat (20 ikasle) eskatzen zuen aurrera egin ahal izateko. 1904an, adibidez, 52 lagunek eman zuten izena, eta 1906an, 2-3 besterik ez zebiltzanez, bertan behera geratu ziren klaseak.
Ohiko eskola arautuaz gain, bestelakoak ere izan ziren, batzuk asmo hutsean geratu zirenak: 1901ean, inguruko kostaldeko beste udalekin batera, Udalak Diputazioari eskaera egin zion Nautika Eskola jartzeko, baina proiektuak ez zuen egin aurrera. 1920an, berriz, Talleres Erasoko delineatzailearekin, Luis Ormaetxea Arraterekin, hitz egin zuen Udalak, gauez marrazketa klaseak emateko gazteei.
Herriguneko eskolez gain, Oikian eta Artadin ere bazeuden eskolak. Oikiakoa Udalaren menpekoa zen, neska eta mutilak elkarrekin hartzen zituen, eta irakasleak beste ardura batzuk ere bazeuzkan: organista, postari, telefonista, elizako erlojua… Artadiko eskola 1933an eraiki zuten.
Bukatzeko, eskola profesionala aitatuko dugu. Berez, izen ofiziala “Escuela Sindical de Formación Profesional Virgen de Arritoquieta” zen eta lanbide heziketa irakasten zuten, herrian hainbesteko indarra zeukan makina-erremintako eta mekanizazioko industriarako eskulana izateko. 1953an sortu zuten, Alondegia izandakoan, eta bultzatzaile nagusiak herriko enpresak izan ziren (Otto Holke, Carmelo Unanue…), sindikatu bertikalak lagunduta, eskulan kualifikatua behar zutelako. Eskola haren arrastoa geratu zaigu Alondegiaren izenean, unibertsitatearen kategoriara igota: Oxford.
[1] ZUA 69 (95), 1777-05-01.
[2] ZUA 76, 1882-01-30.
[3] ZUA 71.06, 1844-06-06.
[4] EGUREN, Juan María (1867). Método práctico para enseñar el castellano en las escuelas Vascongadas. Vitoria: Seminario Católico Vasco-Navarro. 5. or.
[5] Eskola haren berri jakiteko, ikusi Rafael Del Pilarren Arrangoleta 1945-1951 Memorias de un barrio liburua.
[6] ZUA 72.02, 1864-07-30.
[7] ZUA 73.01, 1866-10-28.
[8] ZUA, 2843 (136), 1920-07-08
[9] Baleike aldizkaria, “Gure Zumai zarra”, 2004-07.