Kasu berrien markagailua zeron mantendu da beste egun batez

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 4a, 13:18

Beste hamasei positibo zenbatu zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdean. Bezperan izandako kopuru berbera da. Zumaian, bigarren egunez jarraian, ez da kasurik izan. Hego Euskal Herrian, jaitsiera handia izan da positibo berrien kopuruan.

Pandemiaren bigarren olatua ari da pixkanaka indarra galtzen. Positibo kopurua beherantz ez badoa ere, egonkortuta dagoela esan daiteke. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, hamasei kasu izan ziren atzo eskualdean, bezperan izandako kopuru berea. Bitxikeria moduan, aipatu pandemia hasi zenetik lehen kasua detektatu dutela Beizaman. 

Zumaian ez zen kasurik izan atzo, eta bi egunez jarrian 0 eman du markagailuak. Sei izan dira Zumaian aste honetan detektatutako kasuak, eta kasu metatuen tasa 100dik jaisteko zorian dago: 101,78an dago gaur egun.

Sei positiborekin Azpeitia da kasu gehien izan duen herria eskualdean. Datu hauen ondoren, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu positiboen tasa 431,75ean dago, eta laranja kolorearekin jarraitzen du semaforo bitxi honetan. Kilometro gutxira, Azkoitian, bi kasu zenbatu dituzte, eta gorriz margotuta jarraitzen badu ere, intzidentzia tasa 500etik jaistetik hurbil dago: 508,8ko tasa da atzoko datuen ondoren.

Zarautzen lau kasu baieztatu zituzten atzo –360,5eko kasu metatuen tasa du–, bi Getarian, eta pandemia hasi zenetik lehendabizikoz kasu bat izan dute Beizaman. Eskualdeko beste sei herrietan ez dute positiborik izan.

Hego Euskal Herrian dezente jaitsi da positibo kopurua: bezperan izandako 743tik 602ra jaitsi da positibo eman duten pertsonen kopurua. 

Ospitaleratutakoi dagokionez, beti ere Osakidetzako datuen arabera, beste 40 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta 335 lagun zeuden osasun zerbitzu honen erietxeetan, plantan; ZIUn, aldiz, 129 ziren ingresatuta zeuden lagunak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide