Koronabirusak hankaz gora jarritako garai ziurgabe eta ezegonkor hauetan, hilabete zailak igaro dituzte herriko merkatariek. Salmenta handieneko garairako prestatzen ari dira orain, Gabonetarako. Jaien bezperan, Kaïoa dendako Ane Agirrebeñarekin, Juanjo Larrañaga harakinarekin eta Miren Agirre ile apaintzailearekin bildu da Baleike.
Ezberdin eragin die hirurei koronabirusak sortutako krisialdiak beren negozio txikietan, baina kezkaz bizi izan dituzte pasa diren hilabeteak. Hala eta guztiz, hirurak agertu dira eskertuta herriak eta bezeroek emandako erantzunarekin. Agirrebeñak Zarautzen, Azpeitian, Orion eta Zumaian ditu Kaïoa dendak, eta herriko merkatarien eta bezeroen artean giro ederra nabari du. Erakundeek komertzioei bultzada emateari dagokionez, noraeza somatu du; ez da, ordea, Zumaiako Udalaren kasua, Agirrebeñaren arabera. Errotaherria kanpainaren barruan bonoak garaiz ateratzea txalotu du, eta, gainera, sistema egokia dela uste du bezeroak herriko komertzio txikietan kontsumitzera bultzatzeko. “Ez dugu ibili behar izan Udalari ezer eskatzen, haiek jarri ziren gurekin harremanetan, eta proposamena bota ziguten”, azaldu du.
Agirre ile apaintzailea izan zen konfinamendua baino lehen halabeharrez establezimendua itxi zuen lehenengoetarikoa. Izan ere, Otezuri adinekoen egoitzan soilik zuen lehen ile apaindegia: “Pare bat aste lehenago Otezuriko medikua hasi zen esaten laster itxi beharko nuela, baina urrun ikusten nuen. Kanpotik etortzen ziren bezeroei eskuak garbiarazten-eta hasi ziren, eta astebeteren buruan itxi zidaten”.
Nolanahi ere, konfinamendua aukera izan da Agirrerentzat. Hain zuzen, Bidezarreta kalean zuen lokal bat egokitu eta bertan zabaldu du ile apaindegia. “Baneukan kezka zer egin behar nuen, Otezuri zabaltzen zutenean ere banekielako ezin izango nuela bertan lan egin. Otezuri inguruan lokalak begiratzen hasi nintzen. Bi bakarrik zeuden libre, baina salgai zeuden. Gero, Erribera kalean begiratu nuen: lokalak bazeuden, baina obra egin behar zen, ura pasatu, gutxieneko instalazioa…”, azaldu du. Etxean lan egitea otu zitzaion orduan, baina legalki horretarako aukerarik ez zuela esan zioten gestorian: “Iñaki Unanuek esan zidan ezin nuela etxean lan egin; haren lankide Luisek ere gauza bera esan zidan. Pentsatu nuen hemen, Bidezarreta kalean, ere jarri nezakeela, baina Otezurin gustura nengoen, eta ezin nuen planteatu bi lokal mantentzea. Etxean ezin nuela lan egin jakindakoan, erabaki genuen Bidezarretako lokalean obra hastea. Berrogei egunetan egin genuen”.
Hala ere, Otezuriko ile apaindegia mantendu du: “Langile bat kontratatu nuen, ez nekielako hau ongi aterako zen, eta pena ematen zidalako hura lagatzeak. Ur handitan sartu naiz, baina momentu pertsonal onean harrapatu nau honek: seme-alabak koskortuta dauzkat, eta lanerako ilusioa daukat”.
Bidezarretako lokala egokitzeko egun horiek “zoramena” izan ziren Agirrerentzat; etxean eskaintzen zuelako zerbitzua. Pozik dago, hala ere, ile apaindegiaren irekierarekin: “Ordura arte, hamaika urtean, Otezuriko egoiliarrak eta kanpoko bezeroak bateragarriak ziren, baina koronabirusarekin erabaki beharra izan nuen: edo aitona-amonak, edo kanpokoak. Kanpoko bezero horiei eusteagatik zabaldu nuen hori, eta pozik nago, egia esan”.
Garai berrietara egokitzen
Larrañagak lan egin du konfinamendu aldian ere. “Ezin kexatu”, dio harakinak. Basadiko harategiak WhatsApp aplikaziotik eskariak egiteko zerbitzua jarri du martxan etxealdian, eta bezeroek sarri erabiltzen dute aurrez generoa eskatzeko. Bizum bidez ordainduta utzi dezakete, harategitik pasatu eta itxaron gabe beren eskaria jaso. Orain, langile guztiak aldi berean gaixotzea ekiditeko, bi txandatan egiten dute lan.
Agirrebeñak dio “katastrofiko” zeudela konfinamenduaren garaian. Langileen artean giro oso ona dute, eta oso “emozionalak” dira. “Nik egun txarrak pasa ditut, baina orain ondo gaude”. Agirrebeñak dio berarentzat sostengu handia izan dela Lore Garciarena, Gertu merkatarien elkarteko dinamizatzailea. Kaïoa denden nagusiak dio koltxoi bat edo lapiko bat edozein unetan sal daitekeela; ez, ordea, arropa. Denboraldika egiten dute lan; are gehiago, hilero ekartzen dute arropa berria udaberrian. “Zoramena” izaten da. Kaïoan ere, ordea, lehendik buruan zituzten lanak egiteko baliatu dute koronabirusak eragindako etena.
Internetez erosteko joeraren gorakadaz jakitun, webgunea prestatzen ari dira. “Zaila da handienekin lehiatzea”, dio Agirrebeñak. Lehen ere bazuten jartzeko ideia, baina konfinamenduan bota zuten irteteko pistola tiroa. Lana eskatzen du, baina garai eta ohitura berrietara egokitzea beharrezkotzat jotzen du Kaïoako nagusiak.
Agirrek nabaritu izan du Internet bidezko erosketen eragina. “Nik zerbait eskaini, xanpuak, makillajeko produktuak, eta igarri izan dut Internetetik erosi izan duela bezeroren batek”, dio. “Gaur egun guk ere sal dezakegu Amazonen, eta horren inguruko ikastaro bat egin nuen lehengo batean. Begiratzen hasi nintzen, eta ohartu nintzen Amazonek nik baino garestiago dituela produktuak”, azaldu du. Agirre ere sare sozialetan ezagutzera ematen ari da orain. “Buruko min handiena horrek ematen dit. Lehen ez nituen erabiltzen, orain hasi naiz. Orain bonbardatu egin behar dudala esaten didate: ezagutzera eman behar dudala nirea, probatu egin behar dutela. Lehengo bezeroak baditut, baina adinekoen parte hori ez daukat, eta bete egin behar dut nire lanaldia osatzeko”, azaldu du ile apaintzaileak.
Gabonen zain
Ile apaintzaileak dio Gabonetan lan gehiago izaten duela, baina aurtengoa ezberdina izango dela. Gainera, gainerako urteetan ez bezala, beste egoera batean harrapatuko du Agirre Gabon festak: “Niretzat berria izango da, kalean nagoelako orain. Lehen Otezuri barruan nengoen. Aurreko batean, adibidez, pentsatu nuen eskaparatea ere jarri beharko dudala”. Kalean komertzio bat duen lehenengo Gabonak izango dira Agirrerentzat, eta ilusioz ari da lanean Gabonen zain.
Larrañagak, berriz, urteak daramatza Gabonei begira lanean. Bada azaroaren erdialderako janaria eskatzen dionik ere, gero izozteko. Batez ere, azpizuna eta txuletak saltzen ditu garai horretan. Aurtengoan, ordea, “zaila” egiten zaio Larrañagari Gabonetako salmentak aurreikustea. Uste du festak ospatzeko familian elkartzea ezinezkoa izango dela, eta gazteek aurrez prestatutako janaria erostea espero du garai horretan. Besteak beste, oilasko, txerrikume eta saiheski erreak prestatzen ditu harakinak.
Kaïoa dendan erregeetarako egiten dute lan gehien. “Olentzero gehiago da haurrei begira egiten den zerbait, gure etxean, behintzat. Guk bezero helduagoak ditugu, eta, beraz, erregeetarako egiten dugu lan gehien”, dio Agirrebeñak.


