Nola sortu zen Geoparkea eta zertarako?
Asier Hilario: Geoparkearen hazia 2000ko hamarkadan koka daiteke. 2005ean Algorri Interpretazio Zentroa ireki zen Zumaian, apustu bat egin zuen Zumaiako herriak bere natur ondarea balioan jartzeko; hasi ginen ikastetxeekin lan egiten, bisita gidatuak eskaintzen. 2009an Biotopo Babestu izendatu zen Zumaia eta Deba arteko kostaldea eta haitz haiei lege babesa eman zitzaien lehen aldiz. Gainera, ordurako, Zumaia, Deba eta Mutriku elkarlanean ari ziren flyscharen inguruan gauzak eskaintzen, Flyscharen ibilbideak ere turismo saria jaso zuen... Beraz, pausoz pauso joan ginen hemen zegoen natur ondare oso garrantzitsua babesten eta balioa nabarmentzen, eta bide horretatik iritsi ginen Geoparkea sortzera.
Leire Barriuso: Ingurune hau nahikoa ezezaguna zen kanpotarrentzat eta 2002an, Geoparkea sortu aurretik, hasi ziren ibilbideak-eta antolatzen Zumaia eta Deba artean. Ordurako ikusi zen turismoa garatzeko baliabide ona izan zitekeela. Bisitek arrakasta zutela ikusita, geoparkearen aukera jarri zen mahai gainean. Ondorioa izan zen oinarri sendoak zeudela geoparke izendapena eskatzeko eta aurrera egin zen egitasmoarekin. Zertarako den geoparke bat? Garapenerako tresna bat da, ondare geologikotik abiatuta. Unescoren babespean sartzeak ere nazioarteko dimentsioa eman zion sareari eta, turismoaz gain, zientziaren, kulturaren eta hezkuntzaren ildoak garatzeko bidea.
A. H.: Lurralde hau osatzen duten hiru udalerriak mapan kokatzea zen hasierako helburuetako bat, agerikotasuna ematea. Eta geoparkeen ereduaren aldeko apustua egin zen, Euskal Herrian eta inguruan erabat berria zen eredua. Hamar urte hauek erakutsi dute asmatu egin zela, ez soilik inguru hau ezagutzera emateko, baita hiru udalerrien arteko elkarlana bultzatzeko ere.
Zer da geoparke bat eta zer ez da? Biotopo Babestua eta Geoparkea oso batera etorri ziren...
A. H.: Deba eta Zumaia arteko Biotopo Babestua da babeserako eta kontserbaziorako legezko figura bat. Jaurlaritzak izendatzen du eta Aldundiak kudeatu. Horren helburu nagusia da flyscharen balio geologikoa eta marearteko gunearen balio ekologikoa eta hor gertatzen diren prozesu natural guztien babesa eta kontserbazioa. Horretarako arau batzuk daude. Hori da Biotopo Babestua. Zer da Geoparkea? Geoparkea da ideia on bat: bertan dagoen ondarea baliatzea tokian tokiko garapena bultzatzeko, zientzia, hezkuntza, turismoa, kultura sustatuz, tokiko eragileen arteko elkarlana bultzatuz. Geoparkea da, azken finean, garapenerako tresna bat da, eta lan egiteko eredu bat.
Zeinek osatzen dute Geoparkea?
L. B.: Mutriku, Deba eta Zumaiako udalak izan ziren hiru sortzaileak, eta Geogarapen elkartea sortu zuten proiektua garatzeko. Gero batu ziren Aldundia, Jaurlaritza, Debegesa eta Urola Kostako Udal Elkartea, Urkome eta Debemen landa eremuko bi agentziak, eta Aranzadi eta Unesco Etxea elkarteak. Unibertsitatearekin ere hitzarmen marko bat daukagu, harreman estua, eta hainbat proiektu gauzatu ditugu elkarrekin.
A. H.: Nazioarteko saretik egiten zaizkigun ebaluazioetan beti ondo baloratu dute gure geoparkean daukagun kudeaketa eredua. Geoparke bateko kudeaketan parte hartu behar dute lurralde horretan eragile diren erakunde guztiek, eta hori oso ondo lortu da gurean. Hiru udalak dira liderrak, baina gero kide guztiek dute lanerako eta beraien ekarpena egiteko lan esparrua oso ondo definituta, denek dute eroso sentitu eta lana jarrera positiboarekin lan egiteko aukera.
Nola dago osatuta Geoparkeko lan taldea?
L.B.: Hasieran Geoparkeak ez zeukan egitura propiorik eta Debegesatik kudeatu zen. Horrek martxa hartu zuenean eta nazioarteko sarean onartu gintuztenean ikusi zen egitura propioa behar zuela. Orduan ni kontratatu ninduten zuzendari-kudeatzaile lanak egiteko. Asier Hilarioren kontratazioa izan zen Aldundiaren ekarpena, ordurako Biotopo Babestuaren zuzendari zientifikoa zelako eta bere konpetentziak Geoparkera zabaltzea aukera ona zelako. Segituan ikusi genuen komunikazioaren arloa indartzeko beharra eta hor beste bi lagun ari dira lanean. Turismoari dagokionez, hiru herrietako turismo bulegoek egiten dute lan hori. Hezkuntzaren lan ildoa izan da indartu dugun azkena eta hor koordinatzaile lanak egiten dituen beste figura bat sortu da, ingurumen eta hezkuntza koordinatzailea. Gure helburua beti izan da ez bikoiztea lanpostuak, hiru udaletako teknikariak inplikatzea beraien esparruetan.
A. H.: Badaude munduan geoparkeak 35 langile dauzkatenak; adibidez, gidari guztiak geoparkeko langile direnak. Ez da hori gure eredua. Gure helburua da egitura txiki batekin lurralde honetan dinamikak sortzea bertan proiektuak sor eta gara daitezen.
Zer balantze egiten duzue hamar urte hauetan egindako bideaz?
L. B.: Dudarik gabe, geoturismoa erreferente bihurtu da. Duela hamar urte eskaintza oso mugatuta zegoen uda partera eta bisita jakin batzuk baino ez ziren eskaintzen. Excel orri batekin eta telefono batekin kudeatzen zen orduan. Gaur egun daukagun eskaintza oso konpletoa da. Horrek ekarri ditu bisitari asko, kontratazio asko turismo aldetik... Hori da gehien ikusi dena, kanpora begira egiten delako. Baina beste lan batzuk ere egin ditugu. Zientzia ikerketa egin da, ondarearen kontserbazioan lan egin da, eta sentsibilizazioan eta dibulgazioan lan handia egin dugu. Eta eman ditugu lehen urratsak aurrera begira garrantzitsuak izango diren ildoak martxan jartzeko. Hezkuntzarekin bizpahiru urte daramatzagu lanean baina oraindik lan asko daukagu egiteko. Gauza asko egin ditugu eta erronka berriak sortu dira.
Eta zertan gelditu da hankamotz, non ikusten duzue gabezia handiena?
L. B.: Lan handia daukagu egiteko herritarrekin, herritarren partaidetzarekin eta inplikazioarekin. Hor lan asko dago egiteko. Antolatuta dauden elkarte eta taldeengana errazago iristen gara, baina hor badago zeregina. Ikusten da oraindik batzuek ez dutela Geoparkea bere osotasunean ulertzen. Batzuentzat Geoparkea da flyscha, kostaldea, harriak. Hor badago lan bat egiteko, azaltzeko zer den Geoparkea eta parte har dezaten.
A. H.: Geoparkea kanpokoentzat den pertzepzio hori badago. Zorionez, gero eta jende gehiagok ulertzen du Geoparkeak barrura begira ere egiten dituela gauza asko eta, berez, hori dela helburu nagusia. Ikusten ari gara antolatzen ditugun ekintzetan gero eta jende gehiagok parte hartzen duela, baina oraindik falta zaigu bertako herritarrek Geoparkea berena sentitzea, herrien garapenerako tresna egokia dela ikustea, modu ezberdinetan. Garapena uler daiteke ikuspegi ekonomikotik, eta hor Geoparkeak egin behar du bere ekarpena; baina garapena ulertu behar da, baita ere, bertako ondare, kultura, historia edota nortasunaren balioa azpimarratzea dela, zure ingurunea hobetu ezagutu, ulertu eta maitatzeko. Geoparkeak horretarako tresna garrantzitsua izan behar du. Estrategiak izan behar du ondare geologikoa kultur ondarearekin lotzea eta elkartuta aurkeztea eta esplikatzea. Kultur ondarea oso lotuta baitago tokiko geologiarekin. Adibidez, olagarroaren kultura daukagu sekulako harraldea eta marearteko gunea dauzkagulako. Eta zergatik daukagu halako marearteko gunea? Flyschak leku horretan daukan konposizioagatik eta gertatu den higaduragatik. Beraz, geoparke batek gai izan behar du esplikatzeko nola lurraldearen ezaugarri geologikoek baldintzatzen duten beste guztia: gure kultura, ekonomia, nortasuna...
Aurrera begira, non jarriko dituzue zuen indarrak?
L. B.: Ondare geologikoarekin batera, kultur ondare aberatsa daukagu gure geoparkean. Historiaurrea, itsas ondarea eta euskara izango dira aurrerantzean guretzat lan ildo garrantzitsuak. Hiru herriak daude kostaldean eta hirurek dute lotura oso estua itsasoarekin. Mutriku arrantzari lotuta, Deba merkataritzari eta Zumaia gehiago ontzigintzari. Guk hori ezin dugu ahaztu, hiru herriak lotzen dituen garapenerako aukera bat bada. Hor ez gara izango gu liderrak. Ikusi beharko dugu nortzuk ari diren horretan lanean eta sinergiak lortu.
A. H.: Eta historiaurrea da Geoparkeak daukan altxor ezkutuetako bat. Jende gehienak ez daki historiaurrean Deba bailarak daukan potentziala. Hogei aztarnategi arkeologiko baino gehiago daude, eta ematen digu aukera ulertzeko nolakoa izan den gizakiaren eboluzioa azken 200.000 urteetan. Hori guztia espazio hain mugatuan edukitzea oso berezia da. Gizakien bizimoduaz gain, kontatuko dugu nolakoa zen ingurune hau garai bakoitzean, zer bilakaera izan duten klimak, landarediak, basoek, non zegoen itsasoa... Geologia, arkeologia eta kultura elkarri lotuta lantzeko eta esplikatzeko sekulako aukera daukagu hemen. Eta oso gutxitan egindako lana da.
Eta hori guztia gauzatzeko proiektu zehatzik ba al dago?
L. B.: Bai, aurreproiektua Zaragozako enpresa bat ari da amaitzen. Amaitu bezain pronto, faseka jarriko dugu martxan. Hainbat aktuazio egingo dira, osagarriak denak. Aurten lehen fasearekin hasiko gara. Debatik ateratzen den ibilbide bat izango da, momentuz, Sasiolako begiralekuraino. Helburua da Praileaitzeraino eta Ermitiaraino luzatzea, haiek prestatzen direnerako.
Eta hemendik hamar urtera nola imajinatzen duzue Geoparkea?
A. H.: Kontu zehatzak aipatzeko, adibidez, historiaurreko proiektua ordurako guztiz amaituta eta sendotuta egongo dela espero dut. Gaur egun Geoparkeak badauka produktu bat, Flyscha, mundu guztiak ezagutzen duena. Hamar urte barru historiaurrearekin lotuta ere erreferente izan beharko litzateke, gutxienez Euskal Herri mailan. Hezkuntzan ere uste dut errotuago eta zabalduago egon beharko ginatekeela gure hezkuntza sistemako ikastetxeetan. Flyscharen aldetik, uste dut gehiena egina dagoela, ez dut uste asko aldatuko denik. Eta azkenik, nahiko genuke herritarrak eta Geoparkea elkarrengandik gertuago egotea. Baina hori guk lortu beharreko zerbait da.
L. B.: Gobernantza aldetik ere nahiko genuke herrietako elkarteen partaidetza erraztea eta bultzatzea. Eta kanpora begira, gure erreferentzialtasuna indartzea da gure nahia. Ondare geologikoaren balioa azpimarratu nahi dutenekin elkarlana sustatu nahi dugu.
Geoparkeena nazioarteko sarea da. Hamar urte hauetan, zer leku egin du Geoparkeak mapa horretan?
A. H.: Hori ez dago ondo guk esatea, baina gurea, txikia izanik, sareko erreferente bihurtu gara munduan. Hala aitortzen digute Unescotik eta saretik bertatik. Geoparke izan nahi duten askok gugana jotzen dute gure esperientzia ezagutzera. Sarean oso ondo ikusiak gaude.
L. B.: Gure kudeaketa eredua oso esportagarria da. Askotan buruhauste handiena da nork kudeatuko duen Geoparkea. Badaude batzuk gure eredua jarraitu dutenak. Sarri etortzen dira bisitan gure geoparkea ezagutzera, edo gonbidatzen gaituzte gure eredua azaltzera.
A. H.: Hori lortu dugu gauzak ondo egin direlako, baina baita ere gure nazioarteko proiekzioa indartu nahi izan dugulako. Bertan lan egiteaz gain, kanpoan dauden erakundeetan egon behar da zure lanaren berri emateko. Egiteaz gain, egindakoa erakutsi behar da.
Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordearen presidente izendatu zaituzte, Asier, lau urterako.
A. H.: Bai, aurrez esandakoaren emaitza da. Hemen hamar urte hauetan egin dugun lan onaren errekonozimendua da. Aukera oso ona da guretzat nazioartean gure geoparkea oraindik ere gehiago ezagutarazteko.
L. B.: Guretzat ona izango da, bai horixe. “Basque Coast Geopark” oso ezaguna da nazioarteko batzarretan, asko aipatzen gaituzte.