Zumaia bizitzera etortzen den pertsona orok harrera integral bat izateko helburuarekin, harerra protokoloa osatu du udalak herriko eragileekin eta hezkuntza komunitatearekin elkarlanean. Atzo aurkeztu zuen Maider Alberdi Aniztasun zinegotziak jendaurrean, Alondegiko Oxford aretoan egindako ekitaldian. Udazkenean hasi zuen udalak harrera protokoloa osatzeko prozesua. Ondoren, Inmigrazioaren errealitatean kokatzen hizketaldia izan zen, Xabier Aierdi soziologoaren eskutik.
2014ko Anitzen sarea sortzen prozesuan hasi ziren harrera protokoloa osatzeko ideiari bueltaka, eta ideia hori berrartu zuen udalak joan den urtearen azken hiruhilekoan. Bestetik, Alberdik azaldutakoaren arabera, Oreretako protokoloa hartu zuten oinarri Zumaiakoa osatzen hasteko. Udaleko sailetako ekarpenak jaso ondoren, herriko eragileekin eta hezkuntza komunitatearekin partekatu zuten proposamena.
Harrera egituratzea eta hobetzea dira helburu nagusiak, baina Zumaiako eragileek harrera horretan orain arte egindako lana ere balioan jarri nahi du protokoloak. Gainera, "iritsiko direnen beharretara" moldatutako programa izatea beharrezkotzat jo zuen Alberdik aurkezpenean. Prozesuan parte hartu duten hiru subjektuak ezinbestekoak izango dira harreran ere: udala eta administrazioa –udalaren protokoloa izanik, ardura nagusia subjektu honek izango duela nabarmendu nahi izan zuen zinegotziak–, gizarte eragileak eta hezkuntza komunitatea.
Lehen harreman guneak antolatu gabeak dira, eta espazio eta aukera ezberdinak barnebiltzen ditu. Herrira heltzen diren pertsona horiek harrera protokoloak proposatzen dituen urratsetan txertatzea izango da asmoa. Harrera formala egingo da orduan, udal erregistroaren barruan: hainbat baliabide eta informazio eskainiko zaizkie –baliabideen gida, ongi etorri saioen informazioa eta hizkuntza baliabideak, besteak beste–. Alberdik aipatu zuen erroldarik ez duten herritarrek ere jasoko dutela harrera hori.
Oinarrizko beharrizanak atzematea izango da hurrengo pausoa, horien artean, gizarte beharrizanak eta hizkuntza eta hezkuntza baliabideak. Integrazio prozesuarekin jarraitzeko, informazio saioak, integrazio kulturalerako bitartekoak nahiz ekimen puntualak eskainiko ditu protokoloak.
Protokoloaren barruan, bestetik, udaleko sail bakoitzaren funtzio eta eginbeharrak zehaztu dituzte. Aniztasun saila eta idazkaritza/udal arreta zerbitzua izango dira erreferentziazko guneak udal administrazioan.
Ebaluazioa eta erronkak
Alberdik iragarri zuen, gainera, ebaluazio saioak egingo dituztela tartean behin. Protokoloa baloratzeaz gain, etorkizunean herri bezala harrera integral horretan egon daitezkeen hutsuneak eta erronkak identifikatzeko saioak izango dira. Harrera protokoloa dinamikoa izatea nahi dute, etengabe Zumaiara heltzen direnen beharretara moldatzen joango dena. Alberdik gaineratu zuen partaidetzaren aplikazioan ikus daitekeela harrera protokoloa bera. Nahiz eta harrera protokoloaren prozesua bukatutzat eman, "herritarren proposamenetara zabalik" daudela gaineratu zuen Alberdik.