Orduan bai

Txahal baten ibilerak

Imanol Azkue Ibarbia 2021ko mar. 21a, 09:00

Txertaketa, 1890 inguruan, Bartzelonan (Bartzelonako Udala).

Prest dira COVID-19aren aurkako txertoak eta denok txertatu beharko dugu, pixkanaka. Lehendik ere ezagunak ditugu txertaketa kanpainak (batez ere urtero egiten den gripearena), baina duela 135 urteko batekin alderatuz gero, harritzeko motiborik aurkituko dugu, batez ere protagonistetako bat txahal bat izan zelako, eta haren arrastoei jarraituko diegu.

Erdaraz bakuna, euskaraz txertoa

Nafarreria, baztanga edo biruela da gizakiak Lurretik erabat desagerrarazi zuen lehen gaitz infekziosoa, eta txertatzeko programa arrakastatsu eta luze baten ondorioz izan zen.

XVIII. mendearen amaieran, Edward Jenner mediku ingelesa konturatu zen behizainek ez zutela inoiz baztanga larririk izaten, aurretik behi baztanga pasatu izanak giza baztangatik babesten zituelako. Hori ikusita, 1796an 8 urteko haur bati besoa marratu eta zaurian behi baztangadun pertsona baten zornea jarri zion. Sei aste geroago, behi baztangaren sintoma arinak desagertu zirenean, giza baztangaren birusa sartu zion mutilari, baina ez zen gaixotu, antigorputzak sortuta zeuzkalako, immunizatuta zegoelako. Horixe da gaur egungo txertaketen jatorria, eta “vacuna” izena eman zioten gaztelaniaz eta “vaccin” frantsesez behiaren jatorriarengatik. Euskaraz, berriz, “txerto” erabiltzen hasi ziren; latineko insertotik dator hitza, eta berez txertatzea da landare baten adarrean beste landare mota baten adartxoa itsasteaharen orpotik honek fruituak ekar ditzan; bitxia da nola egin zuen salto hitzak baratzeko edo soroko lanetatik erizaindegira.

Besorik beso, txahalak erabili arte

Baztangaren txertoa emateko, ez zegoen behi baztangaren behar adina kasu, eta hasieran txertoa gizakitik gizakira besoz beso pasatzen zuten, garai batean gizakiek elkarri sua zuzi bidez pasatzen zioten bezala. Halaxe eraman zuten txertoa Amerikara 1803an, Alacanteko Francisco Xavier Balmis medikuaren ekimenez: 22 haur umezurtz hartu, Coruñan itsasontzi batean sartu eta Amerikara abiatu ziren; bidaian, medikuak behi baztanga banan-banan inokulatzen zien haurrei, elkarren segidan eta besoz beso, txertoa bizirik iristeko Amerikara[1]. Horrela “garraiatzen” zen txertoa, harik eta italiar batek txertoa garraiatzeko beste era erosoago bat aurkitu zuen arte, 1864an: txertoaren linfa[2] txahal batetik bestera pasatu, gizakiari sartu beharrik gabe. Horrela, txahalen bidez, animalia herriz herri eramanda, txerta zezaketen jendea, zuzenean. 

Herriko egoera eta txertaketa

Baztanga gaitza ez zen berria gurean, lehendik ere ahalegin ugari egin zituzten ezabatzeko, baina alferrik. Zumaian egoera ez zen samurra, eta horren erakusgarri da La Voz de Guipuzcoa egunkarian, 1885-03-05ean, azaltzen zen panorama:

Abandono incalificable

Tenemos noticias fidedignas de que en Zumaya, pueblo muy castigado por la viruela, no tan solo no se han tomado las medidas sanitarias que son de rigor en estos casos, sino que rige el más escandaloso desorden; la autoridad local no se cuida allí de oponer a la epidemia el dique que aconsejan la ley, la prudencia y hasta el instinto de propia conservación. Ni se fomenta la vacunación, ni se aíslan los enfermos, ni se fumigan y se separan las ropas de los variolosos, ni se desinfectan las habitaciones, ni se observa, en fin, precaución alguna, de un modo oficial y ordenado, para extinguir los focos de contagio”[3].

Alkateak gogor eta haserre erantzun zion testu hari, puntuz puntu, eta Udaleko Osasun Batzordeak zorionak eta eskerrak eman zizkion. Egun berean, Batzordean beste gai hau ere aztertu zuten: Aldundiaren ekimenez, Logroñoko Instituto Higiénico erakundeko medikuak prest zeuden Zumaiara ere etortzeko Donostiatik, herritarrak txertatzera, eta aho batez onartu zituzten batzordekideek baldintzak eta proposamena; geroago, udal akta batean jasota dagoenez, mediku haiek herriz herri ibiliko ziren “en la vacunación desde la ternera”[4], hau da, txahal batekin eta jendea zuzenean txertatzen, eta Aldundiak jakinarazi zien gure agintariei Zumaia zela txahala utzi behar zuen herrietako bat.

Edward Jenner lehen txertoa jartzen, Ernest Board-en koadroan (argazkia: AFP).

Non dago gure txahala?

Ez dago txertaketaren gaineko bestelako daturik, baina pentsatzekoa da dena ondo joango zela. Txertaketa hura ia ahaztuta zeukatenean, bi urte geroago, 1887an, hara non jaso zuten udaletxean Aldundiaren beste idatzi bat, galdetzeko zer gertatu zen Logroñoko hiru medikuek Zumaian utzitako txahalarekin: “Ignorándose el paradero que hubiese tenido la ternera, la comisión ha practicado sus investigaciones, de las cuales resulta que después de haberse servido de ella en los pueblos desde Usurbil hasta Cestona, fue entregada en esa villa últimamente”[5]. Udal ordezkarien erantzuna, hauxe: “la ternera se vendió en esta villa por el precio de 50 pesetas y que la nueva que prestó esta villa le costó 120 pesetas”[6]. Beraz, mediku errioxarrek txahal bat utzi eta beste bat hartu zuten, eta berriarekin abiatu ziren hurrengo herrira, Zestoara. Aldundiaren beste idatzi batean azaltzen denez, ekarritako txahala oso egoera kaskarrean zegoen, eta horregatik saldu zuten hain merke, oso diru gutxi lortu zuten: “la exigua suma de 50 pesetas, a causa de hallarse a la sazón completamente escuálida y estropeada”[7]; halaber, Aldundiak agindu zuen txahal berriaren gastua (128,78 pezeta) aurreko txahala erabili zuten bost herrien artean ordaindu behar zutela, hau da, Usurbil, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiaren artean (bakoitzak 18,23 pezeta ordainduta), eta salmentako 50 pezetak ere erreklamatu zizkion Zumaiako alkateari, “se servirá usted dar su ingreso en mi Tesorería general”[8].

Zumaian erosi eta medikuek Zestoara eraman zuten txahal harekin zer gertatu zen jakin nahian, zumaiarrek idatziak bidali zituzten ibilaldiko herrietara, eta pixkanaka erantzunak jasotzen hasi ziren. Horrela, Azpeitiko alkateak erantzun zuen errioxarrek han ez zutela utzi txahalik; aitzitik, beste txahal bat ere eraman zutela handik: “no dejaron en esta villa ternera ninguna, sino al contrario llevaron otra que les facilitó este Ayuntamiento; y por más gestiones que practicamos en averiguación de su paradero todo fue inútil”[9]. Elgoibarko alkateak, berriz, han ere ezetz, eta Eibarren edo Bergaran geratuko zela. Gainera, Zumaiako agintariek txertaketan ibili ziren mediku errioxarrei ere idatzi zieten, eta hango buruak erantzun zienez, txahal hura Eibarren geratuko zen:

“debemos manifestarle que no siéndonos posible después del tiempo transcurrido precisar como desearíamos aquella pregunta, en nuestro deseo de complacer a usted hemos consultado el itinerario seguido por la comisión vacunadora y como tenemos la absoluta seguridad de habernos ajustado a él estrictamente, deducimos con grandes probabilidades que la ternera de que se trata o sea la facilitada por ese pueblo de Zumaya debió quedar en el de Eibar”[10].

Orduan, udal ordezkariek erreklamatzea erabaki zuten. Azkenean, onartu zuen Eibarko Udalak, 1889an: “después de varias pesquisas practicadas en averiguación del paradero de la res que la comisión vacunadora trajo a esta villa en 1885, quedó en esta localidad, la cual sin conocimiento de la autoridad se sacrificó y se comió”[11], eta Eibarko alkateak adierazi zuen prest zegoela zenbatekoa ordaintzeko, kontua helaraziz gero: “el Ayuntamiento está pronto a abonar a esa Villa el importe de la misma, tan pronto como usted me remita la oportuna cuenta”[12]. Borondatea, behintzat, bazegoen… Arkatzez, beste orri solte batean, ohar hau dago idatzita, Fernando Trueba Zumaiako udal idazkariaren letrarekin: “A Eibar se mandó la cuenta con oficio en 16 Abril 87, Ptas. 161-12”[13].

Oraingoan, 2021ean, txahalik ez daukagu txertaketan, eta komeria gutxiago izango ahal ditugu, batez ere ondorenean.

[1] Pelikula bat ere badago: 22 Ángeles. Trailerra hemen: https://www.youtube.com/watch?v=1fKX1yFjW8E. Bidaia hartan, bereziki azpimarratzekoa da Isabel Zendal galiziarraren papera; izan ere, bera arduratu zen umeak aurkitzeaz eta haien osasunaz bidaia osoan, eta historiako lehen erizaintzat ere jo izan dute.

[2] Linfa: proteina eta linfozito asko duen likidoa, organismoan zehar eta batez ere linfa basoetan zehar zirkulatzen duena (Harluxet hiztegi entziklopedikoa).

[3] Egunkarikoa hitzez hitz dago jasota akten liburuan: Zumaiako Udal Artxiboa, 79.01, 1885-03-07an.

[4] ZUA, 2823 (98), 1885-03-12an.

[5] ZUA, 79.3, 1887-03-21ean.

[6] ZUA, 2823 (189), 1887-03-31n.

[7] ZUA, 79.3, 1887-08-23an.

[8] Ibidem.

[9] ZUA, 79.3, 1887-05-11n.

[10] ZUA, 79.3, 1887-06-18an.

[11] ZUA, 79.3, 1889-07-11n.

[12] Ibidem.

[13] ZUA, 79.3, datarik gabe.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide