Autoritarismoa hezkuntzan eta IKAS plataforma

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Umerez 2021ko mar. 23a, 09:05

Argi dago gaur egungo pandemia egoerak autoritarismoaren gorakada areagotu eta normalizatu duela, eta hori hezkuntza esparrura ere iritsi da, ikasle zein gazte langileok kriminalizatuz. Horrek, edozein arazoren aurrean gaztea erruduntzat jotzea dakar. Inolako arrazionalizaziorik gabe, besteen osasuna arriskuan jartzen ari garela aurpegiratzen digute etengabe.

Hezkuntza sistemaren arduradun nagusiek irakasle zein ikasleongan utzi dute ardura guztia, hau da, langile klasearen bizkarretan. Gizarte osoaren ongizatearen izenean, irakasleen lan karga handitzeko eta ikasleon eskubideak murrizteko protokolo pila bat betearazi dituzte. Hori dela eta, ikasleok geldirik egotera behartzen gaituzte, politikoki zein aisialdi jardueretan. Gainera, burbuiletan gelakoekin bakarrik egon ahal izateak beste taldekoekin harremanak eteteraino ere eraman izan gaitu zenbait kasutan, gazteontzat horren garrantzitsua den sozializazioa hautsiz.

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi protokoloa aurrera eramateko irakasleek zorroztasun handiagoz jokatu behar izaten dutela, haiekin dugun harremana okertzera helduz.

Ez dugu alde batera utzi behar egoera horrek guztiak ekarri duen antolaketarako eta protestarako oztopoa; esate baterako, hitzaldiak, kontzentrazioak edo formakuntzak egiterako orduan izan ditzakegun zaitasunak. Protokoloa askoz zorrotzagoa eta korapilatsuagoa izanik, negozioazioa luzatzeko beharra dago ekimenak prestatzerako momentuan. Arrazoi horiek, ikasleon batasunari eta eraketari eragiten diote, gure borroka apalduz eta gure antolaketa saihestu nahi duen burgesiari mesede eginez.

Horri guztiari aurre egiteko IKAS plataforma daukagu. Ikasle Autodefentsa Sarearen helburua langile klaseko ikasleriaren interesei mesede egitea da. Hezkuntzan egon daitezkeen injustizien aurrean, ikasleok ere badaukagulako zer esan eta zer gehitu. Urtarriletik hona, IKASek borroka-prozesuak abiatu ditu hainbat eskualdetan, bigarren hezkuntzako zentroetako ikasleen ikas baldintzak hobetzeko. Gasteizen eta Iruñean, adibidez, aldarrikapenak betearaztea lortu dute ikasleek, zuzendaritza-taldeekin negoziazio mahaiak ireki ostean. Dinamikaren baterajotze gisa, Hego Euskal Herriko eskualde ugaritan mobilizazioak deitu dira martxoaren 25erako, ​Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña! lemapean. Zumaiako Ikasle Abertzaleok ere Donostian egingo den mobilizaziora batuko gara, 12:30etan Tabakaleratik abiatuta. Gure interesak eta eskubideak defendatzeko bertaratzera dei egiten diogu Zumaiako ikasleriari.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide