Hasteko, definitu dezagun gaur eguneko kontestu energetikoa datuekin. Mundu mailan kontsumitzen den energiaren %11 inguru soilik da jatorri berriztagarrikoa (kontsumo elektrikoaren %26 pasatxo)[1]. Europan berriz, berriztagarrien ekarpena handiagoa da, azken energia-kontsumoaren %18 gainditzen du (kontsumo elektrikoaren %31). Edozein kasutan, berriztagarrien ekarpena oso da txikia, karbono neutraltasunera iristeko geratzen den bidearen zailtasunaren erakusgarri.
Biomasak, energia geotermikoak eta energia hidraulikoak gaur egun duten pisua handia den arren, etorkizunean emango den berriztagarrien hedapenean haize eta eguzki energia izango dira energia iturri nagusiak: Egungo haize- eta eguzki-energia, 9 eta 14 aldiz biderkatzea espero da, hurrenez hurren, 2050 urterako.
Gurera etorrita, Hego Euskal Herrian (ipar Euskal Herriko datuak lortzeko zailtasunak medio) 2017. urtean azken energia kontsumoa ia 85 TWh-koa izan zen, horietatik 19.3 TWh soilik izan zirelarik elektrizitate moduan kontsumituak[2]. Beraz, kontsumitutako energia guztiaren %9 besterik ez zen energia berriztagarrien bidez sortu, Europako batezbestekoaren oso azpitik. Gaur gaurkoz, 1150 MW haize-energia eta 200 MW fotovoltaiko daude instalatuta Hego Euskal Herrian, zati handiena haize turbinak eta panel fotovoltaiko asko bateratzen dituzten parke handietan.
Beraz, energia berriztagarrien ekarpena handitu nahi bada, era horretako zein bestelako instalazio dezente beharko dira etorkizunean. Izan ere, 2050. urterako kontsumoa erdira murriztuko bagenu ere, energia kontsumo guztia (45 TWh inguru) berriztagarrien bidez estali ahal izateko egungo energia berriztagarri potentzia instalatua boskoiztu egin beharko genuke. Transformazioaren handitasunaz ohartzeko, kontuan izan Eusko Jaurlaritzak proposatutako 4 haize-energia parke berriek, ez dutela gehitu beharreko potentzia instalatuaren %5 ere betetzen, nahiz eta egungo EAEko potentzia instalatua hirukoiztu ia.
Erantzun ditzagun, bada, lehen planteatutako galderak.
Azpiegituren eskala
Energia berriztagarrien aldaera ezagunena mendi zein larreetan ikusten ditugun haize turbina edo eguzki-panel fotovoltaiko parke handiak dira, hamarnaka turbina edo milaka panel elkarren ondoan jarrita. Izan ere, orain arte teknologia hauek zuten kostua zela eta, enpresek eskala handietara jo behar izaten zuten bideragarritasun ekonomikoa lortzeko. Adibide modura, Oiz mendian kokatuta dagoen 25 MWko haize energia parkeak 30 turbina biltzen ditu eta orain gutxi Araban eraikitako 24 MWko EKIAN eguzki energia parkeak, berriz, 67.000 eguzki-panel.
Teknologiaren garapenaren ondorioz, panel fotovoltaikoen zein haize turbinen prezioa jaitsi denean – gogoratu energia iturri merkeenak direla gaur gaurkoz– eskala txikiagoko instalazioak ere bideragarri bihurtu dira, eta honek etxebizitzen zein beste eraikuntzen teilatuetan instalatutako eguzki-panel fotovoltaikoak ugaltzea ahalbideratu du.
Azpiegituren kokapena
Instalazioen eskalak zuzenean eragiten du instalazioen kokapenean. Eskala handiko instalazioak ekonomikoki errentagarriagoak izan ohi dira, baina lur-eremu zabalak okupatu ohi dituzte, sarri beste erabilera batzuk izaten dituzten lurrak edo balio ekologiko garrantzitsua dutenak. Dena dela, energia berriztagarriak ez dira beti beste erabilera mota batzuekin bateraezinak izaten eta Greenpeace talde ekologistak argitaratutako txosten batek dio haize- zein eguzki-energiak erabat bateragarriak direla, adibidez, nekazaritza edo abeltzaintza bezalako beste jarduerekin[3].
Eskala txikikoak, aldiz, errentagarritasun ekonomiko baxuagoa izan arren, kontsumo puntuan bertan instalatzen dira, aurrez existitzen diren eraikin edo azpiegituren teilatuetan integratuz. Ondorioz, ez dute lur-eremu gehigarririk behar izaten eta sorkuntza eta kontsumo puntuen arteko distantzia laburtuz, elektrizitatearen garraioan ematen diren galerak minimizatzea ahalbideratzen dute.
Teknologiaren garapenak, prezioak jaisteaz gain, orain arte pentsaezinak ziren kokapen batzuk aprobetxatu ahal izatea ere ekarri du. Haize- edo eguzki-energia parkeentzat kokagune egokiak topatzeko lehorrean dauden zailtasunak medio, azken urteetan uretara jauzi egin dute bi teknologiek: haize turbinak itsasoan eta eguzki-panel fotovoltaiko flotagarriak laku edo ibaietan instalatzen hasi dira. Itsasorantz eginiko jauzia bereziki interesgarria da, itsasoko haize turbinak gaur egun lehorrean ikusten ditugunak baino dezente handiagoak izango baitira potentzia zein tamainari dagokionean: 20 MW arteko potentzia eta 220 m arteko diametrodun turbinekin, futbol-zelai baten luzerako palaz osatutako turbinak.
Azpiegituren jabetza-eredua
Instalazioen eskalak, kokapenean duen eraginaz gain, berriztagarrien parkeen jabetza-ereduak ere baldintzatzen ditu. Instalazio handiek hasierako inbertsio oso altuak eskatzen dituzte eta inbertsio maila horiek enpresa energetiko handien esku bakarrik daude. Eskala txikiko instalazioak berriz, inbertsio maila baxuagoa eskatzen dute eta, ondorioz, etxejabe bakar baten edo herritar talde txikien eskura dauden inbertsio mailak izan ohi dira.
Eguzki-energiaren kasuan, eskala txiki zein ertaineko instalazioak eraikin publiko edo pribatuen teilatuak zein herrian bertan dauden lursailetan eraikitzen dira. Haize-energiaren kasuan ere antzekoa da egoera, baina haize turbinak, normalean, ez dira eraikinen teilatuetan kokatzen, herritik gertu dauden lur-eremuetan baizik.
Bi kudeaketa mota ezberdindu ohi dira, teknologia edozein delarik ere: herritarrek osatutako energia sorkuntza eta kontsumo kooperatibak edo udal instalazioak. Haize-energiari dagokionean, Alemaniako Ipar Frisia eskualdearen kasua oso esanguratsua da, 60 haize energia parke eta 700 MW inguruko potentzia instalatua izanik, %90 baino gehiago eskualdeko herritarrek kudeatzen baitituzte. Orokorrean ere, Alemania osoan instalatutako berriztagarrien ia %50 dago inbertsore txikien eta kooperatiben esku[4].
Eskala txikiko herritar kooperatibek kudeatutako instalazioek abantaila ugari dituzte eskala handiko parkeen aldean: energiaren inguruan herritarren kontzientziazioa sakontzea ahalbidetzen dute, herritarren parte-hartzea sustatzen dute, ez dute lur-eremu gehigarririk okupatzen, ez dute ekosistemarik suntsitzen, galerak murrizten dituzte eta mozkinak erakunde publiko edo herritarren artean banatzen dira, komunitatean egiten diren inbertsio bilakatzen direlarik.
Baina eskala txikiko instalazioak soilik erabiliz, ezinezkoa da daukagun kontsumo-maila berdintzea, ezta kontsumo-maila hori, aurrez iradoki bezala, erdira murriztuko bagenu ere. Ondorioz, eskala ezberdineko instalazioen konbinaketa ezinbestekoa da; herritarren parte-hartzea sustatzen duten eskala txikiko instalazioak ahalik eta gehien aprobetxatu beharko dira eta falta den energia zatia, beti ere kontsumoa ahal den neurrian murriztu ondoren, eskala handiagoko energia-parkeekin estali.
Herrien papera burujabetza energetikoan: Zumaiako kasua
Energia Berriztagarrien Agentzia Internazionalak (ingelesezko International Renewable Energy Agency, IRENA) bere azken txostenean nabarmentzen duen moduan, herri eta hirien parte-hartzea beharrezkoa izango da trantsizio energetikoan, energia berriztagarrien instalazio deszentralizatu eta komunitarioak eraikiz. Ondorioz, aurrez aipatutako eskala txikiko instalazio berriztagarriak gero eta sarriago ikusiko ditugu, eraikin publiko zein pribatuetako teilatuetan eta herri inguruetako lur-sailetan. Hurrengo urteetan nonahi sortuko dira komunitate energetikoak zein energia kooperatibak, energia berriztagarria eta lokala herritarrek eta herritarrentzat sortzeko tresna gisa.
Zumaian bertan ere izango dute oihartzuna era horretako mugimenduek. Zumaian, herri gehienen kasuan bezala, eguzki-energia izango da iturri berriztagarri aipagarriena. Hala aipatzen du Zumaiako Udalarentzat Aitor Ossak osatu berri duen azterketak[5], nahiz eta haize energia, hidraulikoa eta bioenergia ere aztertzen diren.
Bertan, Zumaiako herriak duen energia kontsumoa 281 GWh inguruko dela estimatzen da, horietatik 81 GWh (%30) energia elektrikoa direlarik. Herriko eraikuntza publiko zein pribatuen teilatuak eguzki-panel fotovoltaikoak ezartzeko aprobetxatuz, 16 GWh sortu ahal izango lirateke eskala txikiko instalazioen bidez, kontsumo osoaren %6 eta kontsumo elektrikoaren %20 . Herritarren kasuan, etxebizitzen teilatuetan ezarritako autokontsumoko instalazioen bidez etxebizitzetan kontsumitutako energia elektrikoaren %40 herritarrek beraiek sortu ahalko luketela aurreikusten da. Udalari dagokionean berriz, bere eraikinetako teilatuak aprobetxatuta, eraikin horien argindar kontsumoaren %78 lortu ahal izango luke eta udalaren argindar kontsumo totalaren ia %40.
Jauzi kualitatibo garrantzitsua litzatekeen arren, energia kontsumo osoaren zati txiki bat soilik estali ahal izango litzateke eskala txikiko autokontsumo instalazioen bidez. Beraz, energia kontsumoa drastikoki murriztuko bagenu ere, herrian kontsumitzen dugun energia osoaren zati handi bat geratuko litzateke estaltzeke.
Hori dela eta, Zumaian zein beste edozein herritan, eskala ertaineko instalazioak izan litezke autokontsumoko instalazioekin estaltzeke geratzen den zatia murrizteko era egokiena. Instalazio ertain horiek herrian bertan dauden lurretan eraikiko lirateke eta, ahal den neurrian, herritarrek beraiek sortutako kooperatiba bidez kudeatu, herritarrek eta herritarrentzat filosofia mantenduz. Adibidez, hektarea bateko eta MW bateko instalazio ertain batekin, 625 familiaren argindar kontsumo osoa hornitzeko adinako energia gehigarria sortu ahal izango litzateke.
Eskala txiki zein ertaineko instalazioen inpaktu ekologikoa oso txikia litzateke eta energia trantsizio baten beharraren inguruan eztabaida sortu eta kontzientzia energetikoa esnatzeko sekulako ahalmena duten instalazioak lirateke, batez ere instalazio horien plangintzan, eraikuntzan eta energiaren kudeaketan herritarren parte-hartzea bermatuko balitz.
Herritar kooperatiba horiek kontzientziazio ariketa kolektibo bihurtuz, energia trantsizioaren garrantziaz eta trantsizio hori arrakastatsua izan dadin gaur egungo kontsumo ereduak daukan pisuaz ohartzen den pertsona bakoitza mundu benetan jasangarri baterako bidean jarritako eguzki-panel bakoitza baino garrantzitsuagoa izango da.
[1] REN21 (2020). Renewables 2020 Global Status Report
[2] Euskal Autonomia Erkidegoko datuak EUSTATen datu basetik hartu dira eta Nafarroari dagozkionak berriz, Nafarroako Balantze Energetikoaren txostenetik.
[3] X. Gracía, J. Domínguez, J. Linares eta O. López (2005). Renovables 2050: Un informe sobre el potencial de las energías renovables en la España peninsular.
[4] Iñigo Capellan Pérez, Álvaro Campos Celador, Jon Terés Zubiaga (2018). Las cooperativas de energías renovables crecen a pesar de las barreras burocráticas en España. Energy Policy aldizkarian argitaratutako lanaren laburpena.
[5] Aitor Ossa (2020). Zumaiako Energia Estrategia 2020.