Gora doa Zumaian hautemandako kasu positiboen kopurua. Atzo egindako PCR eta antigeno probetan beste hamabi kasu baieztatu dituzte, beraz, dagoeneko 41 dira aste honetan zenbatutako kasu berriak. Atzokoan bezala, hamabi emaitza positibo izan ziren asteazkenean, zortzi asteartean eta bederatzi astelehenean. Aurreko astean erregistratutako datuekin alderatuta, beraz, igo egin dira kasuak: aurreko astelehenetik ostegunera bitartean (apirilaren 5etik 8ra) hamabost emaitza positibo izan ziren herrian.
100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak izugarri egin du gora aste honetan. Aurreko ostiralean, apirilaren 9an, 335,81ekoa zen tasa, baina 700eko langa pasatu du gaurkoan: 702,15ekoa da azkeneko datuak kontuan hartuta. 600,39koa zen bezperan.
Zumaia asteartean sartu zen eremu gorrian 400eko muga gaindituta, eta ordutik, egunetik egunera igo egin da kasu metatuen tasa. Momentuz ez dute neurri murriztaile gehigarririk ezarri Zumaian, baina Eusko Jaurlaritzak datorren aste hasieran eguneratuko du eremu gorrian dauden herrien zerrenda. Hala, datorren astean itxiko lukete herria.
69 kasu Urola Kostan
Herenegun bezala, atzo ere 69 kasu positibo atzeman zituen eskualdean Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, eta okerrera egiten jarraitzen dute intzidentzia metatuen tasek. Izan ere, eremu gorrian sartu da Azpeitia ere. 387,65eko intzidentzia tasa zeukan herenegun, 400eko langatik oso gertu, eta atzo gainditu egin zuen, gutxigatik izan arren; 400,79.
Hala, 11 herrietatik zortzi daude eremu gorrian, hau da, 400dik gorako intzidentzia tasarekin: Zumaiaz gain, egoera horretan daude Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz, eta 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten Aia, Getaria eta Zestoa.
Zumaian gertatu bezala, datorren astelehenera arte ez dute neurri murriztailerik hartuko Azpeitian, ezta herri txikietan ere. Datuek horrela jarraitzen badute, ordea, Azpeitia ere itxi egingo dute, eta litekeena da herri txikiekin ere neurri berak hartzea Eusko Jaurlaritzak.
Positibo berriei dagokienez, Zarautzen atzeman dira gehienak, hemeretzi (839,51 da intzidentzia tasa orain, bezperan 770,98koa zen); Azkoitian hamalau positibo izan dira (intzidentzia tasa 1.216,05ekoa da, 1.118,25ekoa zen bezperan); Orion zazpi (831,70ean dago intzidentzia); Aian sei (906,8ko intzidentzia, 755,67koa zenean bezperan); Azpeitian bost (400,79ko intzidentzia); eta hiruna Getarian eta Zestoan (1.342,76ra igo da intzidentzia Getarian 1.236,75etik, eta 487,93koa da Zestoan).
Astebete atzera egin eta joan den ostiraleko datuekin alderatuta, nabarmen egin du okerrera egoerak Urola Kostan. Orduan, 41 kasu berri atzeman ziren.
Hego Euskal Herrian 1.115 positibo berri
Hego Euskal Herrian 12.824 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta 1.115 positibo berri atzeman zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 10.067 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta 916k eman zuten positibo, hau da, %9,1ek. Bezperan 8,7koa zen positibotasuna, eta beraz, eskualdean bezala, okerrera egin dute datuek hiru lurralde horietan ere. Araban 101 positibo atzeman zituzten atzo, Bizkaian 413 eta Gipuzkoan 389.
Nafarroan 2.757 proba egin zituzten atzo, eta 199 positibo berri atzeman dituzte. Positibotasuna %7,2koa da han gaur-gaurkoz (bezperan %7,4koa zen).
Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 67 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Osakidetzako erietxeetan COVID-19 birusagatik, eta guztira 433 lagun daude ospitaleratuta (hilabetea hasi zenean 308 zeuden). ZIUn, berriz, 132 pertsona daude ospitaleratuta (hilabete hasieran 93 pertsona zeuden zaintza intentsiboko unitateetan ospitaleratuta).