Osasun Sailak kaleratu ditu koronabirusaren bueltako datuak. Aurreko larunbatean eta igandean bezala, atzo egindako probetan zortzi emaitza positibo izan dira Zumaian. Asteburuko datuak kontuan hartuta, atzo 936,20koa zen intzidentzia tasa herrian, baina azken orduetako datuak gehituta, 100ko muga ere gainditu du tasak: 1.017,6koa da gaur-gaurkoz.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo eguneratu zuen eremu gorrian zeuden herrien zerrenda, eta horien artean zegoen Zumaia. Hortaz, udalerria itxita dago gaurtik aurrera; bizilagunak ezingo dira udalerritik irten eta beste udalerrietako bizilagunak ezingo dira sartu, ez bada lan, hezkuntza, osasun edo zaintza arrazoiengatik.
77 kasu eskualdean
Urola Kostako ia herri guztiak perimetralki itxita eta positiboen kopurua goraka. Horixe da COVID-19aren pandemia egunotan eskualdean uzten ari den errealitatea, eta adituek jakinarazi dutenez, egun batzuetan behintzat halakoa izango da egoera. Urola Kostako herrietan gauzatutako PCR eta antigeno probetan –ez dute zehazten herriz herri zenbat egiten dituzten–, orotara, 77 positibo atzeman zituzten atzokoan. Horietako gehienak, 28, Zarautzen detektatu zituen Osakidetzak, hamahiru Azkoitian, zortzi Orion –Zumaian bezala–, zazpi Aian, sei Getarian, lau Azpeitian, bi Zestoan eta bat Errezilen.
Datu horiek tarteko, herriz herriko intzidentzia tasek ere gora egin dute: 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Azkoitiak (1.376,95 da tasa), Zarautzek (1.186,45), Oriok (1.125,24) eta Zumaiak dute 100.000 biztanleko hamalau eguneko kutsatze tasa altuena; 5.000 biztanletik beherako herrietan, berriz, Aiak (1.723,22) eta Getariak (1.448,76). Azpeitian ere egoera larria da, baina intzidentzia tasa herri horietakoa baino baxuagoa da: 499,34.
Momentuz, eskualdeko hiru herri daude perimetralki itxi gabe eta neurri murriztaile gehiago ezarri gabe: Aizarnazabal, Beizama eta Errezil. Lehenengo bietan ez dute koronabirus kasu bat bera ere zenbatu azken hamalau egunetan, eta Errezilen 322 da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz.
Ospitaleratzeak gora
Hego Euskal Herriko egoera ez da batere ona, baina atzoko datuei erreparatuz gero, behera egin du positibotasun tasak. Nafarroan, guztira, 2.633 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta proba egiten zuten 157 lagunek eman zuten positibo: hau da, %6k. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 12.301 proba gauzatu zituen Osakidetzak, eta horietan 779 positibo detektatu zituen; hau da, proba egin zuten herritarren %6,3k eman zuten positibo. Tasa horiek behera egin badute ere, positibo kopuru oso altua atzeman dute Hego Euskal Herrian azken orduetan, baina milako langara ez da iritsi kopurua: orotara, 936 positibo detektatu dituzte azken orduetan.
Dena den, bada gora egin duen datu bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 115 lagun ospitaleratu zituzten atzo, joan zen azarotik jasotako daturik txarrena. Egun, 524 lagun daude hiru lurralde horietako ospitaleetan, horietatik 154 Zainketa Intentsiboen Unitateetan. Nafarroako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak jakinarazi.