Truman Capote burura

Bai, askotan gertatzen zait... Eguneroko bizitzan gertatzen zaidan zerbait irakurri edo pantailan ikusi dudan pasarteren batekin lotzea… Lotura automatikoak, ‘kank’ horietakoak. Hau Capoteren Kamaleoientzako musika liburuan datorren Egun bateko lanarekin izan dudan kanka.

Izugarri gustatu zitzaidan orain dela hiru hamarkada Truman Capoteren liburu hori eta tarteka berriro irakurri izan dut; liburua osatzen duten kontaketak nahiko fresko dauzkat nire buruan, eta ez pentsa hau beti gertatzen zaidanik. Aipatzen dudan kontaketa hori 1978ko New Yorken gertatzen da. Capotek, etxeak garbitzen lana egiten duen Mary Sanchezi berarekin etxez-etxe joaten uztea eskatzen dio eta halaxe egiten dute.

Maryk  57 urte ditu eta nahiko bizimodu gogorra darama. Baina, berak dioenez, Eliza Katolikoak bere bizitzari emandako distirak laguntzen dio bizitzen.

Badoaz biak etxez-etxe eta Maryk etxe jabeei buruz egin dituen perfilak, haien etxeak nola dauden ikusi eta berak ateratzen dituen ondorioak gustura irakutzeko modukoak dira. Garbiketa bukatzen duen aldiro, eta nahiz eta berak señora serioaren itxura izan, kanuto bat ateratzen du poltsatik –nekea arintzen laguntzen omen diote–. Capotek xurgada para bat ematen dzkie baina berarentzat gehiegi da, eta ezin du ulertu andre hori itxuraz behintzat ondo mantentzea. Momentu batean galdera hau botatzen dio: “Mary, hitz egin al duzu inoiz honetaz zure konfesorearekin?”. Honek erantzuten dio: “Ez dakien bitartean ez dio minik emango”.

Neuri, bizitza errealera etorrita, orain dela gutxi eman dizkidate sei hilabetean behin egiten ditudan analisien emaitzak. Neure burua zaintzea gustatzen zait baina aparteko ezer egin gabe; pisua eta ondo mantentzea, nire kasuan, ez da zaila egiten zaidan zerbait. Bainaaaa, tartean ginebra txukun bat hartzea gustatzen zait, eta halaxe ba Tanqueray botila bat erosi nuen afalostean kopatxo bat lasaaai hartzeko. Horrela, hiru edo lau astez... Total, guztira bi botila, eta besterik ez, e!

Kontua da analisien emaitza telefonoz eman zidala nire medikuak –Agur bat hemendik Von Wichman jauna!–, eta horrela esan zidan: “Juanma, dena oso ondo dago, defentsak eta abarrak dena ondo, BAINA transaminasak pixka bat mugituta. Aparteko alkoholik hartu duzu?”. Eta nik, eta hemen Capoteren kontaketa burura: “EZ, EZ, betiko moduan, ardoren bat edo beste. Besterik EZ”. “Baliteke orduan beste zerbaitena izatea”, eta hitz egiten segitu genuen.

Horrelaxe ba literatura eta bizitza. Portzierto, ezin aipatu gabe utzi Tom Spanbauer handiak sardina bokatak jaten bere burua nobela batean irudikatu zuenetik neuk gogotsuago eta sarriago jaten ditudala. Besterik ez gaurkoz, irribarreren bat atera badizuet, ni gustura.. Gora Capote, gora Spanbauer era gora Von Wichman!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide