1890eko estropada hura
1875ean Gerra Karlista amaitzearekin batera, amets batzuk itzali eta itxaropen berri batzuk piztu ziren; aurrerabidearen trena martxan zetorren, bizimoduan aldaketa handiak sumatzen ziren, eta horien guztien berri emateko indarra hartzen hasi ziren egunkariak. Udako festen aitzakian, estropadak antolatzen hasi ziren kostaldeko herrietan, eta garrantzitsuenak Bilbokoak eta Donostiakoak ziren; hain zuzen ere, 1890eko Bilboko estropada ondarroarrek irabazi zuten, eta Donostiakoa donostiarrek, baina elkarren aurka aritu gabe. Ondarroarrei “Kantauriko menderaezinak” titulua eman zieten, eta Donostiako Kofradiakoek hori ez zuten begi onez ikusi, beraiek ere zerbait bazirelakoan. Horregatik, desafioa bota zieten Ondarroako Kofradiakoei, baita haiek onartu ere.
Kostatu zitzaien, kostatu zitzaienez, baldintzetan ados jartzea, bi aldeak mesfidati zeudelako, lehiakideari abantaila emateko beldurrez. Gorabehera eta negoziazio asko izan ziren, eta egunkariak (La Voz de Guipúzcoa, El Noticiero Bilbaíno, El Porvenir Vascongado…) han zeuden xehetasun guztiak “iritzi publikoari” kontatzeko, estropada hartan jokoan askoz gehiago balego bezala. Alde bakoitzak 25.000 pezeta jokatu zituen (dirutza garai hartan), eta beste herritar askok ere egin zituzten apustuak (prentsaren arabera, 250.000 pezeta baino gehiago egon ziren jokoan); diruaz gain, bestelakoak ere jokatu zituzten: aziendak, etxeak, oheak, kamisetak…, batzuek zeuzkaten ondasunik onenak. Azkenean, bi aldeek baldintza hauek adostu zituzten estropadarako: azaroaren 23an jokatzea, arrantzarako erabiltzen zituzten traineruekin, 14 laguneko tripulazioekin, Lekeitiotik Getaria aldera 10 miliako ibilbidean.
Baina nolakoa zen orduko gure Zumaia, 1890ean? Oso desberdina. 2.000 lagun inguru bizi ziren, eta Aizarnazabal banandu berria zen; portua zen jarduera ekonomikoaren motorra, eta itsasontziak zebiltzan etengabe atzera-aurrera, batzuk beladunak, beste batzuk lurrun makinek eraginda; zumaiar askok, gainera, ogibidea itsasoan zeukaten, merkataritzan eta arrantzan, eta bazeuden traineruan irten eta eguneko arrantza egiten zuten zumaiarrak. Kostako errepidea egin berria zen, baita Zubiaundia ere, baina artean ez zebilen trenik, eta basadietan baratzeak baino ez zeuden; itsasontzia zen ohiko garraiobidea distantzia luzeetarako eta zumaiar asko inoiz ez ziren irten herritik.
Estropadarako data gerturatu ahala, giroa berotzen joan zen, eta prentsak kontatu zuen guztia: herritar asko joaten ziren moilara, arraunlarien entrenamenduak ikustera; apustuak gero eta gehiago ziren, eta bazirudien nahitaez zerbait jokatu beharra zegoela; borrokak ere izan ziren, zaleen artean…
Azkenean, apustua azaroaren 30erako jarri zuten. Garai hartan ez zegoen autobusik edo kamioirik, eta traineruak itsasontziz eraman zituzten, atoian, Donostiatik Lekeitiora. Estropadara ikusi nahi zutenentzat, garraiobide bereziak jarri zituzten (diligentziak, baporeak…), eta La Voz de Guipúzcoako bidali bereziak zioenez, Zumaiara ere jendetza etorri zen: ikusle ugari zeuden Santa Klara, San Telmo eta Talaimendi aldean; izugarrizko hotza egiten zuen (abenduaren 1ean zortzi gradu zero azpitik!), mendiak elurtuta zeuden eta ikusleak elurrarekin jolasean ere ibili ziren, elkarri bolak botatzen, berotze aldera.
Beraz, abenduaren 30ean, igandean, estropada hastekoa zen, baina atzeratu egin behar izan zuten, haizeagatik eta itsaso zakarrarengatik, eta azkenean asteartean (abenduaren 2an) egin zuten, astegun buruzurian, eguerdian. Manuel Beobide apaizak katalejo handia jarri zuen Santa Klaran, estropada jarraitzeko eta ingurukoei kontatzeko, eta hari esker jakin zuen kazetariak nola zihoan estropada. Hasieran pare-parean, baina gero donostiarrak aurreratu egin ziren, eta abantailari eutsi zioten amaiera arte; guztira, 81 minutu behar izan zituzten, eta ondarroarrek 1’ 28’’ gehiago.
Estropadaren ondoren, batzuen poza besteen pena, eta donostiarrak gustura, ondarroarrei irabazteagatik ez ezik, Bilbo aldean harro-harro ibili zirenei ipurdiko galanta eman zietelako ere bai. Ordura arte hain sutsu aritu zen prentsa, berriz, baretu eta horrelako apustuen aurka azaldu zen: ezinegona sortzen zutela, hondamendia zekartela…, denok ginela anai-arrebak, denok euskaldunak… 130 urte geroago, Sevillako futboleko Kopako finala gogoan, esango nuke berdin edo antzera jarraitzen dugula.
Estropadaren eremua
Bi aldeek adostu zuten estropada Lekeitiotik ekialdera jokatzea, 10 miliako distantzian, Lekeitioko San Nikolas uhartearen paretik irtenda ekialdera, Getariako San Anton mendia erreferentziatzat hartuta, baina ez zen han bukatu[1]. Hau da, hain zuzen ere, 1890-11-29an La Voz de Guipúzcoa egunkarian agertu zen krokisa. Marrazkiaren arabera, “7. Punta de Piedra Blanca” (Aitzuri) eta Zumaia artean amaitu zen estropada, “8. Punta de Piedra” jartzen duen lekuaren parean.
Orduan ez zeuzkaten gaur egun dauzkagun baliabideak, eta erronka bota diot Gonzalo Torre lagunari, baita hark onartu ere: zehatz-mehatz zer paretan amaitu zen kalkulatzea. Hasieraren eta amaieraren artean lerro zuzena eginda eta 10 milia kalkulatuta, hauxe ondorioa: Algorri-Itzurunen parean bukatu zen, eta puntu horretatik kostaldera lerro perpendikularra marraztuz gero, Baratzarrak/Palankamugarri parean lehorreratuko ginateke, hau da, Debaren eta Zumaiaren arteko mugan.
Eta gurean?
Kostaldeko beste herrietan bezala, gurean ere estropadak egiten ziren, eta erreferentzia ugari daude Zumaiako Artxiboko paperetan, batez ere XIX. mendearen amaieratik aurrera eta ia beti udararekin eta festa giroarekin edo kanpotarren etorrerarekin erlazionatuta; izan ere, sarritan, udatiarren aitzakian antolatzen ziren, haiei ikuskizuna eman edo haiek entretenitu nahian.
Udaleko dokumentazioa begiratuta, bada, adibidez, 1865eko abuztuko agiri bat; bertan, donostiarrek gonbidatu egin zituzten zumaiarrak estropadan parte hartzera, errege-erreginak han izango zirela eta; zumaiarrak prest zeuden joateko, baina baldintza batekin: “no habrá inconveniente en que se presente la lancha traiñera de este puerto en aquella concha el día señalado para los festejos de la próxima venida de S.S.M.M. y Real familia, siempre que no se presente a la regata alguna o algunas lanchas de construcción y forma de las que hay en Fuenterrabía, sino que comúnmente se conozcan con el nombre de traiñeras en esta costa”[2]. Garai hartatik aurrera, eta gero eta kanpotar gehiago etortzearekin batera, uda garaian (sarritan Jasokunde edo Asuntzio Egunean) urtero egiten ziren estropadak errioan; hauxe adibide ugarietako bat: “Acuerdan que aprovechando la buena marea de la tarde del Domingo próximo día veinticuatro del corriente se verifiquen en la ría de este puerto, las regatas y otros festejos de costumbre para entretenimiento y solaz de la colonia veraniega”[3]; estropadekin batera, bestelako jolasak ere izaten ziren: kukañak, usoak libratzea, ahateak harrapatzea… Baina trainerua, lehen, batez ere lanerako baliabidea zen, eta ez jolaserako edo kirolerako tresna, eta horren adibideak badaude udal-dokumentazioan: 1896an, Evaristo Gomezek terrenoa eskatu zuen Ondartxon, estalpea egin eta arrantzako trainerua eta trasteak gordetzeko; 1899an, berriz, arrantzaleek Probintziari baimena eskatu zioten traineruetan fusilak eramateko, izurdeen atzetik joan eta haiek tirokatzeko, antxoa eta sardina uxatzen zizkietelako.
Arrantzaleen Kofradiaren ekimenez eta Udalaren babesarekin, gazte kuadrilla bat urtero prestatzen zen Bilboko eta Donostiako estropadetarako; adibidez, 1895ean, Kofradiak adierazi zion Udalari gazte talde bat prestatzen ari zela, entrenamenduek gastuak eragiten zizkietela eta laguntzeko, beti egin izan zuelako horrela, eta Udalak baietz erantzun zien. Beste hau, berriz, 1920koa: “De un escrito de D. Cosme Iraundegui, quien en nombre y representación de la tripulación ‘Zumayarra’, solicita, que la Corporación subvencione con alguna cantidad a los remeros que actualmente están entrenándose para acudir a las regatas que se celebrarán en Bilbao y San Sebastián”[4]. Baina Udalak ez zuen beti laguntzen: “De la instancia suscripta por D. Vicente Gómez, vecino de esta villa, patrón de la trainera ‘Jel’ de la misma (…) expone; que han decidido formar un equipo de remeros ‘zumayanos’, a fin de tomar parte con dicha lancha en las regatas de traineras anunciadas para el próximo mes de Septiembre en San Sebastián”[5]; Udalak galdetu zuen ea Kofradiaren ekimena zen, eta partikularra zenez (eta nazionalistei lotua, seguru asko, ontziaren izena irakurrita), ez zien eman laguntzarik. Azken zita hau, berriz, 1932koa da: Kofradiak adierazi zion Udalari herriko gazteak entrenatzen ari zirela estropadetarako, dirulaguntza eskatu zuen, baita Udalak gustura eman ere, 250 pezeta, “teniendo en cuenta que se encuentran unidos todos los remeros zumayanos, sin las rivalidades que separaban a los del casco y a los de los Barrios de Oikina y Artadi”[6]. Egokiera sortuta, nahitaez aipatu behar 1930ean oikiarrek Zarautzen irabazitako bandera mitikoa, zumaiarren aurretik, eta Kontxan ere aritu zirela gero, irailean.
BIBLIOGRAFIA:
- MACÍAS, Olga: “Donostiarras y ondarreses: el gran reto de traineras de 1890”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 4, Untzi Museoa-Museo Naval, Donostia-San Sebastián, 2003, 629-637. orrialdeak.
- La Voz de Guipúzcoa
[1] Oharra: zenbait iturritan (Auñamendi entziklopedian, Wikipedian…), Getarian amaitu zela dago jasota, baina ez da zuzena.
[2] Zumaiako Udal Artxiboa, 73.01 (26), 1865-07-23an.
[3] ZUA, 2834 (285), 1910-08-18an.
[4] ZUA, 2843 (146V), 1920-08-05ean.
[5] ZUA, 2844 (89V), 1922-08-31n.
[6] ZUA, 2850 (45), 1932-09-02an.