Idazlea
Ana María Matute Ausejo Bartzelonan jaio zen, 1926an, eta bost anai-arrebatan bigarrena zen, familia burges txiki, kontserbadore eta erlijioso batean. Txikitan Madrilen bizi izan zen, baina haurtzaroan bereziki markatu zuten handik kanpo egindako egonaldi batzuek; izan ere, Matute gaixotu egin zen, eta gurasoek Errioxara eraman zuten sendatzera, aitona-amonen jaioterrira (Mansilla de la Sierrara). Hamaika urte zeuzkan Gerra Zibila lehertu zenean, 1936an, eta horrek ere arrasto sakona utzi zuen bere literaturan.
Lehen lana 1948an argitaratu zuen, harrezkero nobela, ipuin eta haurrentzako lan ugari kaleratu zituen eta Gerra Zibilaren ondorengo idazlerik onenetako bat da gaztelaniaz. Sari ugari jaso zituen, eta RAEko (Real Academia Españolako) kide ere izan zen, baita unibertsitateko irakasle ere, eta asko bidaiatu zuen, bereziki Estatu Batuetara. 2014an hil zen.
Pequeño teatro
Berez, oso gazterik (17 urterekin) idatzi zuen Matutek lan hau, 1943an, baina gordeta eduki zuen, harik eta 1954an Espainiako Planeta Saria irabazi zuen arte.
Nobelan txotxongiloen antzerki bat azaltzen da, eta agure onbera baten eskuek mugitzen dituzte pertsonaiak. Horkoak bezalakoak dira Oiquixa izeneko herriko bizilagunak; liburuan zehar agerian geratzen dira pertsonaia horien zaletasunak, sentimenduak, zitalkeriak… Herritar batzuk boteretsuak dira, beste batzuk esanekoak, txotxongiloak bezala mugitzen dira edo mugiarazten dituzte, eta halabeharrak markatuta daude, etorkizuna aldatzeko aukera gutxirekin. Gazte nerabe babesgabe baten bueltan ibiltzen dira protagonistak, eta gizakion ontasunak eta txarkeriak agerian geratzen dira. Poesia-aire batek etengabe haize egiten die nobelako orrialdeei, tristura aire umel batekin.
Norbaitek irakurri nahi baldin badu, udal liburutegian (Alondegian) bada ale bat.
Zumaiaren arrastoak
Liburua irakurtzen hasi orduko, lehen hitzetatik, ezagunak egingo zaizkigu izenak eta deskribapenak; hemen hasiera:
“Oiquixa era una pequeña población pesquera, con callejuelas azules, casi superpuestas y unidas por multitud de escalerillas de piedra. Parecían colgadas unas sobre otras, porque Oiquixa había sido construida en una pendiente hacia el mar. Una sola calle, ancha, llana, atravesaba el poblado y recibía el pomposo nombre de Kale Nagusia, porque en ella se elevan orgullosas las casas importantes de la localidad. Kale Nagusia avanzaba, avanzaba hasta convertirse en un camino largo y estrecho que se adentraba en las olas. Lo remataba un viejo faro en ruinas, cuya silueta se recortaba melancólicamente sobre el color del mar. Cuando llovía, parecía resbalar un llanto nostálgico sobre sus piedras. Al atardecer, se diría que todo Oiquixa estaba a punto de derrumbarse y caer en las aguas rosadas de la bahía. Era un hermoso espectáculo, tal vez parecido a un sueño absurdo, aquella extraña gradería de puertecitas y tejados reflejándose al revés en el agua. Pero en la noche, desde la colina, el muelle de Oiquixa era como un negro pulpo de ojos amarillos que avanzase sus tentáculos hacia las olas”.
Horrez gain, beste izen batzuk ere ezagunak egingo zaizkigu: arrantzaleen auzoa San Telmo da, goialdean izen bereko ermita bat dauka eta festetan prozesioa egiten dute hara; Kale Nagusiaz gain, Kale Mari ere badago; eliza San Pedro da; itsasorako bidean, “Paseo del Faro” dago; kolegio bat ere badago; itsas labarrean koba zuloak daude, Itzurunen bezala; izen horiekin ez bada ere, Zubiaundia eta zuloagatarren etxea ageri dira; “Gran Hotel” bat dago…
Udaldiarekin batera, erraz hartuko diogu Zumaiaren traza Oiquixari:
“Todos tenían profesiones distintas en Oiquixa, durante el invierno. Solamente cuando llegaba el verano y la pequeña población se llenaba de forasteros, que tomaban baños de mar y sorbían limonada helada en la terraza del Gran Hotel, aquella legión de muñequillos con cara de susto y cabellos siempre recién peinados, entraba en acción”.
Azkenik, deigarria da euskarazko hitzen presentzia nobelan, noiz eta euskarazko izenak eta euskara bera debekatuta edo azpiratuta zeuden garaian; horrela, pertsonaia batzuen izenak euskaldunak dira (Kepa, Lore, Iñaqui, Pachi, Eskarne…, eta protagonistak Ilé Eroriak ezizena dauka); tartean euskarazko hitz ugari daude sartuta kontakizunean, kurtsibaz idatzita: txistu, txistularis, kalejiras, dantzaritxikis, ariñ-ariñ, txoko…; gainera, protagonistetako batzuek gaztelaniaz egiten dutenean, ezinean edo herrenka egiten dute, beraien ohiko hizkuntza ez den seinale; hemen adibide bat, Patxikaren ahotan, Kepa anaiari hizketan:
“Si yo viviese aquí, Kepa. Si aquí yo... Pues tendría bonito jardín con plantas para regar, y todo lleno de margaritas. Y otras flores, pequeñas y rojas. Y, detrás de la casa, hermoso manzano tendría yo. Pero mi casa, mi casa grande, grande sería, pues”.
Horiek guztiek argi adierazten dute Oiquixa (Zumaia) euskaraz bizi zela, eta kanpotar baten begiek halaxe ikusi zutela, nobelarako inspiratu zenean.
Zumaiarekin lotura
Bistan da Ana María Matutek Zumaia ondo ezagutzen zuela, gertuko zuela: lekuen deskribapena, egunerokoa, pertsonaiak… Baina nondik? Nola? Arrazoia Matutek berak adierazi zuen behin baino gehiagotan: Anastasia zaintzailea (aya edo tata ere deitzen zion), zumaiarra zuten matutetarrek; hamazazpi urterekin hasi omen zen lanean haien etxean, amarekin, Errioxan, eta ume haiek ez ezik, gero Ana Mariaren semea ere zaindu zuen, ia-ia bigarren ama izan omen zuen. Anastasia hark euskaraz egin zien Ana Mariari-eta hiru urte bete arte, eta gero hasi omen zitzaien gaztelaniaz egiten, eta Ana Mariak ez zekien zergatik, gurasoek ez baitzioten inoiz agindu euskaraz ez egiteko; oso era barregarrian egiten omen zuen gaztelaniaz, sintaxi traketsarekin, ondo ez zekien seinale. Anastasia harekin Zumaiara etortzen omen ziren matutetarrak, eta gaizki portatuz gero, ez ekartzeko mehatxua ere egiten omen zien, baina azkenean beti ekartzen omen zituen. 1936ko uztailean, Zumaiara etortzekoak ziren Mansillara (Errioxara) joan aurretik, baina zerbait garrantzitsua gertatu omen zen, eta ez ziren mugitu etxetik, Madriletik.
Matutek behin baino gehiagotan aitortu zuenez, tata Anastasiak eta Isabel sukaldariak izugarrizko eragina izan zuten bere literaturzaletasuna pizteko eta elikatzeko; izan ere, Anastasiak Andersenen ipuinak irakurtzen zizkion; Isabelek, berriz, ez zekien irakurtzen eta idazten, baina ipuin kontalari aparta zen, oso ona gurasoengandik eta belaunaldiz belaunaldi jasotako istorioak azaltzen. Hastapen haiei esker etorri omen ziren gero, Ana Mariak irakurtzen ikasi zuenean, Perrault, Grimm anaiak…, eta mundu berri bat zabaldu omen zitzaion.
Baina nor zen Anastasia? Ez nekien ezer ere hartaz. Nonbaitetik hasi behar, eta 1910eko udal erroldari heldu nion, agian arrastoren bat aurkituko nuelakoan; bi emakumezko baino ez zeuden izen horrekin, eta horietako bakarrak jarraitzen zuen Zumaian 1934ko hautesle erroldan. Horregatik, falta zenaren arrastoari heldu nion, eta galdezka, segituan jakin nuen oso familia ezagunekoa zela: aita linterneroa zuen, eta denda ere izan zuten Erribera kalean, telak, egunkariak eta abar saltzekoa, gaur egun “Caja Rural” dagoen lekuan, “Linterneroenekoa”; nik ere ezagutu nituen Emili eta Mercedes mostradorearen atzealdean. Haien ahizpa zaharrena zen Anastasia, eta ilobari, Mertxe Arrizabalaga Antiari, galdetu diot izebaz; hark baieztatu dit izeko gazterik joan zela zerbitzatzera Errioxako etxe batera, eta familia harekin bizi izan zela gero Bartzelonan, Madrilen…. Baietz, matutetarrek egonaldiak egin zituztela Anastasiaren etxean, Erribera kalean, eta Ana Maria bera bigarren senarrarekin ere etorri zela gero, handik urte askotara. Anastasia oso etxeko zuten, eta etxekoandrea (Ana Mariaren ama) hil zenean, Zumaiara bueltatu zen Anastasia, erretiroa hartuta. 1990ean hil zen, 91 urterekin, eta Ana Maria ere etorri omen zen entierrora.
Horraino gaurko ikuskizuna. Jaitsi dadila antzerkiko oihala.