Flysch Trail

"Bere neurriko gatz puntua aurkitu behar du bakoitzak; mendia da nirea"

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 25a, 15:00

Mundu guztiko mendi askotan ibilia da Amaia Arantzabal bergararra, eta zortzimilakoa ere badu curriculumean; Euskal Herriko lehen emakumea izan zen, gainera, halakorik lortzen. Aurtengo Flysch Trail lasterketan omenduko dituzte bera eta haren senarra, Josu Bereziartua.

Azpeititik Errezilerako errepide nagusia atzean utzi eta pistan behetik gora bide luzea egin behar da Amaia Arantzabalen (Bergara, 1963) etxera iristeko. Ikusgarria da paisaia handik, naturaz eta mendiz inguratuta baitago guztia; are ikusgarriagoa da uda sasoiko egun eguzkitsu batean. Argi dago ez dela kasualitatez bizi han. Mendia izan du lagun haurra zenetik, mendiak elkartu zituen senarra eta biak, eta mendia da datorren urriaren 3an Zumaiako Flysch Trail lasterketan aitortza jasotzearen arrazoia. Josu Bereziartua senarra eta biak omenduko dituzte, eta solasaldian ere sarri aipatu du laguna, miresmen handiz.

Mendia pauso batera duzue hemen.

Bai, pentsatu gabeko mendi buelta bat baldin bada, Gazume berehala dugu hemendik. Sarri joaten gara. Egia esan, azken urte eta erdi honetan asko aldatu ditugu ohiturak. Eguneko mendi buelta azkar hori egiteko, nahiago izaten nuen Erlora edo Xoxotera joan, beste grazia bat duelako. Baina konfinamenduan etxean errenditzen hasi, eta orain ohitura hartu dugu autoko joan-etorri hori egin gabe zuzenean Gazume aldera joateko.

Wikipedian zure lorpenik garrantzitsuenak ageri dira. Bizipen eta esperientzia ugari egongo da horien atzean, ezta?

Zortzimilako gailur batek borobiltzen du norbaiten curriculuma, eta halakoa da Cho Oyu [8.201 metro]. Badirudi hor hasten eta amaitzen dela nire ibilbidea, baina asko ibili beharra dago zortzimilako mendi batera iristeko; nik hala egin nuen, behintzat.

Nola gogoratzen duzu aurreneko harremana mendiarekin?

Gurasoekin betidanik eduki izan dugu mendirako ohitura, eta herriko mendi taldean ere txikitatik ibili ginen, Bergarako Pol-Pol taldean. Garai hartan mendi talde guztiek edukitzen zituzten umeen taldea, gazteena eta helduena. Herrietako mendi taldeak indar betean zeuden orduan. Pentsa, Bergaratik joan izan gara bost autobus umez beteta Gorbeara, egun-pasa. Gogoan dut igandeetan, mendi buelta egin eta autobusean herrira sartzerakoan, leihoak ireki eta Pol-Polen ereserkia abesten genuela eztarriak urratu beharrean. Hor hazi naiz ni, giro horretan.

Noiz ekin zenion mendian serioago ibiltzeari?

Gaztetxotan, beti Pol-Polen barruan, gu baino helduagoak zirenekin Pirinioetara joaten hasi ginen mendirako afizio handiagoa genuen lagunak. Batez ere, udan joaten ginen: gure plana egin, zeharkaldia antolatu, eta, gero, ahal zen moduan, autobusez, auto-stopean… Horrela ibili ginen. Beste estilo bateko gauzak egiten hasi nintzen Josu nire bikotekidea ezagutu nuenean. Josu-eta beste maila batean zebiltzan Azpeitian, eta pixkanaka haiekin hasi nintzen eskalatzen, haitzean, Pirinioetan zailagoak ziren ibilbide batzuk eginez… Gauzak modu naturalean pasatzen dira: ibili ahala gustura sentitzen zara, bata bestearen atzetik asmo berriak sortzen dira, eta poliki-poliki joaten zara pixka bat mendi altuagoetara, ibilbide zailagoetara…

Eta, horrela, zortzimilakoen gailurretaraino…

Pirinioen ondoren, Alpeak ezagutu nituen, eta hor altuera pixka bat hartzen hasten zara, 4.000 metroren bueltan daude-eta gailur horiek. Andeetan ibili nintzen gero, zazpimilakoetan. Altueran ondo moldatzen nintzela ikusi nuen, eta jarraitzeko gogotsu sentitu nuen neure burua. Horren ondoren etorri zen jauzia, Indian, zazpimilako mendi bat egin genuenean. Aukeratu genuen ibilbidea ez zen errazena, malda tentea zeukan, izotzarekin… Han ere ondo ibili nintzen. Bidaia hartatik bueltan, zuzenean etxera etorri beharrean Nepalera joan ginen, Katmandura, eta Everesterako baimenarekin itzultzea lortu genuen.

Azpeititik Himalaiara. Everesterako espedizioa antolatzen hasi zineten, beraz, orduan…

Bai, Azpeititik eta azpeitiarrekin hasi ginen antolatzen espedizioa, eta izugarria izan zen hori. Udala erabat inplikatu zen, herria ere bai, aldundia eta Jaurlaritza sartu ziren, baita ETB ere, Egin egunkariko kazetari bat gurekin hantxe egon zen kanpaleku nagusian… Izugarria izan zen.

1991. urtea zen. Aurreneko aldia zen halako espedizio bat antolatzen zena?

Nik uste dut herri batetik ez zela halakorik egin ordura arte; Euskal Herri mailan joanda zeuden Everestera, baina herri batetik sortutako espedizio bat… Hori bai, aurrez Azpeitian eginak zituzten Annapurnarako-eta espedizioak. Hutsetik ez da egiten Azpeititik munduko mendi altuenerako bidaia; aurrez bazuten bide bat egina.

Everestekoa beste pauso bat izan zen, beraz?

Bai. Zortzi mendizale joan ginen, Josu eta biok tartean. Aurreneko zortzimilakoa izan zen niretzat. Azpimarratu behar dut nire ibilbidea Josurenari erabat lotuta egon dela beti. Ordura arte, antolaketan laguntzen nuen, eta, neure burua gai ikusten banuen mendi bat egiteko, egin egiten nuen haiekin, eta Katmandutik bueltan argi ikusi nuen espedizioko parte izango nintzela orduko hartan.

Nolako esperientzia izan zen zuretzat?

Sekulakoa. Niretzat berria zen 7.000 metrotik goragoko guztia, taldeko beste askorentzat bezala. Orain, agian, inor ez da joango Everestera pentsatuz espedizio bateko parte dela eta bere helburua taldeak zerbait lortzea dela. Gauza asko gertatu dira bidean 1991. urtetik hona. Hego lepora iritsi nintzen orduko hartan. 8.000 metroan dago; azken kanpalekua jartzen da han, gaua pasatu eta hurrengo egunean gailurrera igotzen saiatzeko.

Gailurrera iritsi gabe bueltatu behar izan zenuten, ordea.

Hala da. Hiru lagun abiatu ziren, baina bi bakarrik gelditu ziren benetako saiakera egiteko moduan, eta, oso-oso gertu egon arren, ez zuten lortu, eta ez zen aukera gehiago egon beste saiakerarik egiteko. Baina niretzat garrantzitsuena ez da hori, baizik eta halako espedizio bat aurrera atera izana, eta han bertan egindako lana eta prestaketa guztia. Alde horretatik begiratuta, izugarrizko arrakasta eduki zuen espedizioak.

Horrela sentitu al zenuten orduan ere?

Pena izan zen. Gerora pentsatzen duzu zer gutxi falta izan zen, edo orain dakigunarekin halako egingo genukeela… Baina alferrik da; momentu hartan ez genekien gehiago.

Saria, nolabait esatearren, hurrengo urtean iritsi zitzaizuen, ezta?

Bai. Espedizio hartako hiru kidek Joxe Urbieta Takolo-k, Josuk eta hirurok pentsatu genuen hurrengo urtean geure buruari oparia egitea, eta Cho Oyura joan ginen. Ezer gabe joan ginen: ez zamaketaririk eta ez ezer, antolaketa sinple-sinplearekin. Nafarrekin partekatu genuen baimena ere, ariztarrekin, gastuak murrizteko. Bi taldetan joan ginen, gu egun batzuk lehenago. Izan ere, helburu bikoitza zeukan Josuk.

Zein?

Everesten har txiki bat gelditu zitzaion sartuta, gailurra hain gertu eduki zuelako, eta pentsatu zuen segidan egitea Cho Oyu eta Everest. Haran berean daude biak, eta, gorputza egokituta edukiko zuenez, zuzenean joan zitekeen Everestera. Ezagutzen zuen jada; zailagoa izango zen bestela. Gainera, han zebiltzan Iñurrategi anaiak ere, eta, beraz, bazegoen lagun giro hori.

Lortu al zenuten helburu bikoitz hori?

Cho Oyuko gailurrera igo ginen, baina jaistean hankako behatz batzuk izoztu zitzaizkidan, eta ziztu bizian itzuli behar izan nuen. Josurentzat dilema handia izan zen: niri lagundu edo bere bidean jarraitu. Zalantza horretan zela, Pili Ganuza nafarren taldekoak ere arazoak izan zituen izozteekin, eta haien taldekide batek esan zuen bioi lagunduko zigula. Bere bideari jarraitu zion Josuk, barne borroka izango zuen arren.

Ondoren, urte askoan, umeekin ibili zarete mendian.

Bai. Bi ume izan genituen, eta haiekin asteburuetan eta oporretan mendira egiten genuen beti. Lehen egiten genuenaren antzekoa eginez jarraitu genuen, baina polikiago, beste erritmo batean, beste plan batean… Josuk, bien bitartean, lanean ere jarraitu zuen mendian, zortzimilakoetan-eta, Al filo de lo imposible [TVEko goi mendiko programa] saioan kamerari lanak eginez. Etxean umeek txikitatik bizi izan dituzte aitaren joan-etorriak, marrazkietan egiten genituen kanpaleku nagusia eta bigarren kanpalekua, beti aritzen ginen Katmandu gora eta Katmandu behera… Halako batean, pentsatu genuen haiei erakustea hura guztia.

Nora joan zineten, zehazki?

Ordurako, umeekin trekkinga egina genuen bai Pirinioetan eta bai Alpeetan, aterpetxetik aterpetxera. Hori bera Cho Oyuko haranean egitea planteatu genuen. Hala joan ginen, mendiak erakutsiz eta gauzak azalduz. Venezuelan eta Perun ere ibili izan gara trekking egiten.

Urri hasieran omenaldia egingo dizute, besteak beste Euskal Herriko aurreneko emakumea izan zinelako zortzimilako batera igotzen. Zuk, ordea, ez dituzu gustuko etiketa horiek.

Ez. Eskertzen diet antolatzaileei nitaz gogoratu izana eta senarrarekin batera niri ere aitortza egitea, baina niretzat nire ibilbidean garrantzitsuena ez da izan zerbaitetan aurrenekoa izatea, ezta 8.000 metroko mendi batera igo izana ere. Bestalde, esan nahi nuke Josuk nik baino askoz gauza gehiago egin duela mendian, eta antolaketa lan handiak ere egin dituela. Hori asko miresten dut harengandik. Dena antolatuta dagoenean erraza da mendia egitea, baina izugarria izaten da aurreko lan hori guztia.

Gogoan daukazu bereziki bete zaituen esperientziarik?

Familia izan aurretik, Josu eta biok Ama Dablam mendira joan ginen. Himalaian dago, Cho Oyuren ibar berean; ia 7.000 metro ditu, eta izugarri polita da. Ez ginen gailurrera iritsi, hainbat faktorerengatik, baina biok bakar-bakarrik egon ginen mendian, udaberrian joan ginelako, eta sekulako ikuskizuna izan zen, beste esperientzia bat.

Mendian egin beharreko guztia egin duzu ala baduzu bete nahi duzun ametsik?

Inoiz ezin da jakin. Badaezpada ere, fisikoki indartsu mantentzen ari naiz, aukera etorriz gero prest egoteko. Bere neurriko gatz puntua topatu behar du bakoitzak; mendia da nirea. Sufrimendua eta beldurra daude mendi altuetan, baina baita asebetetze sentsazioa ere, helburuak lortu ahala. Oreka horretan bizi nahi dut.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide