Zumaiarrek etxetik jarraitu dute Peña eta Cubelosen K2 1000 metrotako finalaurrekoa. Itxas Gainen eta Kupela tabernaren eskutik, ordea, final handia distantziatik baina elkarrekin ikusteko aukera izan dute Peñaren ingurukoek. Goizaldeko 5:30ak aldera bildu dira bertan haren lagunak, Itxas Gaineko kideak eta gurasoak, eta tabernako Agustin Larrañaga Narru-k gosaria prestatu du ordurako.
Final handirako gogotsu iritsi dira batzuk; urduri besteak. "Ezin jakin finalaurrekoan larri ibili diren edo indarrak gordetzen ari ote ziren", esan du batek. Norbere gosaria hartu, mahaietan eseri, eta telebistako pantailari begira jarri dira. Telebistaren inguruan, Itxas Gaineko kideek eramandako bandera handiek estaltzen zituzten Kupela tabernako paretak. B finala izan da beroketa ariketa. Hura amaitu, eta segundo gutxian gerturatu dira final handia jokatzekoak ziren piraguistak irteera puntura. Telebistan, Peña eta Cubelos: bikotea animatzeko oihuek hautsi dute tentsioa.
Hiru minutu pasako estropadan zumaiarrek beren bultzada eman nahi izan diote Peñari, eta aurreneko postuetan sailkatzeko aukerarik izan ez duten arren, ikusleek txalo zaparrada bidali dute Tokiora. Rioko bosgarren postua hobetu eta dominaren bat eskuratzeko itxaropena zuten Peñak zein haren ingurukoek, eta ezin izan du erronka lortu. Arritxu Iribarrek, esaterako, "zerbait hobea" opa nahiko lioke Peñari, baina aintzat hartu nahi izan du Tokiora eraman duen ziklo olinpiko paregabea. "Momentuan behea jota geratzen zara, baina... Jokoetan finalera sailkatzea ikaragarria da, eta lan asko dago hor atzean", azaldu du Iribarrek. "Seigarren egitea Olinpiar Joko batzuetan baloratzekoa da. Guretzat onena bera da, eta izango du beste aukeraren bat".
"Seigarren egitea Olinpiar Joko batzuetan baloratzekoa da. Guretzat onena bera da, eta izango du beste aukeraren bat"
Iratzargailuaren beharrik gabe esnatu da Jon Iñaki Ispizua piraguista ohia, finala ikusteko gogoz. "Gazi-gozoa" izan da emaitza harentzat: "Hamabost urte daramatza Madrilen bere ametsa betetzeko lanean, eta horregatik tristetzen nau emaitzak. Baina ezin da ukatu astakeria bat dela lortu duena, bigarrenez diploma olinpikoa lortzea, alegia. Besarkada erraldoi bat emango nioke".
Dominak garesti
Zumaiar bat ez da Olinpiar Joko guztietan maila horretan lehiatzen ikusten, eta "txalotzekoa" da hori Oier Aizpurua piraguistaren hitzetan. "Denok espero genuen dominaren bat, baina ez da posible izan. Iñigoren sakrifizioarekin eta esfortzuarekin geratu behar gara, ziur nago barruan zuten guztia eman dutela. Olinpiar Jokoetako final batean zer maila dagoen argi geratu da; segundo batean ontzi asko sartu dira", esan du Aizpuruak. Maratoiko modalitatean bost aldiz munduko txapelduna izandakoak dio meritua duela bi aldiz jarraian Olinpiar Jokoetan sailkatzeak, eta are gehiago bi modalitate eziberdinetan: federazioan bere tokia egin, arerio berrien aurka aritu... Izan ere, K4an sailkatu zen Rio de Janeiroko Jokoetarako, eta modalitate hori programa olinpikotik kendu ondoren Francisco Cubelosekin K2ra egokitu eta berriz ere sailkatzea lortu du Peñak.
Irati Osa piraguista ere bat dator Aizpuruak aipatutakoarekin. "Denok dakigu zenbat lan egin duen Iñigok hona heltzeko. Finaleko bukaerako metroetan gehiago aurreratzea espero genuen, baina seigarren eginda ere, gustura egoteko moduko emaitza eskuratu dute", esan du Osak.
"Lehenbizi, sailkatze estropada gainditu behar duzu; gero, finalaurrekoa; eta behin finalera iritsita, dominaren bat lortzea da nahi duzuna. Beraiek egongo dira behea jota, baina ziur hona iritsitakoan lasaituko direla"
Dominak "garesti" egon arren, podiumetik gertuago ibiltzea espero zuela aitortu du Jose Antonio Peña aitak. "Zer maila dagoen ikusita, ordea, pozik gaude. Irabazi duten australiarrak, esaterako, ez dira Munduko Kopan aritu. Orain Olinpiar Jokoetan parte hartu dute, eta alemaniarrei irabazteko... Pentsa zer maila duten", dio. Urratsez urrats egin beharreko bidea da Olinpiar Jokoetakoa, Idoia Arriola amak azaldu duenez: "Lehenbizi, sailkatze estropada gainditu behar duzu; gero, finalaurrekoa; eta behin finalera iritsita, dominaren bat lortzea da nahi duzuna. Beraiek egongo dira behea jota, baina ziur hona iritsitakoan lasaituko direla". Edonola ere, Arriolak aipatu du lasterketa bakoitza ezberdina dela, eta ez du zalantzarik finalean "guztia eman dutela".
Gurasoek finala elkarrekin ikusteko aukera izatea eskertu dute: "Oso polita izan da giroa, eskertzekoa da". "Etxean ikusi nahi izaten dugu urduri jartzen garelako, baina jendearen berotasuna jaso dugu. Etxean tristeago geratuko ginateke agian. Igual Parisko Jokoetan ikusi ahalako dugu bertatik bertara", gaineratu du Arriolak.