Urtean 150 milioi pertsonak baino gehiagok bisitatzen dituzte munduko haitzuloak, gure planetak duen ur garbiaren % 10 gordetzen dute, gure arbasoen bizileku izan ziren, iraganeko klima ulertzeko ezinbestekoak dira eta gaur egun ere ezagutzen diren ekosistema eta espezie arraroenetarikoak gordetzen dituzte. Lur azpiko unibertso liluragarri honi seigarren kontinentea deitzen zaio.
Eukal kostaldeko Geoparkeak bat egin du nazioarteko urte honekin; izan ere, Geoparkean Karst eta kobazuloen erakusgai geologiko, ekologiko eta kultural ederrak ditugu. Horiek ondo ulertzeko, 10 geldiune izango dituen bidai txiki bat proposatu nahi dizuet.
1) Arno. Geoparkearen piramideak. Euri urak ez du barkatzen. Pixkanaka-pixkanaka, gure mendietako kareharri gogorra disolbatu egiten du 500 metrotik gorako piramide perfektuak zizelkatu arte. Formazio hauek klima subtropikaletan ohikoak dira. Munduko adibiderik onenak Txinako hegoaldean daude, eta UNESCOk Munduko Ondare izendatu ditu.
2) Sesiarte mendiko lapiaza. Gure mendien azal zimurtua. Gure mendietako azala belaki baten azala bezalakoa da. Zimurtuta dago eta milaka kanal eta haustura ditu, urak kareharria disolbatu eta lur azpira sartzeko. Horregatik, kareharrizko mendietan ia ez dago azaleko urik. Gure geoparkean, normalean, lapiaz hauek lurzoruz eta landaretzaz estalita egoten dira. Gure inguruko lapiaz ezagunena Larrako Karsta da, Belaguako haranean.
3) Lasturko poljea. Geoparkearen haran itxia. Harkaitza ahulagoa den lekuetan edo hautsiagoa dagoenean, uraren disoluzioa eraginkorragoa da. Horrela sortzen dira mendien artean ezkutatuta dauden sakonune handiak. Lasturko harana 3 kilometroko luzera eta 300 metroko sakonera duen zulo handi bat da. Haranaren hondoan, urak desegin duen kareharrizko bolumen handi horren buztin disolbaezinak metatzen dira. Hor daude gure baserriak, zoruak emankorrak direlako.
4) Dolinak. Lur azpiko inbutu naturalak. Azaleko urak beti bilatzen du beheranzko biderik errazena. Hain da horrela, harkaitza lur bigunez estalita dagoen tokietan, urak inbutu handiak marrazten ditu lur azpira bidea hartzeko. Inbutu hauek dolinak dute izena. Lasturko haranean daudenak 75 metroko diametroa eta 25 metroko sakonera dute!
5) Ura. Geoparkearen altxor ezkutua. Geoparkean zorte handia dugu. Euria egiten duenean, Andutz, Sesiarte, Izarraitz eta Arnoko mendiguneek euri ura xurgatzen dute, barruan gordetzen dute eta pixkanaka-pixkanaka urte osoan zehar askatzen dute dozenaka iturburuetan. Batzuetan, urak urtebete baino gehiago behar izaten du irteteko. Ateratzen denean gure ibaiak elikatzen ditu eta berari esker gure baso eta belardien kolore berdea bizirik mantentzen da, baita udan ere.
6) Aixa. Geoparkearen leize handia. Geoparkearen lur azpia galeria eta amildegiz osaturiko labirinto erraldoi bat da. Gure baserri, baso eta mendien azpian ilunpetan eta isilik bizi den mundu paralelo bat dago. Lur azpiko urek denboran zehar sortutako galeriak dira. Aixa-Ermitia-Ibarrengo sistemak 50 km-tik gorako hedadura du eta penintsulako 10 sistemarik luzeenetako bat da.
7) Uraren eskulturak. Haitzulo batean sartzea beti da esperientzia berezia. Dena geldirik dagoela dirudi. Uraren tantaketa bakarrik entzuten da. Ez dirudi ezer egiten duenik, baina milaka urtez jarduten uzten diogunean, ur horrek forma oso bereziak sortzen ditu. Tanta horiek kareharrian disolbatu duten kaltzio karbonatoa askatzen dute eta berriro kristaltzen denean milaka forma desberdin duten egitura harrigarriak sortzen ditu: estalaktitak, estalagmitak, zutabeak, banderak, goursak...
8) Klimaren kutxa beltza haitzuloetan. Haitzuloak gainazalean gertatzen denaren erregistrorik onenak dira. Hor barruan dena ondo gordetzen da, baita iraganeko klima ere. Estalagmita bat luzetara mozten badugu eraztunez osatuta dagoela ikusiko dugu. Eraztun bakoitzaren kolorazioak kristalizazio mota bat adierazten du, tantaketarekin lotua dagoena, hau da, uraren kimikarekin eta tanta jarioaren kantitate eta maiztasunarekin. Eta hori guztia klimarekin loturik dago. Praileaitz haitzuloko estalagmita bati esker, azken 10.000 urteetako klima berreraiki ahal izan dute EHUko ikerlariek
9) Kiputz. Tranpa mortal bat historiaurrean. Kiputz 6 metro sakonera duen tranpa natural bat izan zen, non dozenaka animalia erori eta hil ziren. Kiputz duela 20.000 urte Geoparkean bizi zen fauna ezagutzeko aukera paregabea da. 2002an aurkitutako zulo txiki honetan 13.000 hezur identifikatu dira. Zaldi, elur orein, orein, hartz arre, lehoi edo otso aztarnak nabarmendu daitezke, baina, batez ere, Kiputz bisonteen zuloa izan zen. 18 bisonte erori ziren. Horietako batena da Kiputzeko burezur handia. 90 cm-ko adarzabala du eta 900 kg-ko pisua zuen bisonte heldu batena zen.
10) Ekain. Etxea eta artea kobazuloetan. Duela 20.000 urte klima gaur egun baino 8 ºC hotzagoa zen. Kostaldetik hurbilen zeuden haitzuloak oso babesleku preziatuak izan ziren gure arbasoentzat. Horregatik, Geoparkean Kantauri isurialdeko Goi Paleolitoko aztarnategi zabalenetarikoa daukagu. Badira bizileku izan ziren haitzulo handiak, hala nola Ermitia edo Urtiaga, arrantzarako haitzuloak, adibidez, Langatxo edo Praileaitz bezalako kobazulo misteriotsuagoak. Guztien artean Ekain da gure haitzulo baliotsuena. UNESCOren Munduko Ondarea izendatu zuten 2008. urtean Europako labar pinturaren multzorik onenetakoa izateagatik.
Egon adi Geoparkeak urtean zehar eskainiko dituen eskaintza bereziei. Zientzia, kontserbazioa, hezkuntza, abentura... Guztion artean gure karst eta haitzuloen ondarea hobeto ezagutuko dugu.