Norbera bere bidetik iritsi zen eskalatzera, baina orain, “eskalatzaileek osatzen duten familia horren parte” dira Iker Lizarazu, Oier Basurko eta Abel Armendariz zumaiarrak. Juan Belmonte kaleko rokodromoan ezagutu zuten elkar: Oierren aita Joseba Basurko eskalatzailea izan da betidanik, txikitan harekin ibiltzen zen, baina zazpi urterekin utzi zion eskalatzeari. Duela lau urte lokalera joan eta bertan ezagutu zituen Armendariz eta Lizarazu. Hamalau urterekin egin zuen lehenengoz haiekin eskalada praktikatzeko bidaia bat.
Lizarazu, berriz, Xabi Uribeondo osabarekin ibiltzen zen haurra zenean, eta gero, urte batzuetara, bi lagun hasi zirelako itzuli zen paretetara. “Aitak eskalatzeko oinetakoak erregalatu zizkidan. Sei urte edo izango dira”, dio. Orduan ezagutu zuen Armendariz. “Egun batean Ioritz Ibaietak eraman ninduen lokalera, eta uste dut ordutik ez naizela geratu. Astean bost egun egiten ditut eskalatzen”, dio Armendarizek. Haren hitzetan, kirol bat baino gehiago, “bizimodua” da eskalada: “Zazpi urte egin nituen eskubaloian, eta nekatuta nengoen partidetako presioarekin: beti irabazi egin behar, astebururo partidak parranda egin nahi nuenean… Eskalada, ordea, bateragarria da parranda egitearekin”, dio irribarretsu. Gainera, Armendarizek aipatu du ez dela inoren aurka lehiatzen, “zeure buruarekin” baizik. “Bakoitzak bere maila du, eta bere erronkak planteatzen ditu. Giro ona sortzen da, gainera: jarduera honetan gaudenak elkar laguntzen saiatzen gara”, dio.
Lizarazuk parte hartu izan du Euskal Herriko txapelketan, baina lehia alde batera utzi eta lagunartean harrian aritzea gustatzen zaio. Izan ere, harrian indartsuago ibiltzeko praktikatzen dute lokalean. Zumaian badituzte kanpoaldean eskalatzeko leku aproposak: Mariantonaitz (“Joxemite”) da ezagunena, baina Kamineros aldera ere jotzen dute, baita Arroa ingurura ere. Arroan sokarik gabe ibiltzen dira, azpian koltxonetak jarrita. Neguan aritzen dira, batik bat, modalitate horretan: “Blokea egitea komeni da hotz egiten duenean. Aproposagoa da, bi mugimendu egin, eta jaitsi egiten zarelako”. Lizarazu ere bat dator Armendarizek azaldutakoarekin. Haren hitzetan, “intentsitate handiagokoa” da blokean, nahiz eta motzagoa izan. Kontrara, beroa txarra izaten da blokerako, eskalatzaileek diotenez. “Eskutatik gehiago izerditzen duzu, eta errazagoa da irrist egitea. Gainera, euskarriak txikiagoak dira”, azaldu dute.
Baina Zumaiatik kanpo ere bidaiatzen dute eskalatzera. Duten denboraren arabera erabakitzen dute asteburutan nora jo. Huesca aldera, Albarracinera… “Leku guztietan” lagunak egin dituzte, Armendarizen esanetan. “Goazenean abisatu egiten diegu, eta elkartu egiten gara”, azaldu du. “Lagun taldea elkartzen garenean, kanpin dendak, autokarabanak edota furgonetak zirkulu baten forman jartzen ditugu. Parriladak ere egiten ditugu”, gaineratu du Basurkok.
Ia astebururo bidaiatzen dute hirurek, eta egonaldi horietan gertatutakoez aritu dira. Larraonan (Nafarroa) zeudenekoa ekarri du Basurkok hizketaldira: “Beste leku batera joatea adostu genuen hurrengo egunean, eta beste lagun batekin geratu ginen han. Gu Larraonan geunden, Bizkaiko lagun batzuekin, eta luzatu egin zitzaigun. Furgonetan amaitu genuen garagardoekin eta musika jarrita, eta ez ginen ohartu lotarakoan kontaktua jarrita utzi genuela. Hurrengo goizean esnatu, eta furgoneta bateriarik gabe zegoela ohartu ginen. Furgonetari bultzaka ibili ginen, beste batekin sokaz lotuta ezin arrankatu… Ez genuen errepidera atera nahi, trakzioa hartzeko. Azkenean garabia etorri zen, baina eguerdia zen. Ez ginen iritsi lagunarengana”, kontatu du. Armendarizi, berriz, Rozasera (Burgos) iristeko gorabeherak otu zaizkio: “Zumaiako beste eskalatzaile batzuekin Rozasen geratu ginen, Burgosen. Ni, Iker [Lizarazu] eta Ibon Gorriti atera ginen autokarabanan. Ordu eta erdiko bidaia genuen aurretik, GPSan bilatu genuen Rozas, baina beste bat, Kantabriakoa. Denetik pasa zen, eta ordu eta erdiko bidaia hori hurrengo egunean bukatu genuen. Ia 24 ordu behar izan genituen iristeko. Bidean lo egin genuen, autokarabanaren depositu bat hustu, portuak igo…”.
Hegoafrikan dago eskalatzeko begiz jota duten leku bat, Lurmutur Hiritik iparraldera eginda. “Hego hemisferioan dagoenez, hemen uda denean han negua da. Beraz, boulderra egin dezakezu udan. Munduko lekurik onena da horretarako”, azaldu du Armendarizek.
Materialean eta kidearengan konfiantza
Eskalada “kirol segurua” da, baina kirol guztietan bezala, lesioak eta istripu txikiak izan dituzte hirurek. Armendariz Lizarazu aseguratzen ari zela gertatu zen bat, iaz. “Ainguratze puntua normalean behean uzten da. Gertatzen den istripu ohikoa da soka atzetik sartu eta itzulipurdia egitea”, azaldu du Armendarizek. Lizarazuk harriaren kontra jo zuen itzulipurdian, eta errebotean aurrekoa aldearekin ere bai. “Kaskoa jantzita neukan, eta gaitzerdi”, dio Lizarazuk.
Basurkok, berriz, orkatilan hartu zuen min, estreinakoz pareta luzean gora zihoala. Bospasei metro egin zituenean erori zen, heldulekua hautsi zitzaionean. Erlaitzaren aurka jo zuen orduan. Armendarizek dio, ordea, “eskalatzaile guztiei” pasatzen zaizkiela halakoak: “Euskarri txikiak heltzen ditugu. gehienak hatzetako artikulazioetako lesioak izaten dira”.
“Gauzak behar bezala eginez gero”, ordea, eskalada kirol segurua dela uste dute, “kotxean ibiltzea baino are seguruagoa”. Horretarako, funtsezkoa da materialean eta ondoko kideengan konfiantza izatea. “Zorrotzak eta metodikoak” dira horretan Armendariz, Lizarazu eta Basurko. Hasteko eta behin, eskalatzen hasi aurretik, aseguratzaileak begiratzen dio eskalatzaileari ea korapiloa eta arnesa behar bezala dituen. Eskalatzera doanak, berriz, aseguratzaileari begiratzen dio ea soka ondo pasata daukan. Azken pausoa izaten da beraientzat, protokoloa behar bezala osatzeko, elkarri eskua ematea. Orduan hasi daitezke eskalatzen. Boulderra egiten badute, aldiz, koltxonetak ondo jartzen saiatzen dira.
Eskalatzaile ona izateko, ordea, ezinbestekoak diren bertuteak ere hizketagai izan dituzte. Basurkoren ustez, sufritzen jakin behar da, albokoengandik ikasteaz eta albokoei irakasteaz gain. “Momentu batzuetan frustrazioa izan dezakezu, baina frustrazio hori eramaten ikastea gakoa da. Horrek ematen ditu fruituak”, dio. Lizarazuk ere, bide beretik, konstantzia aipatu du. Armendarizen ustez, berriz, ezaugarri psikologikoak, hatzetako indarra, malgutasuna, oreka eta beldurrik ez izatea funtsezkoak dira eskalatzaile ona izateko. Hala ere, galdera bota du airera: “Zer da eskalatzaile ona izatea? Indartsua izatea, edo kirolaz gozatzea?”.



