Zumaiarren doinuak

Juan Carlos Gomezen doinuak

Erredakzioa 2021ko ira. 1a, 09:00

Baleike.eus-ek atal berria du martxan. Asteazkenero zumaiar batek aukeratutako bost abesti jasoko ditugu, eta Juan Carlos Gomezen txanda da orain. Musikazale porrokatua, bildumazalea, haren bizitzan nolabaiteko esanahia izan duten bost abesti hautatu ditu.

Ez da batere erraza Baleikeko atalerako bost abesti aukeratzea, aukera genezakeen kanta kopuru handia kontuan hartuta; gure bizitzako etapa desberdinetan eta hainbat belaunalditan markatu gaituzten abestiak dira.

1. The Cure – Charlotte sometimes

The Cure-en jarraitzaile sutsua izanik, ezin nituen inola ere ahaztu. Abesti honek osagai melodiko eta nostalgikoa du, eta hunkitu egiten nau entzuten dudan bakoitzean. Lehen garai hartako abestien eduki ilun eta makurretik aldentzen da; horregatik aukeratu dut. Ez zen inolako estudioko albumetan argitaratu, Faith albumetik aparte argitaratutako 7”-ko single batean, baizik.

2. Joana Serrat – Pictures

Folk/pop estiloko estatuko artisten azken belaunalditik, Joana Serrat katalana nabarmenduko nuke, diskoz disko hobetuz doana. Hardcore From The Heart azken diskoko abesti honek energia positiboak eta azkenaldian bizitzea tokatzen zaigun mundu honetan bizitzeko gogoa transmititzen dizkigu. Gainera, berehala katigatzen zaitu eta ezin diozu entzuteari utzi.

3. Galaxie 500 – Tell me

Hainbeste urte igaro ondoren, hunkitzen segitzen naute Galaxie 500 taldearen musikak eta Dean Warehamen ahotsak. Abesti hau edozein ordutan entzuteko da, eta talde amerikarrak hain berezia duen dream poparen munduan murgiltzea lortzen du. Abestia bere bigarren estudioko diskokoa da, On Fire diskokoa, alegia (1989).

4. Loquillo y los Intocables – Autopista

1981etik gaur arte ‘Zoroak’ argitaratu dituen abestien artean, asko dira oso ezagunak. Mandiope/Txitxarro garaiko oroitzapen asko ekartzen dizkidalako aukeratuko nuke hau, non, besteak beste, Dj-ari abesti hori eskatzen genion. Energia handikoa, freskoa, etengabe dantzatzen genuen. Abestia izan zen Los Intocablesekin egin zuen azken lana, 7” formatuan argitaratua.

5. Death Cab For Cutie – The New Year

Hautaketa hau amaitzeko, indie-rockeko talde iparramerikar hau aukeratuko nuke, 2000ko hamarkada hasieran suposatu zidanagatik. Haren The new year kanta behin eta berriz entzuten nuen, gero eta gehiago inguratzen ninduen. Uhin onak transmititzen zizkidan, eta ohikoak zituen letra kritikoak zituen. 2003ko Transatlanticism diskoko abestia da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide