Mamua haragitu da (I)

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2021ko ira. 11a, 15:30

Ekainaren 8an izan zen Ozeanoen Munduko Eguna, eta sare sozialak zein komunikabideak planetako ur masa handien aldeko mezuez bete ziren. Plastikoek sortutako kutsadura, gehiegizko arrantza, organismo inbaditzaileak, itsas espezie askoren kontserbazio arazoak edo klima aldaketak itsasoan duen eragina izan dira, besteak beste, ospakizun horren harira taularatutako aktore nagusiak.

Guk, korronte honek herrestan eramanda, hurrengo bi artikuluetan, klima aldaketak hurbileko itsasoetako parametro ozeanografiko nagusietan, ekosistemetan eta itsas espezieetan eragiten dituen aldaketak aztertuko ditugu.

Klima aldaketa oraindik iristeko zerbait dela dioten mezuak nagusi dira oraindik ere, baina froga gehienek erakusten dute aldaketa hori gauzatu egin dela eta dagoeneko horren ondorioak pairatzen ari garela. Eta euren esperientzia apalean oinarrituta, hori egia dela sentitzen dute kaletar askok ere. Baina zein dira froga horiek? Hain nabarmenak dira? Ondorengo lerroetan Kantauri itsasoko aldagai ozeanografiko nagusiek azken hamarkadetan jasandako kanbiamenduak errepasatuko ditugu, eta norberak aukera izango du ondorioak ateratzeko .

Klima aldaketak ozeanoan dituen ondorioen ebidentzia sendoenak eta fidagarrienak parametro fisiko-kimikoen aldaketa joera iraunkorrak lirateke. Eta, adituek diotenez, azken hamarkadetan itsas eskualde guztietan adierazle fisiko-kimiko gehienek aldaketa joera adierazgarriak izan dituzte.

Tenperatura eta gazitasuna neurtzeko tresna zaharrak. Museo della Scienza e della Tecnologia "Leonardo da Vinci", CC BY-SA 4.0
Tenperatura eta gazitasuna

Eragin klimatiko eta atmosferikoari erantzuten dioten itsasoko uraren lehen propietateak tenperatura eta gazitasuna dira. Horiek dira, era berean, dentsitatearen araberako ur masen estratifikazioa zehazten dutenak.

Kantauri itsasoan, 1970etik aurrera itsasoko azaleko urak berotzeko joera nabarmena izan du, eta haren tenperaturak urteko 0,02º C egin du gora. Azken hamarkadetan, tenperaturaren igoera hori seguru asko are handiagoa izango zen, eta hamarkada bakoitzeko 0,26º C gehikuntza ere aipatu izan da. Gainera, azken tasa hori handiagoa (0,31º C) izango zen irailetik azarora eta apiriletik ekainera bitarteko aldietan.

Sateliteen datuak erreferentzia gisa hartzen dituzten ikerketek —bibliografian jasotakoen ordez— berotze tasa hura are handiagoa dela erakusten dute.

pH-aren eskala

CO2-aren kontzentrazioa eta pH-a

Bi parametro horien kontzentrazio aldaketei buruzko informazio historikoa tenperaturari dagokiona baino askoz urriagoa da. Hala ere, munduko ozeano guztietan, gizakiak sortutako CO2-aren parte bat uretan xurgatzen denez, egungo ozeanoen azaleko batez besteko pH-a aurrekaririk gabeko mailetara jaitsi omen da eta azken 20 milioi urteetan, gutxienez, inoiz ez zen hain baxu egon.

Gure itsaso hurbilenetan, uretan disolbatutako gehiegizko CO2 kopuru horrek hamarkadako pH-aren 0,016ko jaitsiera eragin du. Aldaketa hori itsas azalean atzeman da, baina, baita ere, 100 eta 700 m arteko ur sakonetan. Kopuru txikia dirudi, baina jaitsiera horrek esan nahi du Kantauri itsasoko ura hamarkadako % 16 azidoagoa dela, eta ezagun da horren ondorioak oso larriak izan daitezkeela (ikus Baleike aldizkariaren 288. zenbakia). Ikerketa batzuen arabera, azidotze tasa horren erdia 1970-2006. urteen arteko aldian eman da.

Itsas maila

Itsas mailaren batez besteko altuera da klima aldaketak kostan duen eraginaren azterlanetako parametrorik garrantzitsuena. Itsasoko uraren tenperatura igotzearen ondorioz, uraren bolumena handitu egiten da. Gainera, berotze globala dela eta, glaziarren urtzeak itsasoetan pilatutako ur likidoaren kantitatea handitu egin du. Horren ondorio nabarmenena da itsasoaren batez besteko maila urteko 3,2 mm handitu dela 1993. urtetik aurrera (igoera hori XX. mende osoan eman dela ziurtatu dute, baina nabariagoa izan da mende horren azken hamarkadan eta XXI. mendearen hasierako urteetan).

Uraren batez besteko maila igotzearen ondorioz, azken mende erdian euskal kostaldearen azalerak ia 3 hektarea galdu dituela estimatu da eta, hainbat ikerketaren arabera, Zumaia izango da etorkizunean fenomeno hori gehien pairatuko duen euskal kostaldeko udalerrietako bat.

Klima aldaketara egokitzeak hainbat azterketa eta ikerketa eragin ditu. Besteak beste, 2020an, “Klima aldaketaren erronkari egokitzeko EAEko itsasertza babestu eta antolatzeko lurralde plan sektorialaren berrikuspen eta egokitzapenerako aurretiazko azterketak eta diagnostikoa” ezagutzera eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Lan horretan —egituretan eta atmosferarako gasen emisioetan aldaketarik izango ez balitz— Zumaiak 2100. urtean izan lezakeen itxura erakusten da.

3. irudia. Zumaia Elorriaga aldetik 2100. urtean (Eusko Jaurlaritza)

Hala, 3. eta 4. irudietan ikus daitekeen bezala, herriak historian zehar errioari irabazitako basadi edo polder batzuk galduko lituzke; eta uraren igoerak aldaketa handiak eragingo lituzke hirigintza egitura orokorrean: bizitegi lurrak eta industrialdeak galduko lirateke (Basadi, Axular, Beheko plaza, Ardantza, Estazioa, Basusta...), hondartzetako gune zabalak eta kirol ekipamendu batzuk (futbol zelaia, adibidez) ur azpian galduko lirateke eta errepideak, portuko hainbat eremu, edo maila baxuan kokatutako plaza eta parkeak (Amaia plaza, Ignazio Zuloaga plaza,...) putzu bihurtuko lirateke.

4. irudia. Zumaia Artaditik 2100. urtean (Eusko Jaurlaritza)

Hori gutxi balitz, itsasoaren batez besteko mailaren igoeraren ondorioei itsasgorak berez eragindako uholdea ere gehitu beharko litzaieke, haren eragina nabarmen biderkatu bailitzateke.

Itsaslasterrak eta olatuak

Olatuen eta itsaslasterren eragile nagusia haizea da eta, itsaslasterren kasuan, gainera, uraren dentsitatearen diferentziak ere korronteak sortzen ditu. Beraz, atmosfera ozeano sistemaren tenperatura handitzeak klimaren dinamikaren aldaketak ekarriko ditu, nahitaez. Izan ere, oreka berri bat lortzeko bilakaerak energia garraioaren doikuntzak eragingo ditu, eta horrek zuzeneko ondorioak izango ditu haizearen norabidean eta intentsitatean.

Itsaslasterren kasuan, informazio historikoaren eskasiak zaildu egiten du ereduaren joera zein den jakitea. Hala ere, aldaketa puntual batzuk hauteman dira, adibidez, Neguko Korrontea izeneko itsaslasterrean.

Bizkaiko Golkoko itsaslasterren sistema. Koutsikopoulos and Le Cann-etik (moldatuta)

Beste alde batetik, olatuei dagokienez, ikertzaileak ohartu dira Kantauri itsasoan olatuen energia eta denborale kopurua handitu egin direla. Ikertzaile berberek aldaketa horiek klima aldaketarekin lotzen dituzte, ia zalantzarik gabe.

Aurreko ataleko diagnostikoan olatuek Zumaiako zenbait puntutan eragingo lituzketen arazoak ere protagonista dira eta, besteak beste, toki kaltetuenen artean, Zumaia eta Getaria arteko errepidea, bokaleko dikea edo Itzurun hondartza aipatzen dira.

Honaino, klima aldaketak parametro ozeanografiko garrantzitsuenetan eragin dituen aldaketa nagusien lehen errepasoa egin dugu. Hurrengo artikuluan, klima aldaketak organismoetan eta itsas ekosistema hurbilenetan dituen inpaktuez arituko gara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide