Zumaiarren doinuak

Josebe Ormazuriren doinuak

Erredakzioa 2021ko aza. 3a, 09:00

Asteazkenero zumaiar batek aukeratutako bost abesti jasoko ditugu, eta Joseba Ormazuriren txanda da orain. Josebe Ormazuri Alkiza, Zumaian jaio zen baina 18 urte zituenetik herritik kanpo bizi da. Kazetaritza ikasketak egin zituen eta Herri Irratian eta ETBn lan egin ondoren, azken 30 urteetan liburu eta disko artean ari da lanean Elkar argitaletxean. 

Nire bizitzako etapa desberdinetan pisu handia izan duen musika aukeratzea ez da erraza izan, batez ere baztertu beharrekoak aukeratu beharrekoak baino askoz gehiago direlako. Azkenean, euskal musikara jo dut nire bizitzako banda-soinua osatu duten kanta eta kantari batzuk aukeratzeko.

1. Mikel Laboa – Gure hitzak

Niregan eragin handia izan duen Laboaren kanta honek (beste abesti askok bezala) merezi du tarte bat hartu eta bolumena topera jarrita entzutea; gutxi samar entzun izan dela iruditzen zait.

2. Aziza Brahim eta Eñaut Elorrieta – Desio bat dut

Saharatik etorria, gurean izan genuen Lala gogorarazten dit kantak. Eñaut Elorrietak eta Aziza Brahimek  abestu zuten Gari Berasaluzek idatzitako kantu hau eta hainbat haur sahararrek parte hartu zuten bideoaren grabazioan. Saharar herriaren egoeraren testigantza ederra utzi zuten!

3. Anari – Vinus, cantares y amor (Nacho Vegas asturiarraren abestiaren bertsioa)

Anarik duela aste batzuk kantuaren bideoklipa grabatu zuen Zarauzko Putzuzulo gaztetxean bere ohiko taldeaz gain hainbat sortzailerekin batera. Besteak beste, Mursego, Miren Narbaiza, Maialen Lujanbio, Eider Rodriguez eta Kattalin Minerrek. Merezi du arretaz entzun eta letrari erreparatzea. 

4. Hertzainak + Ruper Ordorika – Ezer ez da berdin

Gazteak izan ginela gogorarazten dit kanta honek, Itoiz, Errobi eta beste talde batzuenak bezalaxe. Nostalgiarik gabe, polita da une batez iraganari begira jartzea. Aukeratutakoa, Hertzainak taldea Ruper Ordorika handiarekin batera aritu zenekoa.  

5. Zorionak kuttuna

Alaba gazteenari, hiru urte betetzean, Ane lagunak eginiko opari hunkigarria. Hamabost urteren ostean, Antxon Sarasuaren moldaketa da hau, behinolako haur haren ahotsa entzungai.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide