Candido Garcia Maiztegi: “Lurpean milaka kilometro galeria eta kobazulo daude oraindik inork ezagutu gabeak”

Gorka Zabaleta 2021ko urr. 24a, 12:00

Gehienoi erabat arrotza zaigun lurpeko mundu liluragarri bat daukagu etxe ondoan, Zumaiatik oso kilometro gutxira. Geoparkeko eremuan dauden kobazuloak eta galeriak ikertzen ari da Candido Garcia Maiztegi, Felix Ugarte taldeko kideekin batera. Iraileko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Itziarko industrialdean bidean gora hartuta, behin kaxkoaren gainaldean dagoen enpresa multzoa atzean utzi orduko ikusten da Aixako sakonunea. Muinoek erabat inguratzen duten zulo bat da, inguruko ur guztiak biltzen dituena. “Urak ihesbide bakarra du, haitza zulatzea”, azaldu du Candido Garciak (Donostia, 1964). Autoa bide bazterrean utzi eta bidexka batetik basoan murgildu gara. Maldan behera, laster iritsi gara zuloaren hondora; eta han, Itziarko industrialdearen oinetan, ia beste dimentsio baterako sarbidea dirudien Aixako kobazuloaren ahoa.  

Candido, harrituta nago Aixako kobazuloa non dagoen ikusita, Itziarko industrialdearen azpian.

Bai, sare karstiko oso garrantzitsu baten gainean dago industrialdea. Azpian, kobazuloak eta galeriak daude. Kilometroak eta kilometroak. Inguru honetan, galeriak konektatzeko bideak bilatzen ari gara eta uste dugu gutxienez 40 bat kilometro galeria egon daitezkeela elkarri lotuta.

Zerk bultzatuta hasi zinen kobazuloak esploratzen?

Niri betidanik gustatu izan zait natura eta mendira joatea eskolako lagunekin. Kobazuloetako zaletasuna berez etorri zen. Hasi ginen lagun bat eta biok ezagutzen genituen pare bat kobazulotara joaten, gustatu egin zitzaigun, eta Aranzadiko Zientzia Elkartera jo genuen, informazio eta laguntza bila. Eta horrela hasi nintzen, 15 urte nituela.

Espeleologiak badu asko abenturatik...

Horregatik da hain erakargarria. Lurrazalean ez da leku bakar bat gelditzen gizakiak ezagutzen ez duenik edo zapaldu ez duenik. Eta, aldiz, lurpean milaka kilometro galeria eta kobazulo daude oraindik inork ezagutu gabeak. XIV. mendeko esploratzaileak itsasontzi batean sartu eta Ozeano Bareko irla galdu batean azaltzen ziren; guk halako sentsazioak bizi ditzakegu gaur egun lurpreko kobazuloetan, urrutira joan gabe, Gipuzkoan bertan.

Baina bere arriskua ere izan dezake, gauzak ez badira behar bezala egiten.

Espeleologia taldean egin behar da, hori funtsezkoa da. Teknika batzuk ikasi behar dira, kobazuloetan ibiltzen ikasi, ezagutza batzuk behar dira. Horretarako ezinbestekoa da dakitenen eskutik ikastea. Gainera, talderen batekin arituz gero, materiala, aseguruak eta abar errazago izango dituzu. Bakarrik, inoiz ez.

Zu geologoa zara. Zientzialariarekin begiekin, zer bilatzen duzu kobazuloetan?

Espeleologiak mundu bat zabaltzen dizu zientziaren ikuspegitik. Esate baterako, hidrogeologia, lurpeko uren ikerketa; edo geomorfologiaren aldetik, nola sortu diren galeria horiek, zergatik... Oso paisaia berezia da eta oso modu berezian sortzen da.

Zergatik diozu oso paisaia berezia dela? Kobazuloak ez dira edozein lekutan sortzen?

Itziar inguru honetan daukagun paisaia mota honi karst deitzen zaio, eslovenieratik hartutako hitza da. Eta berezia da, bai, ez da edozein lekutan gertatzen. Kareharriak behar dira horrelako paisaiak sortzeko. Kareharriak eta ura; azido karbonikodun urak kareharria disolbatzeko gaitasuna du, eta, pixkanaka baina etengabe, harria jan egiten du. Urak milioika urtetan egindako lanaren emaitza dira lurpeko kobazuloak eta lurrazaleko paisaia karstikoak. Biak erabat lotuta daude.

Aixa adibide gisara erabilita, inguruko ur guztiak kobazuloan biltzen dira, eta gero zer bide egiten dute han barruan? Nora doaz?

Bai, norbaitek galde dezake ea zergatik ez den laku bat sortu sakonune honetan... Urak bere bidea egin du haitzean zehar, eta pasabide sare konplexu bat sortu du mendiaren barruan. Errekastotik jaisten den ura, edota lurrazaletik modu difusoagoan pixkanaka haitzaren barrualderantz sartzen diren tantak, denak biltzen dira leku berean, sare bakarra osatzen duten maila ezberdineko pasabideetan, goitik behera. Goiko galeriak zaharragoak dira, behekoak berriagoak. Galeria horiek dira guk esplora ditzakegunak. Beheko galerietan daude ubide nagusiak eta ura azkenean iturburuetatik bueltatzen da azalera. Aixako sistemak jasotzen dituen urak, esate baterako, Deba ibaira iristen dira. Zehazki, tren zubiaren azpian dagoen iturburuan agertzen dira. 

Beraz, galeriak daude, eta altuera desberdinetan?

Bai, oso sistema konplexua da. Karstak milioika urtetan izan duen bilakaeraren arrastoa dira altuera ezberdinetan dauden galeria horiek. Izarraitz inguru honetan, iturburuak ibaien altueran daudela ikusi dugu. Harreman zuzena dute. Duela 500.000 urte ibaiaren altuera askoz gorago zegoen, eta, ondorioz, garai hartako galeriak eta iturburuak ere gorago zeuden, ibaiaren parean. Beraz, orain kobazuloetan aurkitzen ditugun altuera ezberdineko galeriek adierazten digute garai bakoitzean ibaiaren altuera non zegoen.  

Eta pentsatzen dut horrek datu asko emango dizkizuela ikerketarako.

Zientifikoki garrantzi handia du. Kanpoaldean, ibaiertzetako sedimentuak desagertu egiten dira, higaduragatik; baina kobazuloetan oso ondo kontserbatzen dira, eta sedimentu horietatik informazio asko lor daiteke, adibidez, garai ezberdinetako klimaren inguruan. Balio handiko informazio asko gordetzen duten kutxak dira kobazuloak.

Nola egiten duzue lan kobazulo berriak esploratzeko?

Lehenik eta behin, ahalik eta informazio gehien lortzen saiatzen gara, ingurunea ahalik eta ondoen ezagutzeko. Kobazulo berrien sarrerak bilatzeko garaian, mendia goitik behera eta modu sistematikoan arakatu beste modurik ez dago. Askotan, lurrean dagoen zulo txiki bat izan daiteke kobazulo sistema ikusgarri baten sarbidea. Eta behin barruan, pixkanaka eta kontu handiz. Kobazulo batzuk txikiak dira eta asteburu batean amai dezakezu lana. Baina, Aixaren kasuan, 50 urte baino gehiago daramatza jendeak kobazulo sistema esploratzen, eta oraindik, gaur egun, galeria berriak aurkitzen ditugu. 

Zuen taldeak zenbat urte daramatza inguru hau ikertzen?

Modu sistematikoan lanean, bospasei urte. Badaude askoz urte gehiago daramatzaten taldeak. 

Badago zerbait bereziki harritu zaituena?

Sarearen luzera oso deigarria da; galeriak nola dauden altuera ezberdinetan eta ibaiaren bilakaerarekin duten harreman zuzena; sedimentuen kalitatea... Ezaugarri horiek ez dira leku askotan aurkitzen.

Aixako sistemako galeriak elkarlotuta daudela uste duzue eta lotura horiek bilatzen ari zarete. Hori nola egiten da? 

Urak egiten duen bidea jakiteko kolorantea erabiltzen da. Puntu batean bota eta non agertzen den ikusi. Itziar inguru honetan, teknika hori erabilita ikusi dugu industrialdea eta Deba ibaiaren artean dauden kobazulo guztietako urak iturburu bakarrean biltzen direla, Erribera Goikoan. Beste kontu bat da kobazuloen arteko lotura espeleologikoa. Sistema honetan kobazulo asko daude eta batzuk oso luzeak dira. Aixaren kasuan, 15 kilometro baino gehiago daude esploratuta eta ia erabat topografiatuta; Ermitia Behekoan ere 10-12 kilometro ezagutzen ditugu, baina badakigu askoz gehiago daudela oraindik esploratu gabe; Ibarrengo leizearen kasuan, 2017an lortu genuen Aixako sarearekin lotzea. Badakigu horiek guztiak eta beste batzuk, sistema bereko parte direla, sorrera komuna dutela eta biltzen dituzten urak leku berera iristen direla. Beste kontu bat da espeleologikoki lotuta dauden edo ez; alegia, pertsona bat aho batetik sartu eta beste batetik atera daitekeen. Uste dugu posible dela, baina urtetako lana izan daiteke bidea aurkitzea.

Zergatik da garrantzitsua lurpean dagoena ezagutzea?

Badu berezko balioa, mendiak, irlak edo lurmuturrak ezagutzea bezalaxe. Baina, horrez gain, garrantzitsua da ikuspegi praktikotik ere. Adibidez, lurpeko urak hobeto ezagutzeko. Ur edangarri gehiena lurpean dago gordeta eta funtsezko baliabidea da gure bizitzarako. Ezinbestekoa da ondo ezagutzea egoki kudeatzeko. Eta ikerketa zientifikorako aukera asko eskaintzen ditu; klima eta paisaiaren bilakaera aztertzeko, esate baterako.

Inguru honetako kobazuloetan termometroak jarri dituzue, tenperatura neurtzeko. Zer helbururekin?

Kobazuloak leku paregabeak dira tenperaturaren bilakaera neurtzeko. Tenperatura oso establea da urte osoan, ez da aldatzen. Are gehiago, inguru horretako urteko batez besteko tenperatura da kobazuloek izaten dutena. Zumaiako urteko batez besteko tenperatura ezagutzeko kobazulo hauetako batean sartu eta bertan neurtzea da sistemarik errazena. Jarri ditugun termometroekin, neurtu nahi duguna da batez besteko hori aldatzen ari ote den, klima aldaketaren eraginik ba ote dagoen. Aldaketa txiki batzuk sumatu ditugu, gorantz egin duela pitin bat, baina oraindik lagin laburregia daukagu, bost urte baino ez.

Kostaldeko labarrak, flyscha, dagoeneko ezagunak dira bertakoentzat eta bisitarientzat. Karsta, berriz, ezezaguna da gehienontzat. Zer egin daiteke ezagutzera emateko eta daukan balioa aitortzeko?

Lehenik eta behin, kontatzea eta ezagutzera ematea. Horrez gain, erakustea. Hori pixka bat zailagoa da. Karstaren lurrazaleko elementuak erakusteko ibilbideak antola daitezke zailtasun handirik gabe. Lurpekoa konplexuagoa da, baina, hala ere, kobazulo asko daude irisgarriak direnak eta osagai erakargarri eta interesgarriak dauzkatenak dibulgazioaren ikuspegitik. Kobazuloen inbentarioa egiten ari dira, aztertzeko zer aukera dauden. Nik uste dut batzuk bisitagarriak direla. Hori bai, azpiegiturarik gabeko bisitak izango lirateke, muntaia ikusgarririk gabe. Hemen ez daukagu elementu ikusgarririk, hauek ez dira Pozalaguako kobazuloak; baina, eduki aldetik, ondo landuta, gauza asko esplikatzeko aukera ematen dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide