Hiru artistaren lanak ikus daitezke egunotan Alondegiko aretoan

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 2a, 17:30

Idoia Monton, Itziar Markiegi eta Clara Elizondoren sorkuntzak bildu dituzte ‘edo ESO’ izeneko erakusketan. Arte garaikideko Harriak programari esker heldu da bilduma Zumaiara.

Arte garaikideak Oxford erakusketa aretoa hartuko du azaroaren amaierara arte. edo ESO izenburupean, hiru artistaren lanak ikus daitezke egunotan Alondegia Kultur Etxeko aretoan: Idoia Montonen, Itziar Markiegiren eta Clara Elizondorenak, hain zuzen.

Margoak, marrazkiak, oihalak... askotariko material eta estiloekin sortutako lanek osatzen dute edo ESO erakusketa. Erakusketaren izena "edozein gauza sortu aurreko unetik, ziurgabetasun-leku batetik eta hutsune batetik" abiatu zela dio Andere Etxegaraik, erakusketaren arduradunak. Inger Christensenen ESO liburuan ere oinarritu zela gaineratu du Etxegaraik. "Poema horrek materia antolatzen den modu berean ordenatzen du hizkuntza, eta jatorritik abiatzen da".

Hiru artistaren lanek osatzen dute erakusketa. Etxegarairen esanetan, hiruren lana "nahiko desberdina" da, nahiz eta puntu batzuetan antzeko jarrera duten. "Hiru artisten arteko lotura hiruren lanari begiratzeko modu batetik sortzen da, nahiz eta belaunaldi desberdineko artistak izan. Artea egiteko modu bat ikusten dut hiruretan, baita proposamenak antolatzeko modu zikin eta emankor bat ere".

Erakusketaren arduradunaren ustetan, Clara Elizondok ehunekin egindako "ikerketa artistikoaren lerro bat aurkezten du"; horren erakusle dira Zumaiara ekarritako kimonoak, besteak beste.

Itziar Markiegiren kasuan, batetik, marrazki batzuk aurkezten ditu, eta bestetik, "soinu aleatorioek sortzen dituzten elementu elektromagnetikoen parasitazioa", arduradunaren esanetan.

Idoia Monton margolariak bere lan batzuk ditu erakusgai Alondegian. "Adierazi behar da edo ESO Idoia Montonek Rekalde aretoan egindako beste erakusketa batetik datorrela, eta areto hartatik kanpo geratu zen zerbaiti erantzuten diola", azaldu du Etxegaraik. "Hori garrantzitsua da, eta hiriguneetako arte garaikidearen erakusketak deszentralizatzeko bidea ematen du".

Arte garaikidea

Zumaian ikusgai dagoen erakusketa Harriak programari esker ekarri ahal izan dute Alondegira. Harriak arte garaikideko programa bat da, arte bitartekaritzarako, erakusketarako eta dibulgaziorako espazio berriak sortzeko helburua duena. 

Erakusketa azaroaren 21era arte bisitatu ahal izango da. Egunero izango da zabalik Oxford aretoa, 18:00etatik 20:00etara; asteburuetan eta jaiegunetan ere hartuko ditu bisitariak, eguerdietan, 12:30etik 14:00etara. Azaroaren 12an, berriz, erakusketaren "interpretazio librea" eskainiko dute Montonek eta Etxegaraik, 18:30etik aurrera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide