Txikitatik landu izan du poesia Imanol Ulaciak (Zumaia, 1974), baina poema horiek erakutsi baino, beretzat gorde izan ditu urte hauetan guztietan. Orain gutxira arte. Orain lau urte, 2017. urtean, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatutako Ernestina de Champoucin 28. poesia lehiaketa irabazi zuen Ulaciak aurkeztutako poema bildumak. Horren emaitza da 2018. urtean ateratako Bar Kabi liburua. Aurten, berriz, Torrelavegan (Kantabria, Espainia) antolatzen duten Jose Luis Hidalgo XXI. poesia lehiaketa irabazi du zumaiarrak. Ekainean aurkeztu zuen Rocas de Itzurun liburua argitaratu zioten sari moduan.
Poesiaz hitz egiteko hitzordua jarri dugu, non eta bere lehen liburuaren izenburua daraman Kabi tabernan. Non bestela...
Psikologian doktorea zara. Psikologian aditua izateak lagundu al dizu poesia idazteko orduan?
Ez bereziki. Izan zaitezke tabernari, Iribarren bezala; izan zaitezke nagi bat, Rilke bezala; izan zaitezke bohemio bat, Rimbaud bezala. Azken finean, bizitzako esperientziek elikatzen dute begirada. Ikasten emandako urteek gauzak begiratzeko moduan badute eragina, baina psikologo izateak bereziki ez. Poeten lanbideak ikusten badituzu, ez dago homogeneitaterik.
Pentsa daiteke zientziekin lotutako ikasketek edo lanbideek artearekin edo poesiarekin zerikusi txikiagoa dutela.
Horrek zerikusi gehiago du ezagutzan izan den banaketarekin. Antzeko blokeak ezarri dira, eta hezkuntza sistemak hori elikatu du. Ni ez nago horren alde. Gauzak kategorizatzeko moduak ematen dizkigute txikitatik, eta pentsatzeko era hori ere horren barruan dago.
Noiz eta nola hasi zinen poesiaren munduan?
Txiki-txikitan hasi nintzen; ez dakit zenbat urte izango nituen. Amaren etxean, atzealdeko terrazak soro batera ematen du, eta han zuhaitz handi bat dago. Orain pixka bat zahartuta dago, baina gaztea nintzenean, oparoago zegoen. Gogoan dut txikitan zuhaitzari begira egoten nintzela; euria egiten zuenean, edo ekaitza zegoenean, eta hor zerbait nabaritzen nuen. Hor idatzi nuen lehen poema. Hamabi urte izango nituen? Hamahiru? Hamalau? Ez dakit. Baina norberaren kontzientzia sakonagoa dudanetik, beste era batera pentsatu edo begiratu izan dut.
Zerk erakartzen zaitu poesiatik?
Ez da nik erabakitako zerbait. Ni ez naiz idazle ona; buruak edo gorputzak ez dit nobela edo liburu bat idaztea eskatzen. Zergatik poesia? Bada, ez dakit, baina dei hori sentitzen nuen. Erromantikoa izan daiteke, baina esan nezake poesiak ni aukeratu ninduela nik poesia baino. Urteak egon naiz poesia idatzi gabe, baina begirada poetikoa hor geratu zait; nahiz eta ez idatzi, poesiaren itxaropenarekin bizi naiz, [Antonio] Gamonedak zioen bezala, “bizitza bizitzeko oso modu bizia” dena. Inporta zaidana hurrengo poema da; hori da nire ardura, ez dakit eta inoiz ahal izango dudan beste poema bat idatzi. Poemaren bat idatzi izanak ez du esan nahi gehiago egiteko gai izango zarenik. Hori da Bukowskik zioena: “inporta duen gauza bakarra hurrengo poema da”.
Poemaren bat idatzi izanak ez du esan nahi gehiago egiteko gai izango zarenik. Hori da Bukowskik zioena: “inporta duen gauza bakarra hurrengo poema da”.
Lehen liburua atera zenuenean, 2018an, elkarrizketatu nahi izan zintudan, eta ezetz esan zenidan; egindako poemen gaineko ardurarik ez zenuela esan zenidan orduan.
Arduratzen nauen gauza bakarra hurrengo poema da; aurretik egindakoa ez zait interesatzen. Beno, poemak publiko egiteak ere arduratzen nau: poemak niretzat egiten ditut, baina baita besteak pixka bat kontsolatzeko ere. Horretarako, munduratu behar dira, eta hori ere garrantzitsua da. Ni horretan ez naiz ona, ez zait gustatzen eta ez dut [egin] nahi. Poemek beraiek borrokatu behar dute, agian bultzada txiki bat emanda. Funtzionatzen badute, ondo; baina bultzada eman diozulako bakarrik funtzionatu behar badute, bada ez dezatela funtzionatu.

Denbora gutxian bi bilduma atera dituzu. Txikitatik egindako poema guztiak bildu al dituzu?
Ez, besteak gordeta ditut. Hala ere, ez dira hainbeste; atera behar nituenak atera ditut, Egunen batean, agian, aterako ditut besteak, baina ez dut uste hor galdutako ezer zoragarririk dagoenik. Asko ere ez dut idatzi, egia esan.
Azken urte hauetan poesia lehiaketa batzuetara aurkeztu zara, baita horietako batzuk irabazi ere. Zerk eraman zintuen aurkeztera?
40 urte beteta, konbentzimendua izan nuen banuela [lehiaketetara aurkezteko moduko] materiala. Atzera begiratze hori, poemak berraztertze hori, ez zait batere gustatzen. Batere ez, eta lan asko eman dit. Baina jarri nintzen halako batean; hain gutxi gustatzen zaidan lan hori egin nuen; konjuntu moduan ikusi nituen, eta pentsatu nuen bazegoela zerbait.
Beraz, esan daiteke zure gogoen aurka ere egin duzula prozesu honetan.
Bai, bai. Niregatik balitz, hurrengo poema idaztea izango litzateke ardura bakarra. Bilduma bat egiten ari naizen momentuan ez nago poemaren itxaropenarekin. Baina egia da egin beharreko lan bat dela. Poesia munduarentzat egiten duzu; gero munduak eskertuko dizu, onartu, argitaratu edo saritu; edo ez. Pozik nago sariekin, baina ez da asko inporta zaidan zerbait. Poesia lau katuk irakurtzen dute, baina norbait nire lana irakurrita hobeto sentitzen bada, hori izango da saria. Zure barrenean duzuna ematen duzunean, bestea ere aurkitzen duzu, eta beste horrek irakurtzen duenean, berak idatzi duela sentituko du. Horixe gertatzen zait niri gustukoak ditudan gauzak irakurtzen ditudanean.
Poesia munduarentzat egiten duzu; gero munduak eskertuko dizu, onartu, argitaratu edo saritu; edo ez. Pozik nago sariekin, baina ez da asko inporta zaidan zerbait.
Poemak idazteko prozesu bat duzu? Inspirazioa iritsi zain egoten zara?
Niretzat poesia egoera mental bat da, ez da inspirazio kontu bat; mundua zure erara egituratzea ahalbidetzen dizun zerbait da. Fisikoa ere bai, sentsazio fisikoak ere izaten ditudalako. Gauza askorekin bezala da: lau orduz liburu bat irakurtzen bazaude, agian hurrengo egunean ez duzu irakurtzeko gogorik izango; saturatua egongo zara. Janariarekin berdin. Denbora batean idatzi gabe banago, edo modu horretan pentsatu gabe, poesiaren moduan egongo naiz. Baina, bi egunez jarraian idazten badut, nazkatu egingo naiz. Irudikatzeko, buruan dudan bateria txiki bat bezala da, eta kargatzen eta deskargatzen doa. Dituzun esperientziekin, formakuntzarekin, bizitzarekin... bateria hori betetzen doa, eta aterako den poema horren araberakoa izango da. Nire kasuan, bateria kargatutakoan nire egoera mentala piztu egiten da; eta berdin dio non nagoen, etxean, Kabin bertan, zerbait aterako da, baina ez dakit zer. Egoera mental horretan ez banago, poeta bat izatetik oso urrun egongo naiz; poeta baten antipodetan egongo naiz, milioika argi urtetara. Hala egoten naiz egun askotan. Angel Gonzalezek zioen ez zekiela zer zen poeta izatea, bera bizitzako une txiki batean bakarrik zela poeta, eta ez zuela jakingo deskribatzen.
Rimbaud edo Baudelaire bezalako poetak miresten dituzu. Zure lanean ba al dute eraginik?
Bai, zalantzarik gabe. Bereziki haluzinatu naute beraien pentsatzeko erak, eta horrek markatu nau. Baina baita beste gauza askok ere: itsasoa hain gertu izateak, ezagutu dudan jendeak, bizitzak... Gustuko idazleak horren parte dira, Rimbaud bereziki. Baina horiei jartzea korronte nagusi bezala... Bizitzak jartzen zaitu poemaren bidean. Funtsezko bidea ez dut uste ahots horiek direnik, nahiz eta horren parte izan.
Bar Kabi eta Rocas de Itzurun dira zure liburuen izenburuak, biak ere oso izenburu lokalak. Zure poemetan lokalismo hori landu nahi izan duzu, edo gai unibertsalagoak jorratzen dituzu?
Izenburua funtsezkoa da, hori da liburuaren bihotza. Poemak egiten ditut, ez liburuak, baina behin liburu bat egiten duzunean horren izenburua oinarrizkoa da. Bar Kabi jarri nion lehenengoari hemen egin nituelako liburuko poema asko; hemendik atera ziren eta hemengo gauza asko jasotzen dira poema horietan. Ez nuen zalantza handirik izan; ez nuen asko pentsatu, izenburua bera etorri egiten delako. Liburua irakurrita izenburua deduzitzen da. Rocas de Itzurun, berriz... ni han hazi naiz, amarekin, anaiekin. Ikusten nuen hain ederra zela lekua, hain polita toki hori, harritu egiten ninduen herriko inork ez jasotzea edertasun hori poema batean. Saiakera hori egin behar nuen. Gero, ezin da lokalean geratu; denarekin elkarlotu behar da.
Euskalduna zara, euskaraz ari gara, baina gaztelaniaz idazten duzu. Ez duzu euskaraz idazteko gogorik edo asmorik?
Inoiz ez dakit hurrengo poema idazterik lortuko dudan. Bateria kargatuta izan dezakezu, eta lortuko duzula pentsatu, baina ziurtasuna ez duzu inoiz. Poema egiterakoan duzun guztiarekin joan behar duzu. Ez hori bakarrik: duzun onenarekin joan behar duzu, eta nire onena, poema baten aurrean, gaztelaniaz emango dut. Batzuetan lortuko dut, eta besteetan ez. Euskaraz egingo banu, ez dut uste lortuko nukeenik. Hari fin baten gainean zaude, eta barregarri gera zaitezke; erritmorik edota konexiorik gabeko hitzak izan daitezke. Edo guztia izan dezakete. Oso sinplea dirudi, eta batzuetan hala da, baina nahasketa oso konplexua da. Picassori galdetu zioten behin ea zenbat denbora behar izan zuen koadro bat margotzeko. “Bizitza osoa”, erantzun zuen.
Nola sentitzen zara poema bat bukatzen duzunean?
Bukatzean, poema lortu duzunean, horrek ematen dizun pozak, lortzen duzun satisfakzioak, ez du parekorik. Nire kasuan oso ondo sentitzen naiz, eta ez ditut poemak errepasatzen. [Joan] Margaritek zioen behin eta berriz zuzentzen zituela poemak. Nik ez ditut poemak ia inoiz zuzentzen. Egoera mental horretatik ateratzean alferrik da poemak ukitzea; hitz hutsalak bihurtuko lirateke. Ez ditut berridazten, baina segituan ohartzen naiz zerbait lortu dudan edo ez. Egoera horretatik aterata zerbait aldatuko banu literatura izango litzateke, eta ez poesia. Idatzi eta hurrengo egunean, bai, buruan dut bueltaka. Egon naiteke hemen zurekin, eta poema izango dut buruan, maniako bat izango banitz bezala: “funtzionatzen du, ez du funtzionatzen”. Behin eta berriz errepikatuko dut. Agian zerbait aldatuko dut, bai, hitz bat, zerbait, baina inola ere ez poemaren estruktura, egoera horretan ez naizelako egongo.
16 urterekin poema batzuk idatzi nituenean nik banekien denborarekin borroka egiteko prest zeudela. Horretarako egiten ditut poemak, besteak kontsolatzeko denboran zehar. Baina horretarako denborari eutsi behar diote. Laburrak, trinkoak eta musikalak izan behar dute. Denborari eusten dioten jakiteko, Margaritek dio bi belaunaldi pasa behar direla. Ikusiko dugu hemendik bi belaunalditara nor gogoratzen den nitaz. Baina nik garbi daukat poesia denborari eusteko egiten dela, bestea kontsolatzeko; ez denbora honetan, denbora guztietan, baizik.
Aurreko batean esan zenidan poesia ez zela literatura, eta musikatik hurbilago dagoela.
Literatura irakurri egiten da; irakurleak irakurri egiten du. Izan daiteke entsegu bat, idatzi konplexuagoa, gehiago eskatzen dizuna. Baina poema bat irakurtzen duzunean poesia zeuk egiten duzu. Poesia ondo, modu ulergarrian irakurtzeak ahalegin handia eskatzen dizu. Horregatik izan ditzake hain irakurle gutxi.
Bizi dugun egunerokotasun honek ematen al du poesiarako aukera?
Baudelaire-ekin bukatzeko, “ogirik gabe bi egun bizi zaitezke; poesiarik gabe ezin zaitezke bizi”.