La Palmako erupzio bolkanikoari testuinguru egokia emateko ondo dago datu batzuei begiratzea. Kanariar artxipelagoa ikuskizun bolkaniko ederra da. Lurraren mantu sakonetik magmak gora egiten du inguru horretan. Afrikako kontinente ertzaren litosfera zulatu eta funditu egiten du eta itsaso azpiko pitzadurak baliatuz, 3.000-4.000 m-ko sakoneran, laba hori zabaltzen hasten da. Kanariar uharteak icebergak bezalakoak dira. Ikusten dena eraikin bolkanikoaren % 20 inguru besterik ez da. Benetako erraldoia itsaso azpian dago. Horregatik esaten da Teide sumendia munduko sumendirik handienetarikoa dela: lurrazalean 3.715 m ditu, baina itsaso azpian bere zimenduak beste horrenbeste dituzte. Guztira, 7.500 m baino gehiago ditu. La Palmako kasuan ere antzeko zerbait gertatzen da. Roque de los Muchachos mendiak duen altuerari (2.426 m) itsaso azpian irlak dituen 3.000 metroak gehitzen badizkiogu, La palmako eraikin bolkanikoak 5.500 metro inguru ditu!
La Palma eraikin bolkanikoaren mapa benetako forma eta tamaina (IEO)
Irla bakoitzaren adina begiratzen badugu, ez da kasualitatea azken pasarte bolkaniko hau La Palman gertatzea. Kanariar uharterik zaharrenak ekialdekoak dira eta berrienak mendebaldekoak. Fuerteventura izan zen azaleratu zen lehen irla, duela 20 milioi urte (Mu); geroago, Lanzarote, 15 Mu; Kanaria Handia, 14 Mu; Tenerife, 12 Mu; eta La Gomera (9 Mu) etorri zen; eta, bukatzeko, azken bi milioi urteetan azaleratu dira La Palma (1,8 Mu) eta El Hierro (1.2 Mu).
Irla bakoitzeko arroka zaharrenak aztertuta, argi ikus daiteke Kanarietako bolkanismoa mendebalderantz mugitzen dela (Google Earth moldatuta)
Erupzio historikoei erreparatzen badiogu, guztietatik handiena eta ikusgarriena Lanzaroteko Timanfayakoa izan zen. 1730. urtean hasi zen eta 6 urtez egon ziren bertan sortutako sumendiak laba eta piroklastoak botatzen. Irlaren heren bat laba berriarekin estali zen. Suntsipen ikaragarria izan zen hura. Bertako biztanle askok irla utzi behar izan zuten. Baina, orohar, bolkanismo aktiboa gaur egun mendebaldeko bi irletan kontzentratzen da, nagusiki. Azken 500 urteetan 15 erupzio izan dira Kanariar uharteetab, eta horietatik 7 La Palman izan dira.
Timanfaya Parke Nazionaleko kolada eta piroklastoez osaturiko konoak. (Lanzarote UNESCO Geoparkea)
La Palma erraldoia
La Palma irla bertikala da, ikusgarriak dira irla txiki honetan dauden erliebeak eta maldak. Bere azalerari erreparatuta, munduko hirugarren irlarik altuena da (Azoreseko Pico da altuena). Datu horrek eta irlaren gaztetasunak argi adierazten dute bolkanikoki eremu aktibo batean gaudela.
Geologiari erreparatzen badiogu, baita ere, azken erupzio bolkaniko hau ez da edozein lekutan gertatu. Irlaren hegoaldean dagoen Cumbre Viejako dortsal aktiboan gertatu da, Kanariar uharteetan dagoen gune bolkaniko aktiboenean, alegia.
Erliebeari eta geologiari erreparatzen badiogu, La Palmako irlan bi eremu garbi bereiz daitezke: Iparraldean, Taburiente eremua; hegoaldean, berriz, Cumbre Vieja eremua.
La Palma irlaren erliebea eta bi unitate geologiko nagusien kokapena (Google Earth moldatuta)
Taburienteko galdara
Taburiente munduan dagoen galdara bolkaniko ikusgarrienetariko bat da. Milioi bat urteetan zehar, 3.000 m baino gehiago zituen sumendi erraldoia eraiki zen, baina bere zimenduak ez omen ziren oso sendoak. Duela 560.000 urte hegoaldean sumendia kolapsatu egin zen eta luizi ikaragarri batek 200 km3 eraman zituen itsaso hondora. Hori da Taburienteko galdara hego-mendebalderantz irekita egotearen arrazoi nagusia. Luizi horrek utzi zuen zauria gaur egun ondo ikus daiteke Aridaneko bailaran.
Taburienteko galdara Cumbre Viejako lehen sumendietatik ikusita (Islas Canarias)
Cumbre Vieja dortsal berria
Edonola ere, Taburienteko bolkanismoa luiziarekin batera itzali egin zen, eta azken 400.000 urteetan ez da erupziorik egon irlaren iparraldean. Beroa hegoaldera mugitu zen, eta pitzadura erraldoi batean lerrokaturik, sumendi desberdinak agertzen joan ziren eta Cumbre Viejako dortsala sortu zen. Aktibitate bolkaniko horrek 100.000 urte inguru besterik ez du, baina irlaren hegoaldea eratzen duen eraikin bolkaniko berri horrek jadanik 2.000 metroko altuera du. Hemen gertatu dira erupzio historiko guztiak. Bortitzagoak edo txikiagoak, luzeagoak edo motzagoak, batez beste 60 bat egun iraun izan dute, gauean su artifizialak eginez.
Momentuz itxaron besterik ez dago. Bitartean, Ikertzaileek informazio oso baliagarria aterako dute erraldoi honen sustrai beroak hobeto ulertzeko.
Sumendien ibilbidea Caldera Vieja dortsalean (Islas Canarias)