Duela urte asko, Zumaia askoz ere txikiagoa zenean, apenas zegoen udal langilerik, ia beharrik ere ez zegoelako, baina bi figura ia ezinbestekoak ziren udala administratzeko: idazkaria eta probestua (gaztelaniaz, “preboste”). Idazkariak bermatzen zuen udala behar bezala administratzea eta legedia betetzea; probestuak edo aguazilak, berriz, alkatearen aginduak eta arauak betetzen eta betearazten zituen, eta Zumaian badaukagu etxe bat “Prebostekoa” izenekoa (Mari kalean, 2 zenbakiduna, Parrokiaren atzealdean; Erribera kaletik begiratuta, Inpernupe taberna/elkartearena).
Urteak pasatu eta herria handitu ahala, ordea, udal egitura ere handitu egin zen, eta zerbitzuak eta lanak bere gain hartzen edo bermatzen zituen neurrian, udalak lanpostu berriak sortzeko edo horiek ziurtatzeko gestioak egiten zituen: zirujaua, medikua, praktikantea, albaitaria, kontu hartzailea, zerga kobratzailea, aguazila, alondegiaren arduraduna, maisua eta maistra, musikariak (txistulariak, danborraria, bandaren zuzendaria, organista, irakaslea…), barrenderoak, udal eraikinen garbitzaileak, serenoak, herri lanen arduraduna eta langileak, kaleko argien arduraduna… Nahikoa buruhauste izaten zuten baten bat falta zenean ordezkoa aurkitzeko, batez ere osasungintzako lanpostuetan; hizkuntza eskakizunik ez zegoen, baina lanpostuak lortzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa zen eta propio eskatzen zuten gehienetan; horrek adierazten du XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera arte zumaiar gehien-gehienek euskaraz baino ez zekitela eta euskara hutsean bizi zirela.
Gerrek eragin handia izaten zuten udal plantillan: zeinek irabazten edo galtzen zuen, soka berekoak sartzen zituzten udaletxean eta bestekoak kendu. Horrela, 1876an, II. Karlistaldiaren ondoren, langile berriak ezarri zituzten: idazkaria, maisua, aguazila, medikua, botikaria…, eta maistrari eskatu zioten herrira bueltatzeko edo lanpostuari uko egiteko; eta 1936ko Gerraren ondorioz, udal egitura txikituta geratu zen: frankistak herrian sartu aurretik alde egin zuten udal idazkariak, albaitariak eta bandaren zuzendariak, besteak beste; geratu zirenetako batzuk, berriz, espedientatu egin zituzten, baita ardurak kendu ere: Damiana Añorgari (Oikiako maistra), Jose Ajuriari (medikua)…
Lanpostuei dagokienez, idazkaria da udalaren administrazio egokirako bermea, eta postua lortzeko, ezinbestekoa zen ikasketak edukitzea eta gaztelaniaz idazten ondo jakitea. Alkatearen konfiantzako postua zen, eta ez da harritzekoa aldaketa politikoekin gorabeherak edo gatazkak sortzea, batez ere XIX. mendean; horren adibide, 1860-1870eko hamarkadetan, zer kolore politikotakoak ziren agintariak (liberalak edo karlistak), halako idazkariak ezarri nahi izan zituzten: 1869an, idazkaria hautatu behar zutenean, Pedro Etxaniz eskarmentu handiko idazkaria zen, baina karlista sutsua ere bai, eta agintean liberalak zeudenez, nahiago izan zuten Manuel Zubia menor (gaztea) izendatu; lanean hasi zen Zubia, bai, baina itxuraz ez zeukan behar adinako gaitasunik, zinegotzi batzuen ustez: “carece de capacidad para el desempeño de las obligaciones que señala el artículo 105 como es fácil probar haciéndole sufrir previamente examen sobre cualquiera de ellas. (…) Es bien público que Don Manuel Zubia no tiene tanta capacidad como Don Pedro Echaniz”. Udal paperetan murgilduta, zer gauza ederra den garaian garaiko kontuen berri izatea idazkarien edo haien laguntzaileen letra txukunari eta garbiari esker, bakoitza bere berezitasunekin: Felix Barturen (1877-1884), Fernando Trueba (1885-1923), Jose Etxabe (1923-1936), Carlos Campos (1937-1961)... Batzuetan gertatzen zen lanpostua hutsik geratzea, eta orduan behin baino gehiagotan aritu ziren idazkari lanetan herriko beste eskolatu batzuk, adibidez, maisua edo medikua.
Behin baino gehiagotan ageri da txapero gaztelaniazko paper ofizialetan
Probestuari dagokionez, udal egitura handitu ahala, haren funtzioetako asko udaltzainek edo guardek berenganatu zituzten. Horiek Zumaian txapero izenarekin dira ezagunak, eta hitzaren jatorriaz idatzi zuen Belen Golmaiok 2001ean:
“Nahiz eta behin baino gehiagotan galdetu, inoiz ez det arrasto garbirik atera. Noiz edo noiz entzun det ‘txapa’ bat eramaten zutelako deitzen zitzaiela txapero. Baina ez dakit horrela izango ote den. Beharbada, herritarren batek jakingo du hitz horren nondik norakoa eta horrela izanez gero, adieraziko digu”.
Badatoz herriko agintariak Moilan aurrera, udal txistulariek lagunduta. (Zumaiako Udala)
Behin baino gehiagotan ageri da txapero gaztelaniazko paper ofizialetan; adibidez, 1938an, gaur egungo Fielato ingurua dela eta, “que formando un triángulo uno de sus vértices vá á terminar en la caseta de chaperos allí instalada”; 1941ean, “Una factura del vecino de esta villa Leoncio Múgica por varios materiales para la caseta de chaperos construida recientemente que importa Ptas. 41’30”… Txaperoen lana eta presentzia ugaritu egin ziren XIX. mendearen amaieran, batez ere Udalak kontrolatu nahi izan zituenean salgaiak (jatekoak eta edatekoak, batik bat), zergak kobratu eta diru gehiago lortu ahal izateko. Harrigarria da udaltzainek zenbateko arreta jartzen zuten legez kanpoko ardo, pattar, olio, haragi eta abar harrapatzeko, herrigunean ez ezik, inguruko auzoetan eta bideetan ere bai. Zergatik hainbesteko grina? Udalak isuna jartzen zien arau hausleei: harrapatutako generoari zegokion zerga halako sei kobratzen zien; baina generoa ez zien itzultzen jabeei, baizik eta txaperoarentzat geratzen zen: 1901ean, “[harrapatutakoa] sea para el que haga o hayan verificado o contribuido al menos a la aprensión y no para repartir entre todos los agentes municipales como se ha venido haciendo hasta la fecha”; baina bestelakoen atzetik ere ibiltzen ziren txaperoak: 1901ean, “acuerdan que por los agentes municipales sean perseguidos los perros que no hayan satisfecho la contribución y muertos (los) que vagamundos que acuden a esta población por las noches y que al efecto se traigan pasteles o morcillas”. Txaperoak uniformea jantzita ibiltzen ziren, eta bestelako ekipamendua ere bazuten: 1898an Udalak arma lizentziak eskatu zituen haientzat, baita errebolberrak enkargatu ere Eibarren; 1934an, berriz, egunez aritzen ziren guardei armak kentzeko erabakia hartu zuen Udalak; eta 1936an, atzera armak eman zizkieten. Udal dokumentazioan bada bitxikeria ugari, batez ere txaperoek lanak behar bezala ez zituztelako egiten edo zegozkien lanez gain, beste batzuk ere egiten zituztelako: 1896an, “De un escrito de Manuel Aizpurua vecino de esta villa denunciando el hecho de que el guarda municipal Don Antonio Uranga se dedica a veces a la pesca de pulpos y otros que haceres que no son propios de un guarda”; 1900ean, “el guarda municipal Don Julián Echániz había sido multado con cinco pesetas por haber dejado de prestar servicio en dos noches, sin dar conocimiento a su principal Cabo Sr. Arano”; hemen berriz ere protagonista berberak, 1902an: “el guarda municipal Don Julián Echaniz se ha ocupado el Domingo último en acarrearse la maleta de un caballero particular dejando abandonado su puesto en la caseta de la Estación y que aunque fue reconvenido por la mañana por este proceder; volvió a las andadas por la tarde”; 1947an, udal ordezkariek lanpostutik kendu egin zuten udaltzain bat, Manuel Fajardo Valencia:
“(…) estando de vigilancia en la tarde del pasado 24 de Diciembre, de una de la tarde a nueve horas de la noche, abandonó el servicio y estuvo en varios establecimientos de bebidas en compañía de su padre. El 1º de este mes no se presentó a la hora del relevo del servicio y luego se fue con el uniforme al Bar Mari y más tarde al Bar El Ciervo, no presentándose a la hora del relevo. En los días 5 y 6 de del presente mes y estando de servicio por la tarde en el Fielato, abandonó el servicio y se fue de paseo con una chica, presentándose a la hora del relevo”.
Zakar biltzailea karroarekin Erribera kalean. (Zumaia Oroituz)
Lanpostutik kentzeko, arrazoi horiek ez ezik, beste batzuk ere aintzat hartu zituzten: “la aureola de impopularidad que tanto por su proceder como por el de su padre que es Brigada de la Guardia Civil de esta Villa”, eta aurretik izandako beste gertakari tamalgarri batzuk ere bai.
Serenoek txaperoen antzeko lanak egiten zituzten, baina gauez, eta aspalditik zeuden gurean
Baina bestelako udal langile batzuekin ere baziren gorabeherak, eta hara zer idatzi zuen udal obretako buruak, barrendero bat zela eta:
“(…) se le ha llamado la atención varias veces por el que suscribe en el tiempo que viene desempeñando dicho cargo por no atender como es debido su obligación de limpiar las calles y sobre todo por no prestar los servicios en la mayoría de las tardes, dedicándose en las horas de servicio a las construcciones de jergones, cortar leña y demás servicios”
Itxuraz, garbitzaileak nahikoa barneratuta zeukan lanaldi jarraitua goizean egitearen kontzeptua…
Azken bitxikeria: 1943an Mariano Goikoetxea udaltzainak erretiroa hartzea eskatu zuen; 70 urte zeuzkan…
Serenoek txaperoen antzeko lanak egiten zituzten, baina gauez, eta aspalditik zeuden gurean. Badakigu 1866an diru kopuru bat gorde zuela Udalak sereno postuak sortzeko, lapurreta asko zeudelako eta haiek ebitatzeko; 1872an ere serenoen bi lanpostu sortu zituen, lau lagunek eman zuten izena, eta Udalak adierazi zien beraien artean moldatzeko, nahi zuten bezala. 1932an, berriz, bakarra zegoen, eta motz geratzen zen: “(…) se está registrado frecuente y bastante abundante paso de transeúntes y de gente maleante durante las altas horas de la noche, y constituye un verdadero peligro el que no exista más que un sereno para el servicio de vigilancia nocturna”; horregatik, laguntzailea jarri zioten. 1990era arte ezagutu genituen gaueko zaintzaileak Zumaian, batzuetan Kalixto txakurrak lagunduta, gainera.
Gaur egun (2021eko irailean), 60 lagun inguru daude udal plantillan, eta erdia baino gehiago emakumeak dira. Apenas langilerik zegoen garaitik abiatuta, gauzak dezente aldatu dira, ezta?