Atenasen jaio nintzen, Grezian, 1965. urtean, eta 23 urte daramatzat Euskal Herrian bizitzen. Euskal Herriko neska batez maitemindu nintzen Kanadan bizi nintzenean. Behin Euskal Herrira etorrita, Ermuan bizi izan ginen zazpi urtez. Neska lagunaren familiak gozokien denda bat zuen, Poxpolin, eta han egiten genuen lan. Banandu ginenean, Debako hotel batean hasi nintzen lanean; hamar urte egin nituen han, Deban. Hotela itxi zutenean Zumaian aurkitu nuen lana, eta azken urteotan hemen bizi naiz.
Greziatik 1989an atera nintzen. Krisia zela, drogak zirela, jendea migratzen hasi zen eta Kanadara joan nintzen; Greziatik ihes egin nahi nuen han egoera oso zaila zelako. Banekien garai hartan greziar asko bizi zirela Kanadan eta bizimodua aurkitzera joan nintzen. 1989tik 1995era Montrealen egon nintzen, eta han denetik egin nuen: zerbitzari, oinetakoen saltzaile... Bisa ezin nuen berritu, eta orduko neska lagunarekin Greziara itzuli nintzen. Hotel batean egiten nuen lan: mantentze lanak egiten nituen neguan eta harreran egoten nintzen udan. Frantsesa dakidanez, itzultzaile lanak ere egiten nituen. Urte eta erdiren ondoren, lagun baten bitartez, Gabonera joan ginen, Afrikara. Bi urte egin genituen lan hango enpresa batean, 1998ra arte. Enpresa hura ez genuen oso gogoko, eta Ermura etorri ginen.
Gabonen Greziako kontsul izan nintzen. Lantoki nuen enpresak Greziako gobernuarekin harremanak zituen, eta egoki ikusi zuten kontsulatua zabaltzea han. Harreman diplomatikoez ez nintzen arduratzen, ikasketa horiek ez nituelako, baina Gabonen bizi ziren greziarrei edo Kongoko gerra zibiletik ihes egiten zutenei laguntzen ibili nintzen: agiriak betetzea, aireportutik jaso eta hirira eramatea, ostatua aurkitzea...
Betidanik izan dut musikaren pasioa. Han, Grezian, musika talde batzuetan jo izan nuen, baina gustuen oraingo taldearekin nago, The Grace of Dionysus taldearekin. Ez dira garai onak musikarako. Geldialdi bat egon da, eta hartutako neurriak ere ez dira onenak kulturarako. Lehen, garai honetan, kontzertuak izaten genituen; orain ez ditugu lortzen: tabernek ez dute kontzerturik antolatzen, eta dirurik ere ez dago horretarako. Talde txikia gara, herrikoa, eta ez dugu kontzerturik aurkituko digun managerrik. Gurea bezalako taldeek kontzertuak behar izaten dituzte dirua lortu eta horrekin grabazioak ordaintzeko; ez dugu honekin aberastu nahi, guretzat pasioa da. Orain bertan bidea itxita dago, baina zabalduko dela uste dut.
Greziar mitologian esaten den bezala, nire Itaka hemen aurkitu dut. Itaka metafora bezala erabiltzen dugu greziarrok, parte sentitzen zaren leku hori definitzeko. Nire sustraiak ez ditut Grezian aurkitzen; oso gazte atera nintzen handik, eta denbora gehiago pasa dut Greziatik kanpo Grezian bertan baino; hara joan izan naizenean nire herrian atzerritar sentitu naiz. Hemen ere atzerritarra naiz, baina nire Itaka, nire etorkizuna, hemen dagoela ikusten dut.