Mamua haragitu da II

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2022ko urt. 15a, 09:00

Aurrekoan, klima aldaketak hurbileko itsasoetako parametro ozeanografiko nagusietan eragin dituen aldaketak deskribatu genituen. Hurrengo lerroetan, berriz, itsas ekosisteman eta itsas espezieetan egiaztatutako mudantzetan jarriko dugu arreta. Izan ere, testu hartan deskribatutako ozeanografian emandako aldaketek organismoak garatzeko ingurumen baldintzak aldatu dituzte, eta bizidun horiek moldatzera behartuak izan dira.

Heriotza masiboak eta banaketan izandako aldaketak

Ipar-mendebaldeko Mediterraneoan, adibidez, klima aldaketak itsas organismoen hilkortasunean duen eraginaren ebidentzia zientifiko zabala dago; aitzitik, gure kostaldean ez da azaldu uraren berotze globalari lotutako heriotza masiborik. Bai, ordea, hurbileko lekuetan –Galizian, kasu– non muturreko gertaerei lotutako heriotzen inguruko lanak badauden. Han, molusku bibalbioen heriotza masiboak gertatu dira, uholde eurien ondoren gazitasuna bat- batean jaitsi izan denean.

Espezieen banaketan izandako aldaketei dagokienez, asko dira lekualdatu diren espezieak, batez ere, alga handiak. Migrazio hori hain da nabarmena, non hainbat lekutan garatzen ziren algek sortutako basoak guztiz desagertu diren eta haien ordez basamortu itxurako eta biodibertsitate eskaseko itsas hondoak agertu diren.

1. Laminaria hyperborea alga arrea. JANNE GITMARK. CC-BY-SA-3.0

2018ko uztaileko Baleiken kontatu bezala, Gelidium corneum (garai batean gure hondartzetan ustiatutakoa) eta lamina (ikusi 01 irudia) itxurako ur epel hotzetako oldiak, besteak beste, izan dira kaltetuenak. Horrez gain, gure kostaldean karezko euskarriak dituzten alga gorriak ugaritu egin dira eta ur beroagoetan ohikoak ziren algak agertu dira. Frogatu denez, alga espezie haietako batzuk desagertzeak zerikusia du ugalketa tasak jaistearekin, uraren tenperatura handiagoa dela medio.

Bestalde, planktonaren edo arrainen banaketan ere aldaketa nabarmenak hauteman dira eta dozena bat ur beroko espezie baino gehiago aipatu dira euren banaketako iparraldeko mugatik iparralderantz mugitu direnak. Hala, berdelak arrautzak jartzeko eremuak iparraldera jo du argi eta garbi, eta desplazamendu hori zenbatu dute adituek: uraren tenperatura igo den gradu bakoitzeko, eremu horrek 30 bat km egin du iparralderantz.

Kanpoko espezieak eta funtsezko espezieen aldaketak

Klima aldaketak komunitate askotan eragin dituen aldaketek espezie inbaditzaile batzuen alde egin dezakete. Izan ere, funtsezko espezie batzuk desagertzen direnean, kanpotik ekarritako espezieek eremu hori okupatzeko bidea librea dute. Hori gertatu da, adibidez, Asparagopsis armata (ikusi 02 irudia) izeneko alga exotikoaren hazkunde nabarmenarekin, eta gertaera Atlantikoko kostaldeko zenbait lekutan alga baso batzuk desagertzearekin lotu dute ikertzaileek.

Muxarrak Asparagopsis armata alga gorriaren zelai baten gainean. MATTHIEU SONTAG, CC-BY-SA

Geoparkeko hondartzetara heldu ohi diren algen artean gero eta ohikoagoa da ikustea Ozeaniako eta haztegietako ostrekin batera Europara heldu zen alga gorri hori. Lehenago deskribatu dugu gure kostaldeko alga handien komunitateetan klima aldaketak izan duen eragina, eta badakigu funtsezko espezieen ugaritasunean aldaketa handiak eragin dituela. Hainbat kasutan, gainera, erabat desagertu dira. Desagertze horren tamaina ez da oso ezaguna, baina kezka handia sortu du komunitate zientifikoan. Adibidez, marearteko zabalguneetako alga batzuen galerak komunitate bentonikoen (lurrarekin zerikusia dutenen) elikadura katea pobretzea eragin lezakeela dirudi.

Aldaketa fenologikoak

Fenologia klima eta bizidunen zikloen arteko erlazioa aztertzen duen zientzia da. Adibide klasiko bat jartzeagatik, fenologian adituak enarak gurera noiz heldu ohi diren eta guretik noiz joan ohi diren adi daude, eta urtetik urtera aldaketarik badagoen aztertu ohi dute.

Bada, iparraldeko Atlantikoan fitoplanktonak izan ohi dituen urtaroko populazio eztandak (bloom izenekoak) aldatu egin direla diote jakitunek. Hala, udaberriko bloom-a, esaterako, ez da hain ugaria eta, gainera, urtetik urtera lehenago gertatzen ari da. Aldaketa horren erantzule bat baino gehiago dago (haizea, eguzki erradiazioa...), baina nabarmenena uraren tenperaturaren igoera da.

Hegaluzea BIODIVERSITY HERITAGE LIBRARY

Hala ere, ikertzaileek bakarrik ez, arrantzaleek ere sumatu dituzte aldaketa fenologikoak, eta sarritan aipatzen dituzte komunikabideei egindako adierazpenetan; izan ere, hegaluzeen (ikusi 03 irudia) eta zimarroiaren migrazioak aldatzen ari dira, bai geografikoki, baita denboran ere, eta gaur egun 1-2 aste lehenago heltzen dira kalaetara.

Itsas organismoen prozesu biologikoen gaineko afekzioak

Klima aldaketak sortutako ingurumen aldaketek eragina izan dezakete organismoen zenbait prozesu biologikotan. Gehienetan, afekzio horiek ez dira banakoentzat hilgarriak izaten, baina, epe luzera, ondorio garrantzitsuak izan ditzakete espezie askoren bideragarritasunean. Hurrengo lerroetan gertuko itsas guneetan antzemandako adibide batzuk aipatuko ditugu.

Ingurumen aldaketen ondorioz, Fucus serratus alga arreak Asturiasko kostaldean duen ugaltze ahalmena murriztu egin da. Gainera, tenperatura igotzeak ondorio negatiboak izan ditu haren hazkundean eta fisiologian.

Bestalde, Galizian egiaztatu da gazitasunaren bat-bateko gorabeherek aldaketak eragin dituztela marearteko txirla espezieen ugalketa organoetan. Gazitasun aldaketa horiek euri jasa handien muturreko gertaerei lotuta daude.

Itsas-triku morea. Sphaerechinus granularis. DIEGO DELSO. CC BY-SA 4.0

Bukatzeko, azidotasun ozeanikoaren areagotzeak eskeletoetan eragindako deskaltzifikazioak arazoak sortzen dizkie itsas trikuen espezie batzuetako larbei, gure harraldeetan nahiko ohikoa den itsas triku moreari (ikusi 04 irudia), kasu.

Zaurgarrienak

Egun dakigunaren arabera, eta zerrenda handitzen ari dela jakinik, esan daiteke klima aldaketak itsas ingurunean dituen eraginen aurrean habitat batzuk beste batzuk baino zaurgarriagoak direla. Arestian batzuk aipatu ditugu (alga handien basoak, adibidez), baina, tamalez, gehiago ere badaude:

Zostera noltii (ikusi 05 irudia) itsas fanerogamo bat da; hau da, itsas azpian loratzen den landare gramineo bat (algak ez dira landareak). Euskal Herrian, Lea, Urdaibai eta Bidasoko itsasadarretara mugatuta, haren belardiak zaurgarritzat jotzen dira arriskuan dauden EAEko katalogoan, eta Akitaniako flora baskularraren zerrenda gorrian dago.

Zostera noltii. DUARTEFRADE CC BY-SA 4.0

Bada, itsasoaren azaleko tenperatura igotzeak bere habitata 900 km iparralderantz eraman lezake XXI. mendearen amaierarako. Horrek bere hegoaldeko populazioak –gure kostakoak– desagertzea ekarriko luke.

Maërl izeneko itsas hondoak libre (substratuari ez lotuta) bizi diren alga gorri karedunak metatzen diren hondoak dira. Uraren uhertasunaren arabera, maërl hondoak 20-120 m arteko sakoneran daude, eta batzuk 5.000 urte baino zaharragoak dira. Karbonatozko estrukturak dituztela eta, alga hauek itsasoaren azidotzearen biktima zuzenak dira. Hori dela eta, XXI. mende bukaerarako aurreikusten diren azidotasun tasak igoz gero, habitat mota hori nabarmen gutxitzea aurreikusten da, baita leku batzuetan erabat desagertzea ere.

Aipatutakoaz gain, itsasertzeko habitat asko daude itsas mailaren igoerak kaltetu eta alda ditzakeenak, besteak beste, hondartzak, dunak, padurak, estuarioak eta partak.

Konponbiderik bai?

Aho zapore hobearekin amaitzeko, esango dugu artikulu honetan aipatu dugun problema zerrenda luzeari konponbideren bat jar dakiokeela. Hori bai, egokitze neurrien garapenak lehentasuna izan behar du klima aldaketaren ebidentzia garrantzitsuaren (eta gero eta handiagoaren) aurrean. Egokitze neurriak lurraldearen kudeaketan eta babesean hartu behar dira, baita espezieen kudeaketan eta zuzeneko babesean ere. Ahaztu gabe, jakina, egoerari segimendua egitea, planifikazioa eta lege neurriak hartzea.

Zehazki, espezieak eta habitatak babesteko zerrendetan klima aldaketaren aurkako mehatxu eta ahultasun berriak jaso behar dira. Gainera, erabilerak eta zonazioa arautzen direnean, babestutako itsas eremuek espezie eta habitaten klima aldaketarekiko erresilientzia hobetu ohi da. Berdin arrantza jasangarritasun irizpideen arabera arautzerakoan.

Segimendu zientifikoa, ekosistema degradatuak berreskuratzea eta zaurgarritasunari eta arriskuei buruzko azterlanak ere ezinbesteko tresnak dira klima aldaketaren aurkako kudeaketa hobetzeko.

Motel samar gabiltza, baina ez da guztiz berandu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide