Idurre Lazkano: “Bakoitzak ale txiki bat jarri du, eta horrek erakusten du mundua mugi daitekeela”

Juan Luis Romatet 2022ko martxoaren 11

Argazkiak: Idurre Lazkano | BERRIA

Ukrainako errefuxiatuei laguntza materiala eramateko karabana abiatu zen pasa den asteburuan Euskal Herritik. Laguntza eraman bakarrik ez, furgonetetan errefuxiatu batzuk ere ekarri dituzte Euskal Herrira. Karabanako kide izan da Idurre Lazkano.

Berria egunkariko langilea da Lazkano, eta han bizitakoa eta ikusitakoa irudietan jasotzeaz gain, laguntza eskaintzen ere aritu da eun horietan. Egun hauetan izandako esperientziez hitz egin du gurekin.

Eslovakiara joan zinen furgonetan Ukrainako errefuxiatuentzako materiala eramatera. Nola sartu zinen proiektu honetan?

Talde bat dago Nergroup izenekoa. Hamalau-hamasei enpresak osatzen dute, eta eredu parte-hartzailean oinarrituta dago. Erantzukizun sozialerako proiektuak ditu enpresa bakoitzak, eta bere dedikazioaren ehuneko bat proiektu horietara bideratzen dituzte. Atzio Orexa da talde honetako koordinatzailea, eta ikusita Ukrainan zer gertatzen ari zen, zerbait egitea proposatu zuen: materialez betetako furgoneta bat eramatea, eta, ahal balitz, jendea ekartzea hona. Azkenean lau furgoneta bete zituzten materialez. Ez zuten material hori herritarrei eskatu nahi izan, denbora eskatzen zuelako; enpresei eskatu zieten materiala: neguko arropa, pixoihalak, etab. Egun batetik bestera lortu zuten materiala.

"Hemendik atera ginenean genekien gauza bakarra zen zazpi ume etorriko zirela gurekin"

Gero, jendea hona ekartzeko lehen asmoa Poloniara joatea zen, baina ohartu ziren Polonian sekulako kaosa zegoela, eta gaindituta zeudela. Eslovakian, berriz, jende gutxiago zegoen eta errazagoa izango zen antolatzea. Asociacion Cultural Eslova-Vasca elkartearekin harremanetan jarri ziren. Talde bat aritu da etengabe hemendik lanean, gu bidaian geundela, zer pertsona ekarri adosteko, antolatzeko eta koordinatzeko. Eslovakiako Unibertsitatearekin ere harremanetan jarri ziren. Han ikasle taldeak dituzte materiala deskargatu eta jendea antolatzeko; materiala bildu eta banatzeko. Beraiek erabaki zuten zer pertsona etorriko ziren hona. Guk ez genekizkien iheslarien izen-abizenik; hemendik atera ginenean genekien gauza bakarra zen zazpi ume etorriko zirela gurekin, haientzako aulkitxoak eraman behar genituen eta. Bestela, ez genekien zer familia izango ziren, emakumeak ziren, helduak; animaliekin etorriko ziren ere ez genekien, eta azkenean hiru txakur eta bost katu ere ekarri ditugu. Astelehenean goizeko 7tan hartu genituen, eta 7:30erako jada errepidean ziren furgonetak.

Dena izan da urgentea...

Bai, bai. Pentsatu eta egin izan da. Hauek pasa den astelehenean –martxoaren 7an– egin zuten lehen bilera eta ostegun arratsalde-gau partean lortu zituzten lau furgonetak. Ostiralean Berrian enteratu ginen furgoneta batzuk joatekoak zirela, eta Martxelok [Otamendi, Berriako zuzendaria] esan zuen norbaitek joan beharko lukeela beraiekin; ikus-entzunezkoen taldeko norbait bidali beharko litzatekeela. Ni ez naiz kazetaria, baina talde horretan aritzen naiz, eta animatzen nintzela esan nien. Ostiral eguerdian izan zen hori, arratsaldean esan zidaten maleta egiteko, eta larunbatean goizaldeko 4:30ean Lasarte-Orian nengoen.

Atzera egiteko ere aukerarik ez zenuen izan.

Egia esan, ez nuen pentsatu beharrik izan. Niretzako aukera handia zen talde horretan laguntzen aritzeko, eta parte hartzeko. Oso aberasgarria egin zait proiektu eta jende hau ezagutzea. Esku bat botatzea, azkenean. Gure txikitasunetik laguntzeko aukera izan dugu. Joaten gara, bada, Kroaziara furgonetan? Azken finean, kilometro kopurua bera da; asteburu batean laguntzera zoaz; lanean nengoen, gainera. Izugarrizko aukera izan da, nahiz eta inprobisatutako abentura bat izan den. Norekin noa, nora, nola moldatu naiz... Ez nekien nola bueltatuko nintzen ere.

"Oso aberasgarria egin zait proiektu eta jende hau ezagutzea. Esku bat botatzea, azkenean"

Ez al zinen furgonetan itzuli behar?

Ni, berez, beraiekin nindoan kazetaria nintzen. Beraiek zortzi gidari zituzten, eta horiez gain itzultzaile bat. Haren historia ere berezia da: gerra hasi zenean Ukrainan zegoen, eta ihes egin behar izan zuen bere amarekin batera; asteazken batean etorri zen hona, eta hurrengo larunbatean bueltan zen. Gidari bat amerikarra zen, eta ezin izan zituen furgonetak gidatu martxa manualak zituztelako; automatikoekin ohituta zegoen. Bidaian ohartu ginen horretaz. Nik hartu nuen bere lekua, eta gidari lanetan aritu nintzen ni ere, beraien txanda berak egiten. Kazetari bezala joan nintzenez, asmoa zen bueltakoan beraiekin ez itzultzea, hala beste pertsona bati lekua uzteko. Han geundela, esan zidaten furgonetan bueltatzeko, gidaria behar zutelako, baina itzultzailea aurkeztu zen gidari lanak egiteko, “pixka bat gidatzen zuela” esanda. Esfortzu hori egin zuen pertsona bat gehiago ekartzeko Euskal Herrira. Ni han geratu nintzen eta bi autobus eta bi hegaldi hartu ondoren heldu nintzen etxera.

Eslovakian izan zarete. Ukrainan sartzeko aukerarik izan al duzue?

Ez, ez gara sartu. Mugatik 60 kilometrora dagoen leku batean egon gara, Košice hirian. Unibertsitatea bertan dago, eta dena oso antolatuta dute. Mugatik autobusez edo taxiz heltzen den jendea iristen da bertara. Jende asko kontzentratu da han: iheslariak, boluntarioak... Egia da ez ditugula ikusi iheslariak justu muga pasatzen; ez gara iritsi horretara.

Oso ondo antolatuta dute han. Unibertsitateko gazte pila bat ari da lanean. Kultur etxeak, aretoak, pabilioi handiak dituzte materiala jaso eta sailkatzeko; txoko bakoitzean zer utzi behar duten badakite. Boluntario pila bat dago lanean, oso gazteak. Guri lagundu diguna ere unibertsitateko ikasle bat zen. Beraiek zekiten zein etorriko zen gurekin, zer kotxetan etorriko ziren, zer familia izango ziren, dena zekiten. Oso ondo antolatuta ikusi ditugu. Hori bai, gainezka daude. Material asko dute, pila bat; heldu ginenean sabairaino heltzen ziren poltsak. Elkartasun uholde hori izugarria izaten ari da.

"Gainezka daude. Material asko dute, pila bat; heldu ginenean sabairaino heltzen ziren poltsak. Elkartasun uholde hori izugarria izaten ari da"

Zenbat pertsona ekarri dituzue?

26 lagun ekarri ditugu; 26 lagun, hiru txakur, eta bost katu. Familiako kide dira hauek ere; beraientzako oso garrantzitsua da maskota hauek ekartzea. Ziur aski, maskotak beraiekin ekartzeko aukera izango ez bazuten, ez ziren gurekin etorriko. Zailtasunak ere izango dituzte hemen etxea aurkitzeko. Animaliak daude, 80 urteko bi amona... Hemengo pertsona batzuk haurrak beraien etxeetan hartzeko prest daude, baina haur horiekin batera amak datoz, amonak datoz...

Euskal Herrira etorri dira 26 lagun horiek, baina bide erdian pertsona batek Parisen duen lagun batekin kontaktatzea lortu zuen, eta hara joatera gonbidatu zuen; denean lagunduko ziola esan zion. Oiartzunen jaitsi, eta taldeko beste kide batzuk Hendaiara eraman zuten Pariserako trena hartzeko.

Oiartzunen berriro sartu nintzen furgonetan, eta handik Getxorako bidea beraiekin egin nuen. Beraiek ezagutzen ninduten, ikusi ninduten Eslovakian, ordu erdiz izan bazen ere. Poztu egin ziren ni berriro ikustean. Helmuga psikologikoa ere bazen Oiartzun beraientzat. Nolabait adierazi nien dagoeneko Euskal Herrian zeudela, eta beraien helmugara heltzen ari zirela. Eslovakian ateratako argazkietan negarrez eta oso triste agertzen dira, eta lehen eguna ere hala izan zen. Atzo [herenegundatik], furgonetan sartzerakoan, abesten ari ziren. Oso hunkigarria eta polita izan zen.

Getxora joan zineten. Non daude orain pertsona hauek?

Harrera familia batzuk dituzte. Batzuek lagunak eta familiartekoak badituzte hemen inguruan. Familia bat etorri da anai bat hemen bizi delako; amona baten semea ere hemen bizi da; eta beste batek unibertsitateko lagun bat du hemen. Batzuk etorri dira, bai, inor ezagutu gabe, eta haientzako badaude boluntarioak. Gero, bazegoen familia bat, bi ahizpa, bi ume eta txakur batekin; hauek egun batzuk egingo dituzte harrera etxe batean, eta erabaki dute Gironara joango direla; lagun bat dute han, hotel bat duena, eta lana eskaini die han. Pixka bat denetik dago.

Ez dirudi gerra hau denbora epe labur batean bukatuko denik? Inoiz itzultzeko aukerarik izango ote dute?

Ez dugu horretaz inoiz hitz egin. Beraiek badakite bizitza berri baten bila etorri direla, eta dena atzean utzi dutela. Asko hiriburukoak dira, Kievkoak, eta argi dute han utzi dituztela lagunak, familiak, etab., baina hemen nolabait bizitza berri bat hasten zaiela. Abesti bat jartzen zuten askotan, eta abesti horrek zioen tren bat joan dela, baina beste bat datorrela. Lehen egunetan ez zuten ezer esaten, ez zuten hitzik egiten; ez zuten irribarrerik egiten. Behea jota zeuden. Azken egun hauetan hasi dira hitz egiten. Oiartzunetik Getxorako bidaia hori, bai, hori euforikoa izan zen. Bidean Ereaga hondartzan geratu ginen, eta han itsasoa ikusi zuten. Beraientzako oso polita izan zen. Askok Atlantikoa ikusi gabe zuten. Une polita izan zen.

"Lehen egunetan ez zuten ezer esaten, ez zuten hitzik egiten; ez zuten irribarrerik egiten. Behea jota zeuden. Azken egun hauetan hasi dira hitz egiten"

Zerekin geratzen zara?

Aberasgarria izan da niretzat. Baina, ez dugu ezer berezirik egin. Bost egun eskaini dizkiegu, laguntzeko, besterik ez. Azkenean, lantalde handi bat dago honen atzean, dena koordinatzen, gidatzen; hara heltzerakoan doako ostatua eman digute. Bakoitzak ale txiki bat jarri du, eta horrek erakusten du mundua mugi daitekeela. 26 pertsona ekartzea lortu dugu, beraientzako bizitza berri bat ematea ere bai. Azkenean, bost eguneko bidaiak denok egiten ditugu; nor ez da joan furgonetan Pirinioetara edo Landetara asteburu baterako. Pixka bat, hori da guk eskaini duguna. Baina meritua, beraiek dute meritua. Azkenean, bizitza berri bat dute aurretik; kristoren erronka dute aurretik. Orain arteko dena atzean utzi dute; maleta txiki bat eskutan dutela bizitza berri baten bila etorri dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide