2022ko martxoaren 8a

Zaintza eta espazioa, eskutik helduta

Maria Maya Manterola 2022ko mar. 16a, 09:00

Bi pertsona bizikleta gainean, artxiboko irudian.

Martxoaren 8ko aldarrikapenen ondotik, hausnarketarako beta hartuko dute bihar eta etzi. Zaintzaren arkitekturaren oinarrizko kontzeptuak azaldu eta horiek Zumaian lurreratuko du Fernandez Cuberok.

Joan da aurtengo Martxoaren 8a, baina egunarekin lotutako hitzorduak hil osoan izango dira. Aldarrikapenak plazaratu eta gero, gogoetak partekatzeko beta izango dute datozen egunetan. Bihar eta etzi, osteguna eta ostirala, zaintzaz eta espazio publikoaz solasaldi bana eskainiko du Ana Fernandez Cubero arkitektoak, Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta. Emakumeon* Etxean izango dira bi solasaldiak, 18:00etan hasita.

Zaintzaren arkitekturaren inguruan arituko da lehen saioan; oinarrizko kontzeptuak azaldu, eta horiek  lurreratzeko solasaldi gidatua eskainiko du adituak. Herriko gabeziak eta indarguneak aztertuz, zaintzak herrian bizi duen  egoeraren inguruko diagnostikoa egingo du bigarren hitzorduan. Bi saioak gazteleraz izango direla azaldu dute antolatzaileek. 

Hizlariaren hitzetan, "zainketak errazten dituzten espazio eta egitura kolektiboak" dira zaintzaren arkitekturak. Adibidea jarri du Fernandez Cuberok: "Nire etxeko ataria haurrek segurtasunez jolasteko espazioa bada, orduan errazagoa izango da haurrak haztea eta bateragarri egitea, eta naturalagoa izango da auzo-mailan partekatu ahal izatea". 

"Eragin handia" du espazioaren antolaketak zaintzan, arkitektoak dioenez. Eremu publikotik kanpoko espazio pribatuetara baztertu da zaintza, Fernandez Cuberoren ustez. Zainketak "intimoa eta pribatua" dirudien arren, beste behin ere, "pertsonala politikoa dela" mahai gaineratu du arkitektoak: "Bizitzaren iraunkortasuna eta pertsonen zaintza gizarte-erantzukizuna dela ezartzea beharrezkoa da. Arkitekturaren zenbait alderdik, hala nola, dimentsioak, kokapenak eta espazioen kalitateak zainketei eragiten diete". Beste adibide bat eman du, azalpenen argigarri: "Eskola bat hiri baten kanpoaldean badago, eta bertara iristeko errepideak zeharkatu behar badira, haur guztiek beharko dute norbaitek laguntzea, oinez bakarrik joan ahal izan beharrean. Horren eragina da zaintzaile batek denbora eman beharko duela haiei laguntzen, eta haiek autonomia eta gaitasunak galduko dituztela. Gainera, eskola urrun badago, orduan auto pribatuan joan beharko da, eta horrek trafikoan, poluzioan, bide-segurtasunean, gogo-aldartean eta ikastetxe askotako ateetan sarreretan eta irteeretan ikusi ohi ditugun beste ondorio batzuetan izango du eragina".

Egoera adina irtenbide

Fernandez Cuberok ez du sinesten egoera guztiei erantzuteko irtenbide bakarrean, bai ordea, aniztasunean eta ekitatean. "Zenbat eta aukera gehiago izan, orduan eta errazagoa izango da pertsona edo talde bakoitzak egokien iruditzen zaiona aurkitzea eta, zehazki, etxebizitzan, uniformetasun-hamarkada askoren ondoren, alternatiba desberdin asko behar ditugu, etxebizitza txiki eta handiak, helduentzat eta berdinentzat; guraso bakarreko familientzat, nerabeentzat eta online langileentzat. Eta, batez ere, prezioekiko espekulazioaren gainetik etxebizitza eskuratzeko eskubidea izatea behar dugu", dio. 

Gabezia nagusia "egiturazkoa" den heinean –hizlariak dio zaintza ezinbestekoa izan arren prekarizatuta, pribatizatuta, feminizatuta eta inbisibilizatuta dagoela–, hobetzera bidean egin daitekeena "zaintza sistema publikoan baliabide gehiago jartzea" dela. "Hiria aldatzea, pertsona hauskorrenen bizitza eta, bide batez, zaintzaileena errazagoa izan dadin eta, azken urteotan galdutako bizikidetza-espazioak eta kolektiboak berreskuratzea eta zaintzea" aipatu ditu, besteak beste.

Apirilean ere bai

Apirilaren 6an helduko diote berriz ere zaintzaren gaiari. Emagin taldeko formatzaile Miren Arangurenek "elkar zaintzeko sistema publiko-komunitarioa" izango du mintzagai. Emakumeon* Etxean izango da, 18:00etan, euskaraz. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide