Aparraldia bizi ote du hitanoak?

Juan Luis Romatet 2022ko mar. 17a, 19:00

Maitane Subijanak aurkeztu zuen atzoko hitzaldia. Argazkia: Juan Luis Romatet

Zein da hitanoak gaur egun bizi duen egoera? Zer egin daiteke erabilera handitzeko? Eta zer lan egin da azken mende laurden honetan? Galdera horiek erantzuten saiatu ziren asteazkenean egindako hitzaldian.

Hitanoaren gaur egungo egoeraz, eta azken hamarkadetan haren erabilera handitzeko emandako pausoen inguruan aritu ziren atzo solasean Garbiñe Bereziartua EHUko irakaslea eta Xabier Azkue, Zumaiako Udaleko euskara teknikaria, Alondegiko Oxford aretoan egindako saioan. Larraina euskara taldeak antolatutako Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloko hirugarren hitzordua izan zen asteazkenekoa, eta, aurreko bietan bezala, entzule kopuru polita inguratu zuen gaiak.

Adituen eta arituen iritziak partekatzeaz gain, hitanoaren inguruan ikerketa lan ugari egin direla azaldu zuen Garbiñe Bereziartuak, bereziki unibertsitatetako master munduan. Azaldu zuenez, hitanoaren inguruko interesa piztu da azken hamarkadetan, bai Euskal Herrian, baita nazioarte mailan ere, eta azken urteotan egindako lanen artean Xabier Alberdik eta Xabier Azkuek egindako liburuak goraipatu zituen.

Hitanoaren inguruan egindako ikerketa lanetako bat Bereziartua berak eta Beñat Muguruzak Azpeitian egin zuten. Datu bilketa haren bidez hizkera forma honek Urola Erdiko herrian duen  erabilera maila eta transmisioa aztertu zuten, generoa eta adina kontuan hartuta. Emaitzak adierazgarriak izan ziren: mutil gazteen kasuan hitanoaren erabilera ia %100ekoa zen; neska gazteen kasuan, berriz, erabilera asko jaisten zen. "Azpeitia bezalako herri batean hori gertatzen bada, auskalo beste herrietan zer gertatzen den", azpimarratu zuen.

Belaunaldien arteko transmisioak hitanoaren erabileran duen garrantzia ere aztertu zuten, eta ondorioztatu zuten gurasoengandik hitanoa jasotzen duten gazteek errazago erabiltzen dutela beraien artean ere. Hala ere, genero arrakala nabarmena da hemen ere, Bereziartuaren esanetan: "semeek gehiago erabiltzen dute alabek baino; aitek ere gehiago transmititu diete seme-alabei amek baino".

Hizkuntzaren sozializazioa

Hizlariak nabarmendu zuenez, euskara sendoagoa den lekuetan gehiago erabiltzen da hitanoa, eta erreferenteak diren pertsonek erabiltzen badute, are eta gehiago hitz egiten da. "Ikaskideek eta ikastetxeko langileek ere hika egiteak badu garrantzia gazteen artean. Hor ikusten dugu transmisioa ez dela goitik beherakoa bakarrik, baita horizontala ere. Hizkuntzaren sozializazioa deitzen zio horri", azaldu zuen Bereziartuak.

Hitanoa eskola munduan landu behar ote den ere galdetu zuen Bereziartuak. "Hika egitea lagun arteko tratamendu bezala ikusten dute gazteek. Horregatik, eskolara eramanda hitanoaren erabilera laguntzen ariko ginateke? Edo kaltetzen? Gainera, zer erabili beharko genuke? Hitano batua? Edo tokian tokiko hitanoa erabili beharko genuke?".

Noka, hau da, emakumeen arteko hitanoa da, "zapalduen artean zapalduena" da  EHUko irakaslearen arabera. Urteekin nokak izan duen gainbeheraren atzean hitanoaren forma horrek duen "ospe txarra" dagoela uste du Bereziartuak. "Konnotazio negatiboak badaude, bigarren mailako jende batek erabiliko izango balu bezala. Horregatik ez da belaunaldiz belaunaldi transmititu. Pentsatzen baduzu bigarren maila batek erabiltzen duela, ez diozu hurrengo belaunaldiari pasatuko". Hori hala izanda ere, Bereziartuaren ustetan, nokaren gainbeheraren, transmisio falta horren arrazoiak "sakonagoak" dira.

Hitanoak azken urte hauetan bizi duen "aparraldia" aurretik izandakoekin alderatuta desberdina dela uste du irakasleak. "Moda kontuez aparte, beste enfoke bat erabiltzen hasi da azken aldian: feminismotik ere hitanoari begira jarri dira, eta noka ahalduntzearekin ere lotzen hasi dira". Gizonezkoetan hitanoaren erabilera anaitasunarekin lotzen den bezala, emakumeen kasuan ahizpatasuna indartzeko erabili ote daitekeen galdetu zuen. Bere ustetan, "emakumeen ahalduntzean erreminta izan daiteke hitanoa".

Mende laurdeneko lana

Garbiñe Bereziartuak hitanoaren gaur egungo egoera landu zuen bere hitzaldian; Xabier Azkuek, berriz, "arkeologia pixka bat" egin zuen bere txandan, eta azken mende laurden honetan egindako lanaren berri eman zuen.

Baleike aldizkari zaharrak erabili zituen iturri bezala errepaso hori egiteko. "1995ean antolatu zen hitanoaren lehen ikastaroa. Udalak kezka zuen hikako forma galtzen ari zelako". 1997an hitanoa aztertzeko beka bat sortu zuen Udalak. Azkue berak egin zuen ikerketa hori, eta egindako elkarrizketa sortaren emaitza Hitanoa Zumaian liburua izan zela gogoratu zuen. "Garai hartan hizketa aztertzeko liburu edo material gutxi zegoen, eta liburu hau mugarri bat izan zen". Ondoren etorriko ziren Getarian edo Goierrin egindako ikerketa lanak.

Bigarren mugarri bat Mintzola ahozko lantegiarekin batera sortutako material didaktikoa izan zela azaldu zuen Azkuek. "Euskal Herriko ikastetxeetan ez zen hitanoa lanzen. Balio izan zuen neska-mutil hauek forma honekin harremana itzateko, eta hitanoaren inguruan prestakuntza edukitzeko". 2010. urtean sortu zuten material hori, eta, Azkueren esanetan, "urte hauetan guztietan ehunka gaztek izan dute harremana hitanoarekin".

Beka sortu zenetik 25 urte bete dira, eta aukera polita ikusten du beste ikerketa bat egiteko. "Haurrek, gazteek, mutilek, neskek, binarioek ez direnek, hitanoa nola sentitzen duten jakiteko baliagarria izan daiteke".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide