Zer da Urretabizkaia txaranga eta zeinek osatzen duzue?
Musika talde bat da; txaranga bat da, azken finean. Gaur egun hamabost kidek osatzen dugu. Gutako batzuk musikariak gara, baina badaude artista plastikoak ere, baita abokatuak, informatikariak eta bestelakorik ere. Adin eta lan eremu ezberdinetako jendeak osatzen du taldea.
Txaranga izena du, baina arte ederretatik hurrerago ez al dago musika talde batetik baino.
Musika herrikoia eta esperimentalaren arteko banaketa apurtzearren, ez dugu ohiko txaranga baten musika jotzen, baina bere jai giroa mantentzen dugu. Normalean musika garaikideko musikariak oso zintzoak eta serioak izaten dira, elitistatzat jotzen dira. Eszenaratzea agertokian baino espazioan sakabanatuta eta mugimenduan izaten da gurea; batzuetan koreografia moduko bat jarraituz doa piezaren egitura. Hau esanda, batzuek diote egiten duguna performancea dela, baina guretzat musikaren parte da hori guztia.
Zein da Urretabizkaia txarangaren historia?
2017an sortu zen kontzertu bakar baterako, beste talde baten telonero izateko. Orduan sei kide bakarrik ginen. Pixkanaka, leku ezberdinetatik deitu digute eta talde irekia denez, jende gehiago sartzen joan da urte hauetan. Baldintza bakarrak haize instrumentu bat izatea eta gauza berriak frogatzeko gogoa izatea dira.
Taldekide izateko ez da maila altua izan behar, ez da instrumentua dominatu behar gure piezak interpretatu ahal izateko. Ez da trebeziarik eskatzen. Normalean piezek hainbat ezaugarri definituak izaten dituzte, baina gehienetan ez nota jakin bat jo beharra. Irekiak gaude alde horretatik, eta, beraz, ez dira inprobizazioak, baina neurri batean askeak dira eta aldakortasun bat onartzen dute.
Leku berezitan eman dituzue kontzertuak. Bilbon, Salbeko zubia izan zen horietako bat.
Deitzen digutenean muga batzuk edo iradokizun batzuk daude; gehienetan toki batean jotzeko eskatzen digute, sarri kalean. Oso lagungarria zaigu lehen entseguan lekuak bisitatzea, kontzertuetarako pieza gehienak berriak baitira, estreinaldiak, espazio jakin baterako prestatuak, edo testuinguruaren harira ideiak hartuz idatzitakoak.
Salbeko zubikoa apur bat aldrebesa izan zen: Ibonen Salbak pieza aurretiaz idatzia zegoen konposizio zen, eta ia ideala zen han jotzeko. Urbanbat jaialdikoek kasualitatez han inguruan jotzeko esan zigutenean, zubian egitea proposatu ziguten. Egun horretakoa bisita ibiltari bat izan zen: hainbat tokitan geldiuneetan jotzen genuen, Artxandan edo BECen ere jo genuen.
Talking Heads talde estatubatuarraren bertsioak ere egin zenituzten Bilbon eta Donostian emandako kontzertu batzuetan.
Izar&Star zikloak egindako eskaera bat izan zen: Munlet taldeari Devo egokitu zitzaion eta guri Talking Headsena egitea proposatu ziguten. Ziklo honetan, alde batetik, omenaldia egiten zaion taldea dago, eta, bestalde hemengo talde bat, haren musika bere erara jotzen duena, moldaketak egiten dituena. Guk, bertsioak egin baino, Talking Headsen hainbat ezaugarri hartu genituen. Kontzertuetako bideoak eredu izan genituen eta, halaber, abestien letrekin hitz jokoak egin genituen. Kontzertu horren sarrerarekin bat fanzine bat banatu genuen piezen gakoak hobeto azaltzeko.
Obra propioak jotzen dituzue, edo aurretik konposatutako piezak jotzen dituzue?
Guk sortuak izaten dira guztiak. Partitura hitza erabiltzen dugu, baina ahozko azalpenak edo jarraibide testualak dira, batzuetan grafiko txikiekin. Ez dugu pentagramarik edo horrelakorik erabiltzen, askok ez baitugu mailarik horiek irakurtzeko. Konposizioek askotan arau edo proposamen itxura izaten dute, joko baten arauen antzera.
Aurretik konposaturiko doinuen bertsioak ere jotzen ditugu tarteka. Kontzertuarekin harremanen bat duen pieza bat aukeratzen dugu. Gero, norberak doinua entzun dezakeen arren, ezin du instrumentuarekin entsegatu; hori da pieza honen araua. Eta guztiok batera ere ezin dugu entseatu; kontzertuaren egunean saiatzen gara buruz dakigun hori instrumentuan jotzen lehen aldiz.
'Partitura' horiek guztiak liburu batean bildu dituzue.
Urte hauetan sorturiko konposizioak ez ahazteko eta guretzat erabilgarria izango zen fanzine bat egin nahi genuen hasieran. Proiektua konplexuagoa egiten joan zen eta azkenean 200 orriko liburu bat izatera iritsi da. Partiturak/s du izena, eta Bilboko Popurrit argitaletxeak argitaratu du. Gure partiturez gain, Arantxa Urretabizkaiak bidali digun argitaratu gabeko olerki bat ere badakar liburuak.
Durangon Banizu-Nizukeren standean egongo da, liburudendentan eta hemen ere eskura daiteke: https://bellezainfinita.com/es/inicio/193-partituraks-9788494690051.html