Kilometro guztiak salduta pasatuko da 22. Korrika Zumaiatik, Getariatik, Zarauztik eta Oriotik. Pozik?
Gustura, bai, eragileen erantzunarekin. Ez dago dudarik Urola Kosta hasieratik bukaerara beti pertsona batek eramango duela lekukoa; gainera, zorionez, eskualdeak dituen kilometro errealak baino eragile gehiago ditugu lekukoa eramateko, eta beraz, distantzia motzagoak egin behar izan ditugu.
Korrika iritsi bezperan, gaur, festa giroko ekitaldiak izango dira han eta hemen.
Bai. Batetik, Korrika Txikiak egingo dira Zumaian eta Orion. Bestetik, helduentzako ekitaldiak eogngo dira: Zumaian DJ Bull egongo da, eta aldi berean, saiheskia eta barrikotea; Zarautzen Korrikapotea egingo da Zurekin ostalarien lokaletan, eta herriko hainbat gunetan musika saioak egongo dira –Montetxio korua, Arranoko gitarristak, Azken Portun musika jarriko du gazte batek...–; eta Orion ere Korrikapotea egingo da trikitilariekin.
Goizaldera, berriz, Korrika pasatuko da Zumaiatik Oriora. Zeuk zer lan egingo duzu?
Korrikako furgonetaren aurretik joango naiz, autoan, lasterketari bidea irekitzen. Ibilbidea betikoa da, baina Orion, esaterako, aldatu egin behar izan dugu. Lehen Errusta taberna ondotik sartzen zen herrira, eta handik zeharkatzen zuen herriko plaza; baina, orain, oinezkoentzako bakarrik da sarrera hori, eta koska handi bat dago. Arriskutsua gerta liteke, jende askoren artean lasterketa joanda, ez delako ikusten eta estropezu egiteko aukera dagoelako. Beraz, oraingoan Kalakariko aldapatik behera egingo du sarrera, moilatik jarraituko du eta Xixario erretegitik sartuko da Eusko Gudari kalera.
Eskualdeko AEKko zenbat lagun ariko zarete antolaketa lanetan momentu horietan? Ikasleek ere lagunduko dute?
Ikasleek lekukoak eramango dituzte bulegoak ditugun herrietan; hau da, Zumaian, Zarautzen eta Orion. Euskal Herrian maila guztietan euskara doan ikasteko aukera egotea da gure helburua, eta ikasleei eman behar zaie ikusgarritasuna; azken batean, beraiek euskaraz ikasi ahal izan dezaten antolatzen da Korrika. Irakasleok ez daukagu meritu handirik; meritua dutenak dira lanean ez dakit zenbat ordu egin eta euskaltegira etortzen direnak eta malabareak egin behar dituztenak umeak norbaitekin uzteko, askok zaintza sarerik eduki gabe, gainera. Zure galderari erantzunez, gu hamahiru lagun ibiliko gara, eta furgonetan beste hamar lagun etorriko dira. Gainera, furgoneta aldaketa egongo da Zumaian, eta Orion deskantsatuko dute horiek. Azkenik, nirekin autoan bizpahiru lagun etorriko dira.
Korrika pasatu aurreko azken lanak zein izaten dituzue?
Lekuko aldaketen markagailuak azken orduan jarri behar izaten dira, kartoizkoak direlako eta euria egiten badu ez dutelako balio. Herri batetik bestera nola mugituko garen, autoak non utzi, non hartu... Halako kontuak ere azkenaldera erabakitzen dira.
Kostako herrietan zer izan da egitekorik zailena?
Herri batzuetan kostatu egin da Korrikako batzordeak martxan jartzea, bai eskualdean, bai Euskal Herriko beste toki batzuetan. Konfinamendua eta pandemia pasatu eta gero, herri mugimendu edo eragile asko desmobilizatuta daude, edo orain ari dira martxan jartzen. Haize pixka bat hartzen hasi garen orduko iritsi da Korrika, eta batzuk oraindik harrapatu dituzte martxa hartzeko. Bestelakoan, buru hauste gehien ematen duena ibilbideko xehetasun txiki guztiak kontuan hartzea da, eta herrien arteko tarteetan eragileei non tokatzen zaien azaltzea. Hor ibiltzen gara argazkiak ateratzen seinaleei eta. Aste honetan bertan, guardia zibilek gelditu gaituzte horretan ari ginela.
Bai?
Bai. Furgonetan gindoazen Zumaiatik Getariara bidean, seinaleei begira eta, eragileei erreferentziak emateko, eta atzetik guardia zibilak. Gu poliki antzera gindoazen, baina asko mantsotzen genuen argazkia ateratzeko, eta Getariako herri sarrerako semaforoan gelditu ginenean etorri zitzaigun guardia zibil bat ea arazorik bagenuen galdezka. Korrikakoak ginela esan genion, eta “a, ondo joan dadila!” erantzun zigun.
Esan duzu, zorionez, kilometro kopurua baino eragile gehiagok parte hartuko duela kostako herrietan 22. Korrikan. Azken ediziotik nabaritu duzue alderik, pandemia ondoren?
Denetarik dago: beste urteetan kilometro osoa erosi dutenak eta berdin mantendu dutenak; beste urte batzuetan osoa erosi dutenak baina pandemia ondoren oraindik geldi daudenak, edo beren egoera ekonomikoa aldatu egin delako erosterik izan ez dutenak... Orokorrean, ordea, eragile kopurua ez da gutxitu. Badira, gainera, eragile berri batzuk ere.
Korrika Kulturalaren barruan ekitaldiak izan dira herrietan; hori lotuta egongo da lehen aipatu dituzun herri batzordeekin eta horien indarrarekin, ezta?
Bai. Herri bakoitzean errealitatea desberdina izaten da hainbat faktoregatik: batzuetan eragileek bakarrik egiten dituzte ekintzak, beste batzuetan udalak babesten ditu, edo udalak berak antolatzen ditu... Eskertu beharra daukagu eragile batzuek beren ekintzak eman izana Korrika Kulturalari. Izan ere, guk eragileei ez diegu eskatzen ekitaldi berriak egiteko edo asmatzeko,baizik eta beren urteko plangintzatik ekintzaren bat Korrika Kulturalaren barruan eskaintzeko. Esaterako, Getariako Gaztetxeak Bertsio Gaua sartu du Korrika Kulturalaren barruan. Guretzat nahikoa da beraien babes hori adieraztea, bestela ere nahikoa lan egiten dutelako eragile horiek.
Zer giro sumatzen duzue eragileen eta herritarren artean?
1980an hasi zen Korrika egitasmoa eta 2022an gaude; beraz, pentsa. Euskal komunitatean oso sustraitutako egitasmoa da, identitate askokoa. Herri kohesiorako edo herri bat garela identifikatzeko ahalduntzen gaituen ekintza ere bada. Korrika datorrenean, herrietan giroa pixkanaka berotzen joaten da. Aurrena arduratuko dira euskalgintzan edo batzordeetan daudenak, baina pixkanaka herritarrengana iristen da, eta kuadrillan denek hitz egingo dute Korrikaz, nondik eta noiz igarotzen den. Kuadrilla, familia eta lankide asko antolatzen dira beren kabuz autoa halako tokitan uzteko, etab. “Utziko dugu autoa Aginagan, eta korrika egingo dugu Oriotik haraino, eta gero...”, entzuten duzu. Hori ez du Korrikako antolakuntzak egiten; hori jendeak egiten du. Korrika AEKren egitasmoa da, baina bere oinarria herria da; horrek ematen dio izaera eta azpimarratzekoa da, ekimen gutxik duten ezaugarria baita.
Euskaraldiko dinamizatzailea izan zinen iaz. Osagarriak dirudite bi egitasmoek.
Planteamendu desberdinak dira, baina osagarriak dira, bai. Korrika sinbolikoki oso indartsua da: lekukoa dauka, herriz herri ibiltzen da, eskuz esku, ez da gelditzen, inposatutako mugak puskatu egiten ditu... Edonork har dezake parte, ez zaitu euskaraz egitera behartzen. Euskaraldiak, berriz, sinbolikoki ez dauka horrenbeste tresna, baina aukera ona eskaintzen die Korrikak euskaraz ikastea ahalbidetu dien horiei praktikan jartzeko eta euskal komunitatean sartzeko. Euskaraldiak egitera bultzatzen gaitu, ez da soilik txapa bat jartzea edo dirua ematea edo korrika egitea; euskarari lotu egin behar zara. Erabat uztargarriak dira bi egitasmoak, eta hor gabiltzan guztiok nahi dugu hala izan daitezen.
Esan duzu AEKren helburua doakotasuna dela. Nola ikusten duzu egoera orain urte batzuekin alderatuta? Gertuago dago, antzera, ala urrunago?
Oso zaila da orokortzea, desberdina delako Iparraldeaz, Nafarroaz edo EAEz hitz egitea. Egoera onenak EAEn daude, eta Nafarroan olatuaren antzerakoa da; oraintxe gora, oraintxe behera, ematen du baietz baina gero ez... UPNren eta orain sozialisten arabera egoten da. Neuk oso zaila ikusten dut erabateko doakotasuna lortzea. Horretarako hitzekin egin egin behar da, ekin egin behar da, eta eragile eta instituzio batzuek hitzetatik ekintzetara pasatu behar dute.