Pandemiak behartutako hutsartearen ondorengo lehen topaketa izango da uztailaren 4tik 7ra bitartean Zumaiena ikastetxean egingo dena. Bertan, Unescoko kide diren ikastetxeetako ehundik gora profesional elkartuko dira. Horren berri eman dute gaur goizean Zumaiena ikastetxeko Baso magikoan egindako agerraldian. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak egin die harrera hezkuntza munduko ordezkari hauei.
Aurten Zumaian egingo diren topaketa hauen helburu nagusia hezkuntza alorrean 2030 Agenda garatzea ahalbidetuko duten espazio, metodologia eta mekanismoak sustatzea izango dela azaldu dute, "ikuspegi lokala/globala oinarri bezala hartuta eta eskolen tokian tokiko lanetik abiatuta". "Sortutako ekimen eta ideia guztiak nazioarteko sarean partekatzea eta aliantza eta proiektu berriak sortzea" ere beste helburu nagusietako bat izango dela ere nabarmendu dute parte hartzaileek. Unesco Etxea, Estatuko Unesco eta Zumaiena ikastetxearen artean antolatuko diren jardunaldi hauetan, Espainiar estatuko 50 eskola inguruko ordezkariez gain, nazioarte mailako Unesco Eskola Elkartuen sareko ordezkariak ere izango direla gaineratu dute.
Zumaiakoa "topaketen topaketa" izango dela azpimarratu nahi izan du Luisa Marquez Espainiar estatuko Unesko Eskola Elkartuen sareko koordinatzaile nagusiak. Bere ustetan, beharrezkoa den hezkuntzaren eraldaketarako "lan eskerga" egin dela ere jakinarazi du Marquezek.
Aurtengo topaketaren ikuspegia Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren eta 2030 Agendaren ingurukoa izango dela ere jakitera eman dute: "Hemendik 2030era bitartean, ikasle guztiek garapen iraunkorra sustatzeko beharrezkoak diren ezagutza teoriko eta praktikoak eskuratzen dituztela ziurtatzea”, azaldu dute.
Jardunaldiak Euskal Herriratu
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamazazpi eskola dira Unesco sareko kide, Unesco Etxeko presidente eta Unesco Eskola Elkartuen sareko EAEko koordinatzaile Nieves Fernandezek azaldu zuenez. Kopuru hori pandemia garaitik bikoiztu egin dela gaineratu zuen, eta hezkuntzak eraldaketa baten beharra duela ere nabarmendu zuen.
Topaketak Zumaian egingo direla jakitun, euskal kulturari ere tarte berezia egingo dietala adierazi zuen Isaak Aranberrik: "Bertako hizkuntza eta kultura ezagutzeko aukera izango dute partaide guztiek". Antolaketa lanetan Espainiako Unesco ari bada ere, jardunaldiak Euskal Herriratu nahi izan dituzte, eta, hala, Ipar Euskal Herriko ikastetxeak ere gonbidatu dituzte jardunaldietara, nahiz eta hiru lurralde hauetako eskolarik ez dagoen une honetan Unescoren sarean.